Kulturateko areto nagusian izango da gaurko antzezlana, 19:00etan. Esther Lizarralde Emakume Txokoko teknikariak azaldu duenez, emakumezko artistei taularatzea errazteko eta aukera bat eskaintzeko saiakera egiten dute urtero. "Gainera, lanaren beraren edukia oso interesgarria iruditu zitzaigun eta, euskaraz izanik, egitaraua horrekin abiatzea erabaki genuen", gaineratu du. "Gorputz disidenteen inguruko hausnarketa interesgarria egiten du antzezlanak eta bat dator Emakume Txokotik lantzen ditugun gaiekin. Izan ere, ekintza hauen bidez saiatzen gara sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiten berdintasunaren arloan".
Maite Aizpurua aktoreak, herrena izanik, azaldu du antzezlana "ikerketa biografiko" bat dela. "Funtsean, aktorearen eta korrika egiteko makina baten artean sortzen den promes bat da. Makinan norbaitek egingo du korrika, gorputz atletiko edo funtzionala izateko desirarekin. Hori da abiapuntua, hausnartzeko ea aktore herrena nola erlazionatzen den makinarekin".
Gorputzaren "ikuspegi feminista eta antikapatizista" egiten du lanak. "Zalantzan jartzen du mundua banatzea gaituen eta ezgaituen artean. Beraz, hausnarketa bat da zenbat argi-ilun egon daitezkeen gizarteak gaitu bezala sailkatzen dituen gorputzen inguruan. Esan moduan, hausnarketa biografikoa da, umoretik egindakoa", dio.
Talde guztiak osatuta daude
Bestalde, 120 emakume inguruk hartuko dute parte tailer eta ikastaroetan. Azken horietan, gainera, talde guztiak osatu ahal izan dituzte. "Ari gara ohiko erritmoa berreskuratzen, eta ikusten da jendea gogotsu dagoela". Dena den, urrian eta azaroan egingo dituzten saio batzuetan oraindik lekua dagoela gogorarazi du Lizarraldek. Honako hauek dira: Mendian ere gure buruaren jabe, Poesia xuxurlatu, Eztabaida feministak, Bizipen gineko-obstretikoak eta Emakume migratuendako topagunea. Ohiko bideak erabiliz eman daiteke izena; hau da, 943 79 41 39 telefonora deituta, emakumetxokoa@arrasate.eus helbidera idatzita edo Emakume Txokoan bertan.
Hitanoaren erabileraren inguruko ikastaroa, esaterako, lehenengoz egingo dute, eta hamabost emakumek hartuko dute parte. "Gogoz eta motibatuta antzeman dut jendea hitanoa ikasi eta praktikan jartzeko. Izan ere, erabileraren inguruan hausnarketa egin eta hori sustatzea da helburua".