Kirol jarduera batzuetan lanketa handia egin behar da gazteak erakartzeko, eta pilota da kirol horietako bat. Gipuzkoako herri txikiago batzuetan gazteen parte-hartze kopuruak Arrasatekoak baino askoz ere esanguratsuagoak izaten dira; izan ere, herri handietan eskaintza ere zabalagoa izaten da. Kirol instalazioena izaten da kirol bat edo bestea aukeratzeko beste motiboetako bat, baina Arrasaten hori ez da arazoa, Uarkapek aukera aparta eskaintzen du-eta pilotan egiteko.
Badira hiruzpalau urte Ordu Guztietan izeneko enpresa arduratzen dela harrobia kudeatzeaz: "Orain, 30 gazte inguru izango ditugu, eta beste herri batzuekin alderatuta ez da kopuru altua, baina egoera hobetzen joateko dihardugu lanean. Urrian bost pilotari errendimenduan hasiko dira, eta horrek ilusioa pizten du gazteengan", dio Javi Gelbentzuk: "Izan ere, pilota bakarkako kirola da, eta taldeko kiroletan errazago egiten da aurrera".
Javi Gelbentzu: "Emakumezkoendako, egun, pilota ez da erakargarria"
Ordu Guztietan kirol zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa da, eta 2012an sortu zuten, Gipuzkoan euskal pilotak duen egoera eta beharrei erantzuteko. Bertako kide Javi Gelbentzurekin (Lazkao, 52 urte) izan da GOIENA, pilotaz eta Arrasateko klubaz berba egiteko.
Zenbat urte daramatzazue Arrasaten lanean?
Esango nuke laugarren denboraldia hasiko dugula. Arrasateko zuzendaritzatik etorri zitzaizkigun harrobia lantzeko laguntza behar zutela esanez, eta horretan hasi ginen buru-belarri.
Zein da Arrasateko pilotaren egoera?
Bistan da 30 gazte izatea kopuru txikia dela Arrasatekoa moduko herri batendako. Lazkaon sei mila lagun bizi gara, eta maila txikietan 100 gazte baino gehiago ditugu, baita neskak ere. Arrasaten ez dugu halakorik. Baina Arrasaten klub mordoa dago eta eskaintza zabala da. Pentsa, etxeko baten bitartez jakin dut Arrasaten boleibola ere egin daitekeela. Boleibola! Herri txikietan ez dago halakorik. Bestalde, kluben inguruan geroago eta jende gutxiago ibiltzen da, garai baten boluntario mordoa izaten ziren, baina gaur egun...
Lazkao, baina, erreferente da pilota mailan.
Bai, eta, hala ere, hemen ere kosta egiten da pilotariek aurrera egitea. Hor, kadete mailan borrokan ibiltzen gara. Pentsa, aurten, zortzi pilotari genituen eta zazpi futbolera joan dira. Baina hori dute talde kirolek, gazteendako erakargarriagoak direla. Pilota oso kirol jarduera gogorra da, eta bakarkakoa, gainera. Zaletasun handia behar da aurrera egiteko. Partiduetara etxekoek eramaten zaituzte, ez duzu lagunik ondoan... Eta askotan, gero, autoan partidu txarra egin duzula entzuteko [Barre]. Taldekako kirolek hori dute, taldearen babesa.
Neskak erakartzea ere baduzue helburu.
Baina hor plan integral baten hutsunea sumatzen dut, Jaurlaritzatik edo Diputaziotik bideratu beharko litzatekeena. Goitik beherakoak izan behar du; bestela, ez dago-eta askorik egiterik. Gaur egun, pilota ez da emakumezkoendako erakargarria, nahiz eta badauden pilotari batzuk. Lan handia dago hor egiteko.
Kirol instalazioen arazorik baduzue?
Hori Arrasaten, behintzat, ez da aitzakia, Uarkape frontoi zoragarria da! Nahiko nuke Lazkaon halako pilotaleku bat izan.