Eskualdeko dantzazaleek "asko estimatzen" dituzte herrietako aretoetara ekartzen dituzten ikuskizunak, ez da-eta beti au- kera handirik egoten. Antzokietara joateko ohitura duten askori, baina, dantza emanaldiak "publiko ausartarentzako edo adituentzako" diren ustetan, ez die antzerkiak besteko irrikarik pizten. "Badago beldur moduko bat publikoaren aldetik, bai. Europako beste herrialde batzuekin alderatuz, alde handia dago. Arte lengoaia ezberdinak sustatzen dira nazioartean herrialde askotan, orokorrean, eta hemen, berriz, erakundeetatik ez da askorik lagundu eta bultzatu urte askoan. Gaztea zarenean lehenengo ardoa edo garagardoa probatzen duzuneko garaiarekin konparatzea gustatzen zait dantzarekiko zaletasuna; izan ere, sarritan, lehenengo ardo edo garagardo hori ez da askorentzako gustuko izaten, baina, probatzen jarraitzen du- gunean, gehienetan, iritzi hori aldatu egiten da; hortaz, bizpahiru dantza garaikide ikuskizunetara joateko proposatuko nioke jendeari", dio domekan Arrasaten izango den Proyecto Larrua konpainiako banatzaile Usue Arantzabal bergararrak.
Liderra eta besteak
Lau dantzari –Jordi Vilaseca, Aritz Lopez, Helena Wilhelmsson eta Ingrid Magriña– eta Begoña Martin aktorea daude taularen gainean. "Egungo gizarte piramidalen aurkako garrasi eszenikoa da, eta aktorea da liderra. Askatasunari egiten dio istorioak erreferentzia. Helmuga bat dago, eta ondoen prestatuak daudenak bakarrik helduko dira hara. Gaur egungo gizarteari kritika bat egiten dio Otsoa-k".
Begietatik sartzen den ikuskizuna da, musikak eta hitzek protagonismoa duten arren. "Esango nuke testuak asko laguntzen duela ikuskizuna ulertzen eta barneratzen. Gazteleraz da, baina ez dugu alboratzen aurrerantzean euskarazko bertsioa prestatzea".
Max-etan bost hautagaitza
Konpainiak egin duen ekoizpenik handiena da, eta "pozik besteko harrituta" daude Proyecto Larruakoak, asteon SGAEk Bilbon banatu dituen arte eszenikoen Max sarietarako bost hautagaitza izan dituztelako Otsoa ikuskizunarekin. "Saririk ez jaso arren, sekulako poza da, izendapen garrantzitsuak direlako: emakumezko aktore onenarena, koreografo onenarena, emakumezko dantzari onenarena, musika konposizio onenarena eta dantza ikuskizun onenarena. Hautagaitzak, guretako, sariak dira, egindako lan handiaren emaitza".
2016an sortua
Jordi Vilaseca katalanak eta Aritz Lopez gasteiztarrak abiatu zuten Gasteizen egoitza duen konpainia. "Koreografikoki eta dramatikoki fisikotasuna eta emozioa uztartzen duen proiektu bat da; batez ere, garaikidea kutsu pertsonal batera moldatzen saiatzen dira. Euskal Herrian emanaldi asko egin dituzte, areto barruko hiru lan eta kalean zein espazio ezberdin eta bitxietan eskaintzeko beste hainbat ikuskizun dituzte. Espainiako jaialdi askotan izan dira eta nazioartean ere ibilitakoak dira; Costa Rican, Frantzian eta Kanadan adibidez. Poliki-poliki euren bidea egiten ari dira".
Urriaren 23an, guztientzat
Donibane Lohizuneko Pantxika Telleria koreografoak sortutako O! izeneko lana 3 urtetik gorako guztiendako prestatutakoa da. "Mugimenduaren eta mugimenduak argiarekin duen loturaren bidez harridura txundigarria" eragiten duena. Arrasate.eus-en daude sarrerak eskuragarri.