Tokiko raparen harrobiak hartuko du kalea bihar

Hasier Larrea 2021ko urr. 1a, 06:00
Mutiko aramaioarra eta Tatta arrasatearra, biharko bi protagonista.

'Tatta', 'Mutiko' eta 'Denso' sortzaileen gerizpean, inguruko beste lau rap kantarik jendaurreko emanaldia egingo dute Monterronen zapatuan, 17:30etan hasita, Bartzelonako eta Vigoko artista gonbidatuekin batera; 'Gipuzkoan Gazte Tour' dinamikaren lehen atala izango da.

Gero eta indartsuago jotzen dute, besteak beste, hip-hop eta rap doinuek, eta instituzioak ere jabetu dira horretaz. Foru Aldundiak urteak daramatza, Gipuzkoako udalerriekin elkarlanean, gaztetxoei begirako egitarau kulturalak antolatzen, Gaztemania izenpean lehen, eta Gipuzkoan Gazte Tour izenarekin orain. Aurtengo aldirako, bogan dauden estilo urbanoen aldeko apustua egin dute; Arrasateko saiorako aukeratutako sortzaileak nortzuk diren ikusi besterik ez dago.

Hard GZ, Anier eta Shaolin Monkey, Bartzelonan mugitzen diren sortzaileak, agertzen dira letra larriz iragarrita; ohituta daude kantuetan kolaborazioak egitera, jende gehiagorengana iristen baitira horrela. Biran ere eskutik joatea erabaki dute. Hala, musika urbanoaren panoraman sona handia lortzen ari diren hiru artista emankor, nor bere ezaugarriekin, igoko dira eszenatokira.

Anier eta Hard GZ (elzocco.com).

Bailarako uzta ikusgai

Baina ez dira bakarrak izango, kanpokoak ez ezik, etxekoak ere gonbidatuta daudelako kontzertuan parte hartzera. Suprim' Records zigiluaren babespean produzitzen dituzte kantuak Martin Errastik, Hodei Vicariok eta Jon Izagak, raparen munduan Tatta, Denso eta Mutiko ezizenez ezagunagoak badira ere. Arrasatearrak dira lehen biak; Vicario arduratzen da musikaren produkzioaz, eta Errasti letrak egin eta interpretatzeaz. Izaga aramaioarra, berdin. Beretzat publiko aurrean eskainiko duen lehen emanaldia izango da, eta dio "berezia" iruditzen zaiola plazan batuko diren ezagunei abestea: "Pandemia hasieran argitaratu nuen lehen abestia, eta jendeak ondo erantzun zuen".

Iritzi berekoak dira Tatta eta Denso, nahiz eta horiek badakiten zer den oholtza batera igotzea. Hemen inguruan gaztetxeetan eta aretoetan jo dute bereziki; horrenbestez, halako plaza batean proiekzio handiko musikariekin aritzea "plazera" izango dela aipatu dute. Tatta-k loreak bota dizkio Denso-ri, gainera: "Guk burura datorkiguna jartzen dugu paperean, baina bera da musikaren inguruan ezagutza handien daukana; ni edozein baserekin joan naiteke beragana, eta berak txukundu egiten du, efektuak sartuta".

Denso, berriz, eroso sentitzen da bere egitekoarekin: "Musika egitetik bizitzea gustatuko litzaidake, eta ari naiz nire bidea urratzen, pixkanaka, kanpoko artistentzat produzituz, besteak beste".

Zapatuko aukera euren inguruko artistek ere kanta dezaten baliatu nahi izan dute. Hala, Tatta-ren alboan Unai Sierra, Oihan Uribarren Fane, Mikel Egia Epso eta Markel Bengoa Pxli egongo dira zenbait momentutan: "Ordu erdian konposizio propioak dituzten lagun ugari igoko dira gurekin batera, emanaldi bizi-bizia egiteko". Bailarakoen ostean izango da Shaolin Monkey, Anier eta Hard GZ-ren txanda, hurrenez hurren.

Monterronen izango da

Gazte Bulegoan eta gazte txokoetan jarri dituzte doako sarrerak asteon eskuragai. Hasieran Herriko Plazan egin behar zuten kontzertua, baina sarrera guztiak berehala agortu zirela-eta, Monterron parkera lekualdatzea erabaki dute: "Sarrera gabe geldituko direnak etor daitezen". Emanaldia 21:15ean amaituko da, eta, euria eginez gero, Amaia antzokira lekualdatuko dute ekitaldia.

Maria Ubarretxena alkateak azaldu du halako apustuen helburua "12 eta 25 urte bitarteko gazteentzat aisialdi aktibo eta parte-hartzaile segurua" sustatzea dela. Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren hurrengo geltokia Zumarraga izango da, hilaren 16an.

HITZALDI MUSIKATUA LA BASUREKIN

Egun berean, 16:00etan, Etxebarriko abeslariak tailerra eskainiko du Pablo Uranga kaleko gaztegunean. Euskarazko musika urbanoaren sortzaile aitzindarietako bat da La Basu, eta dio gazteek "asko" pentsatu behar dutela rapa euskaraz egiteko orduan.

Ordubete inguruko jardunaldia raparen eta hip-hoparen gaineko apunte batzuk emanaz hasiko du, "bi generoak desberdintzerakoan desinformazio handia" dagoela iritzita. Ostean, inprobisatu egingo dute, "trikimailu batzuk" erakustearekin bat. Gazte txokoetan, Gazte Bulegoan edo arrasate.eus webgunean erreserba daiteke tokia, doan.

Gainera, Monterrongo kontzertua irekiko du. Emanaldiaz galdetuta, "gaur egun oraindik Anier moduko emakume indartsu bat oholtzan ikustea arraroa" dela nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak