Pagagnini obraren bigarren zatia ondu du Madrilgo Yllana antzerki konpainia ezagunak Maestrissimo antzezlanarekin, bere ohiko zigiluari muzin egin gabe. Antzerki mutua egiten espezialistak dira bertako sortzaileak, beraz, bihar Amaia antzokira gerturatzen direnek ez dute behin ere protagonistengandik hitzik jasoko. Bai, ordea, hiru biolinez eta biolontxelo bakarraz osatutako konposizio alaiak.
Eduardo Ortega, Jorge Fournadjiev eta Isaac M. Pulet interpreteen laguntzarekin, Jorge Guillen Strad izango da biolin-jole printzipala; Ara Malikianek gidatzen zuen Pagagnini obran parte hartu zuen zenbait saiotan, eta orain berari egokitu zaio tonu altuenak interpretatzea. Baina ez hori bakarrik: "Ez dugu hitzik egiten, eta eskuekin ere ezin dugu keinurik egin, musika-tresnekin baikaude une-oro. Beraz, aurpegiak eta instrumentuen sokak dira gure komunikabideak", dio Guillenek.
Musikariak onartu du lau protagonistei "konplikatua" egin zaiela euren ohiko eginkizunari aktorearen papera eranstea. Hala ere, entseguetan eta emanaldietan "asko" disfrutatu dutela azpimarratu du: "Izan ere, istorio zinez dibertigarri bat kontatzen dugu; XVII eta XVIII. mendeko hiru musikari gara, eta gorteko erregeari konposatu berri dugun pieza erakutsi behar diogu, jakinda gustatzen ez bazaio burua moztuko digula".
Ukitu moderno eta klasikoak
Konposaketa horrek garai hartako eta gaur egungo musika estiloetatik edaten du, laukoteak denboran bidaiatzeko gaitasuna izan duelako. Hain justu hor dago Pagagnini obraren eragina: "Antzezlan hori gaur egungo garaietan kokatuta dago, ondorioz, rocka, bluesa eta jazza uztartzen dute musikari horiek. Protagonista berberak dira 300 urte atzera egiten dutenak, eta hain zuzen hortxe dago musikari ero hauen grazia".
Gauzak horrela, garai barroko eta neoklasikoko pieza originalen eta musikariek eurek sortutako konposaketen nahasketa bat aurkeztuko diote erregeari. Strad-en esanetan, iraganeko doinuak allegro e molto vivace estilokoak dira: "Orduan italiera zen musika klasikoan nagusitzen zen hizkuntza, eta etiketak musika bakoitzak transmititzen zuen energiaren arabera jartzen zituzten; kasu honetan, termino horren laburpena musika alaia izango litzateke.
Jauregiko erregea konbentzitzeko bidean, gainera, oztopo ugarirekin egingo du topo harizko laukoteak, ikuslea barrez lehertzeko xedez.
Strad'-ek ezagutzen du Amaia
Bere proiektu pertsonalarekin etorri zen Arrasatera Jorge Guillen biolin-jolea, Ibai-artek gonbidatuta, iazko otsailean. Musikariak "oroitzapen paregabeak" gordetzen ditu orduan emandako ikuskizun hartatik: "Bi aldeok ahalegin berezia egin genuen".