Ibai-arteren hauspoa, trikitilarien mesederako

Hasier Larrea 2021ko ira. 10a, 06:00

'Izer' eta Eneko Dorronsorok girotuko dute gaur Portaloia.

Merkemerkaua kalera irtengo den asteburu honi ukitu alai eta herrikoia emango diote Arrasate Trikitixa Eskolak eta merkatari elkarteak Hauspo Egunarekin; bertako trikitilari gazteak eta inguruko musikari beteranoak izango dira protagonistak.

Bigarren aldia izango du aurten Hauspo Egunak, eta hori, normalean, estreinakoa ondo joan zen seinale izaten da. Horixe bera baieztatu du Maixa Lizarribarrek, Arrasate Trikitixa Eskolako irakasleak. 2020ko urri hasieran egindako ekitaldiak "harrera mundiala" izan zuela nabarmendu du altzotarrak.

Gainera, Eskola Kalera ekitaldia bertan behera gelditu izana arintzeko balio izan zien iazko Hauspo Egunak, eta beste horrenbesteko balioa emango diote aurten ere: "Tamalez, ezin izango dugu gure ekitaldi propioa aurrera atera, baina Ibai-arterekin batera egindako egitarau honek eskainiko die ikasleei plazara irteteko aukera".

Bost emanaldi, bariku eta zapatuan

Trikitixa Eskolako hiru ikaslek joko dute gaur irekiera kontzertua, arratsaldeko seiterdietan, San Andresko Hiruki plazako oholtzan. Bertan, Maddi eta Izaro Iñurrategi ahizpak Mirari Plazaolarekin batera arituko dira. Plazaola Zarauzko trikiti txapelketa hirugarren aldiz irabaztetik dator, baina kontzertuak jotzera oraindik ohituta ez daudela onartu du. 40 minutu inguruz "abesti dantzagarriak –tartean, kantu mexikarrak–" joko dituztela aurreratu du pandero-jole eta trikitilariak.

Hura amaitzeaz bat hasiko da Portaloian antolatutako emanaldia, 20:00etan. Bertan, ekaineko Pandero Jaialdian parte hartu zuten Iosu Arrizabalaga Izer eta Eneko Dorronsoro arituko dira. Ohituta daude biak batera zein nor bere aldetik ikuskizunak ematera, bata pandero eta trikiti giroan eta bestea Los Zopilotes Txirriaos eta Unidad Alavesa musika taldeekin.

Zapatuan ere doinu alaiek hartuko dute Arrasateko erdigunea. Eskusoinuarekin maisu izandako Pepito Iantzi lesakarrari omenaldia egingo diote Iñaki Dieguezek eta Xabier Leturiak, 12:30ean, Jokin Zaitegi plazan. Izan ere, plazan zein txapelketetan sarri interpretatutako pieza ugari konposatu zituen Iantzik, eta haren zenbait abesti eroango dituzte plazara.

Ikuskizun horri erromeria ukitua emango diote Arrasateko Txikitxu Arrostaitz dantza taldekoek. Maite Bilbao dantzariak aurreratu du "10 dantzari inguru" egongo direla nagusiki fandango eta arin-arin erritmoak interpretatzen.

Trikitixa Eskolako kideek kalejira egingo dute zapatu arratsaldean. Zehazki, 17:00etan irtengo dira Biteritik, eta, behin Herriko Plazara iritsita, hainbat pieza eskainiko dituzte irakasleek eta ikasleek. Bien bitartean, haurrek Txatxilipurdik antolatutako tailerrez gozatzeko aukera izango dute toki berean.

Herriko Plaza izango da, baita ere, bosgarren ikuskizuneko agertokia. Egun berean, 19:00etan hasita, Iñaki Plaza eta Koldo Uriarte musikariek elkarren artean landutako errepertorioaren berri emango dute.

Horrez gain, Lizarribarrek aurreratu du kontzertuetan informazio mahaiak ere jarriko dituztela, aurtengo kurtsoan Trikitixa Eskolan matrikulatu nahi dutenei begira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak