Arrasateko Udal Gobernuak adierazi duenez, "hizkuntza aniztasun zabala" duen herria da Arrasate, eta euskara "guztien arteko zubi" izatea gura du: "Euskal Herria anitza da. Kultura, jatorri eta hizkuntza ezberdinetako herritarrak biltzen dituen gizartea da gurea. Hizkuntza aniztasun hau aitortu, herritarron arteko harremanak sustatu eta kohesiorako eta komunikaziorako hizkuntza gisa euskara erdigunean jartzen du Auzokok".
Egitasmo honi esker, euskarara hurbildu nahi dutenek aukera dute euskarazko oinarrizko hitz eta esaldi motzak lantzeko, euskarazko harreman berriak egiteko, herriko kultura eta ohiturak ezagutzeko, eta beraien hizkuntza eta kultura eta ohiturak partekatzeko.
Hori dela eta, euskal hiztunei dei egin diete egitasmora batzeko. "Euskaraz bizi bazara, euskarara hurbildu nahi dutenen bidelagun izan zaitezke, euskaraz aritzeko uneak eta euskarazko sare bat eskainiz. Gainera, herritarren beste hizkuntzak zuzenean ezagutzeko aukera ere izango duzu".
Astean behin elkartzen dira
Auzoko programan parte hartzen duten auzokide eta auzotarrak astean behin elkartzen dira, eta euskaraz aritzeko askotariko dinamikak jorratzen dituzte, "bizipenak partekatuz eta bide batez, euskarara gerturatuz". Asteroko hitzorduez gain, bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte, hala nola, txangoak, bisita gidatuak, irteera gastronomikoak eta abar, eta Arrasaten izaten diren ekitaldietan ere hartzen dute parte.