Bigarren Hauspo Eguna ere, bikaina

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021ko ira. 12a, 12:57

Arrasateko Trikitixa Eskolak eta Ibai Arte merkatarien elkarteak antolatuta, bigarren Hauspo Eguna egin dute asteburuan herrian. Trikitixa eskolako gaztetxo eta helduek zein Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako trikitilari ezagunek hartu dute parte barikuan eta zapatuan egindako emanaldi eta kalejiretan. 

Barikuan, esaterako, Maddi eta Izaro Iñurrategi eta Mirari Plazaola aritu ziren, Maixa Lizarribar berarekin batera, San Andres auzoko Hiruki plazan.

"Daukagun egoera hau ikusita, oso aukera gutxi daude kalera ateratzeko; ikasleek bezala, kartelean agertzen diren gainerako taldeek ere ez dute aukera asko, erromeriak debekatuta daude-eta oraindik: tabernara joan gaitezke, futbol partidura ere bai, baina erromeria bat ezin dugu egin, eserita egon beharra daukagu. Denentzako da aukera polita, eta aikasleei ere eman nahi izan diegu beste aukera bat, ez delako gauza bera kalean jotzen ibiltzea edo oholtzara igotzea; hori ere probatu behar zuten, euren lehenengo aldia izan da", zioen Trikitixa Eskolako irakasle Maixa Lizarribarrek.

"Lehenengo aldia izatera, akats batzuk egon dira, normala den moduan, baina ondo", zioen San Andreseko emanaldiari buruz Maddi Iñurrategik; "Gustatzen zaigu ikustea jendeak nola gozatzen duen gure musikarekin", berriz, aurrekoaren ahizpa Izarok.

San Andreseko emanaldiaren ostean, Iosu Arrizabalaga Izer eta Eneko Dorronsoro aritu ziren Portaloian, inguruko mahaiak goraino bete zituen publikoaren aurrean.

Zapatuko emanaldiak ere primeran joan zirela zioen Maixa Lizarribarrek, eta oso pozik daudela bigarren Hauspo Egunak izandako harrerarekin. Agian beste era batera trikiti doinuetara hurbilduko ez litzatekeen hainbat jenderengana iristea lortu dutela zioen, kalean, jendea egon ohi den tokietan emanaldiak eginda.

Txikitxu Arrostaitzeko dantzarien eta Txatxilipurdiren parte-hartzea ere eskertu du, eta baita Ibai Artek antolaketan egindako lana ere: "Blues jaialdia antolatzen dute eurek, eta badakite ze harrera ona egiten duen herriak, eta ikusten zuten bazegoela aukera halako harrera jasotzeko trikitiarekin ere. Beraiek izan dira hor zirikatzen eduki ditugunak".

Hauspo Egunaren hirugarren edizio baterako asmoa ere iragarri du, honenbestez, Maixa Lizarribarrek.

Erlazionatuak

Iker Irribarria, panderojole

Julen Iriondo M. de Zuazo 2021 ira 11 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak