Igor Olalde: "Nire aurreikuspen onenetan ere ez zen sartzen laugarren amaitzea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 9a, 17:42

Igor Olalde korrikalari aretxabaletarra, gaur, Hiru Haundiak lasterketa bukatu ostean.

Igor Olalde korrikalari aretxabaletarrak laugarren postuan (12:02:56) amaitu du 101 kilometro eta 10.125 metroko desnibela dituen Hiru Haundiak lasterketa gizonezkoetan; debagoiendar azkarrena izan da. Emakumezkoetan, berriz, Nerea Otxoa arrasatearra izan da lehen debagoiendarra, Araian zortzigarren helmugaratu ostean (16:36:31).

Hasteko eta behin, zorionak!

Eskerrik asko! Askoz gehiago ezin nuen egin…

Zer moduz ikusi duzu zure burua?

Bigarren urtea da egiten dudana eta aurtengoa iazkoa baino gutxiago prestatu dut. Hala ere, arriskatzeko erabakia hartu du hasieratik eta uste dut ondo irten zaidala. Landara arte bigarrenarekin eta hirugarrenarekin joaten saiatu naiz eta hortik aurrera igarri da puntu bat indartsuago zeudela. Ez da podiumik irten baina oso pozik nago, ezin da gehiago eskatu. Familia helmugan nuen zain eta hori ikaragarria da. Aurreikuspen onenetan ere ez zen sartzen laugarren amaitzea...

Prestaketetan pandemiak eragin zuzena izan du?

Ez nuen garbi parte hartuko nuen edo ez eta hilabete baten faltan Aikeko adituekin egon nintzen eta haiek proposatutako entrenamenduak bete ditut; ondo irten da apustua. Denbora gutxian oso lan ona egin dut.

Zein izan da lasterketako unerik gogorrena?

Eolikoetan sufritu da gehien. Urrutitik ikusita badirudi eolikoen tartea lau dela baina ez da horrela. Oso gogorra egiten da, monotonoa; esan ohi da eolikoen tartea gainditzen duena helmugara iristen dela, eta bat nator erabat baieztapen horrekin.

Ohituta zaude gauez korrika egitera?

Bai. Badakit zer den astegun baten goizeko bostetan korrika ibiltzea. Ohituta nago frontalarekin korrika egitera. Hala ere, gaurko proban izan dut arazoren bat... Izan ere, pila barik geratu naiz gau erdian eta bi kilometro egin behar izan dut argi xelebre batekin. Eskerrak Kurtzetan beste frontal eman didaten...

Igor Olalde senitarteko eta lagunekin, proba bukatu ostean.

Lorpena norbaiti eskaini nahi diozu?

Familiari zor diot dena, haiek barik hau guztia ez litzakeelako posible izango. Gaur bertan sekulako laguntza igarri dut etxekoen partetik eta, horrez gain, lasterketan zehar ondoan izan ditudanen laguntza ere klabea izan da. Ibilbideko puntu jakin batzuetan lagun bat itxoiten egongo dela jakitea oso inportantea da buruarentzat; gelak emateaz gain, lagun horrekin egoteak indarberritu egiten zaitu.

Halako proba baterako kasta berezi bat behar da, edo?

Helmugaratzen den lehenetik hasita azken sailkatura arte meritua itzela da. 100 kilometroak egin arte ez dakizu zer den hau. Gorabehera asko dituen lasterketa bat da, eta ez nabil erliebeaz bakarrik. Psikologikoki ere oso-oso gogorra da. 

Ezer gaineratu nahi duzu?

Jende onaz inguratzen zarenean, emaitza onak irteten direla.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak