Aitor Etxarte Berezibar omenduko dute zapatuan, ibilaldi gidatu batekin

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 30a, 14:43

Aitor Etxarte Berezibar, umetan, gaztetan eta helduaroan.

Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eskutik, berezibartarren jatorriari eta 1936ko gerra aurreko Arrasateri buruzko ibilaldi gidatua egingo dute zapatuan, 11:30ean, Arizmendiarrieta plazako monolitotik abiatuta, eta Plus Ultra tabernan bukatuko dute.

Berezibartarrak Errekalde etxean bizi izan ziren. "Villa Amparoko ur-parkea dagoen lekuan, Maalako biribilgune alboan, zegoen etxe hura", azaldu du Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide eta bisitako gidari izango den Juan Ramon Garaik. "Ibilaldia monolitoan abiatuko dugu eta errekaldetarrek monolitoarekin duten lotura aztertu. Gero Olarte kalerantz joango gara. Izan ere, kale horretako atarte batean bizi izan ziren senide batzuk, eta horietako bi erail egin zituzten. Ostean, Biteri eskolara joango gara. Hor egin zituzten ikasketak hainbat berezibartarrek. Hortik Union Cerrajerara egingo dugu eta ondoren, Arrabal, Errekalde etxea, Okendo-Herriko etxea eta, azkenik, Plus Ultra taberna", gaineratu du. "Berezibartarrak gizartea aldatzeko borrokaren parte izan ziren 1934ko urriko iraultzan, eta batzuek Bigarren Errepublikaren alde bizia eman zuten bitartean, beste asko erbestera ihesi joan ziren".

Arrasaterekiko "lotura estua"

Iazko abenduan hil zen Aitor Etxarte Berezibar izango dute gogoan biharko ibilaldian. Euskal kulturaren, euskararen, hezkuntzaren eta herrigintzaren alde lan eskerga egin zuen iruindarraren ama, Pilar Berezibar, arrasatearra zen, eta hari esker mantendu zuen familiak Iruñearen eta Arrasateren arteko lotura. Hori baliatu gura dute senideek berezibartarren jatorrian sakontzeko. "Aitor hil zenean indarrean zeuden neurri murriztaileen ondorioz, Nafarroa Garaitik inor ezin izan zen etorri bera agurtzera eta ziklo hori ixteko zerbait egitea gura genuen, omenaldi modura. Bide batez, Aitorren amaren familia eta jatorria ezagutzeko aukera baliatu gura genuen. Beraz, Intxorta 1937 Kultur Elkarteari eskatu genion ibilaldi hau egitea eta oso eskuzabal hartu gaituzte", adierazi du Hedoi Etxartek, Aitorren semeak.

Gaineratu du Pilarrek "lotura estua" mantendu izan zuela bere jaioterriarekin eta senideekin, "eta horren adierazgarri da bere bi semeak erditzera Arrasatera itzuli izana, nebaren etxera". Hala, Arrasateko Santa Marina auzoan jaio zen Aitor, 1956an. Hedoik nabarmendu duenez, Arrasatek "izugarrizko presentzia" zuen haren amona Pilarren egunerokoan, "bereziki gerra aurreko Arrasatek", eta Aitorrek berak ere ondo zekien bere sustraiak Arrasaten zituela.

Plus Ultra, berezibartarren taberna

1927an, Plus Ultra taberna ireki zuen Amadeo Berezibarrek, Pilarren osabak. "Bartzelonan ihes eginda zegoela, bonba batek jo eta hil egin zen", dio Garaik. "Taberna zabaldu zutenean, hegazkin hori izan zen Amerikara joan zen lehena eta fama handia hartu zuen garai hartan. Hori dela eta jarri zioten izen hori tabernari", gaineratu du.

Horregatik, hain zuzen, Plus Ultra tabernan emango diote amaiera biharko ibilbideari. Gaur egun ere zabalik dago, nahiz eta dagoeneko beste batzuen esku egon. "Hori bai, Plus Ultra hegazkina dagoeneko ez dago, garai batean zintzilik zegoena", azaldu du Garaik.

Bukaeran, errezitaldia

Ibilaldiaren amaieran, hilerrian, bi olerki errezitatuko ditu Hedoi Etxartek. Gaur bertan publikatuko du Sortaldekoak poema liburuaren aurrerapen bat sarean, gero urriaren 15ean argitaratuko duenaren amu moduan. "Liburu horretan badira gure Arrasateko sendiari erreferentzia zuzenak. Funtsean, bi olerki daude horren ingurukoak: Dragoiak eta Plus Ultra. Errekaldetarren 1936ko gerrako parte-hartzearen eta errepresioaren errepaso bat egiten dut", dio idazleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak