Xafla estanpatzeko, prozesatzeko eta ebakitzeko sistemetan, fabrikazio adimendurako teknologien garapena bultzatzea da Fagor Arrasatek eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak berritu duten lankidetza hitzarmenaren helburu nagusia. Atzo irudikatu zuten bi aldeek hitzarmenaren sinadura, Mondragon Unibertsitatearen laborategiak eta instalazioak bisitatuz.
''Gure ikertzaileek ikertzen dutena mundu errealera eramateko aukera ematen digu akordio honek'', adierazi zuen Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak; Unai Lopez Fagor Arrasateko gerenteak, aldiz, teknologian eta lehiakortasunean jarri nahi izan zuen azpimarra: ''Gure produktuak gero eta teknologikoagoak izango dira, eta, batez ere, mundu mailan lehiakorrak izaten jarraituko dute''. Izan ere, mundu akademikoaren eta enpresa munduaren arteko ezagutzaren transferentzian kokatzen da, Garciaren hitzetan, lankidetza honen ''arrakastaren'' gakoa.
Hamar urteko emaria
Enpresa eta erakunde akademikoak ereindako hainbat hazi loratu dira hamarkada honetan zehar; besteak beste, 50 ikerketa-proiektutik gora, 4 doktorego tesi, garapen bidean dauden beste 4 tesi, edota nazioarteko kongresuetan eta zientzia-aldizkarietako txostenetan argitaratu diren 20 artikulutik gora.
Akordioak euskararen erabilera bultzatzeko bi aldeen konpromisoa ere jasotzen du, bai proiektuak garatzeko giza baliabideetan ezagutzaren bermea sustatuz, eta baita tesi eta karrera amaierako proiektuetan erabilera bultzatuz.