Julen Otxandiano: "Iraupen luzeko proba izan behar du ligak"

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 10a, 21:00

Julen Otxandiano.

Eskubaloi jokalari izatetik Arrasateko areto futboleko talde gorena entrenatzera pasa da. Maila Nazionalera igo berri, urte historikoa da arrasatearrendako.

Julen Otxandianok (Arrasate, 1991) zuzenduko du Mondrate Hirugarren Mailan. Arrasateko eskubaloi taldearekin zenbait igoera fase jokatutakoa, kirolez aldatu eta orain areto futbolarekin dabil gozatzen, baina aulkitik.

Zer dute komunean eskubaloiak eta areto futbolak?

Bueno, kirol jarduera ezberdinak dira, baina, azken batean, lehiakorra izatea da helburua. Eskubaloian ez nintzen jokalaririk onena, inondik inora, baina ez zitzaidan galtzea gustatzen. Eta hemen berdin. Jokoari dagokionez, eskubaloian eraso jokaldi bakoitza garrantzitsuagoa da, jokaldia landuago egoten da eta gehiago irauten du, 40 segundoko jabetzak izaten dira, eta hor, akatsak garestiago ordaintzen dira. Areto futbolean, berriz, baloia galtzea ez da horren larria, ondo presionatuz gero segituan errekuperatu daiteke berriz, baina eskubaloian ez. Horregatik esaten diet jokalariei ez larritzeko baloia galtzen badute, lasai jokatzeko.

Eskubaloi jokalari izatetik areto futboleko entrenatzaile izatera pasa zara. Zer dela eta?

Eskubaloian ziklo bat egin nuen eta urte politak bizi izan genituen. Valentzian [Alcasserren] igoera fase bat jokatu genuen, hurrengo igoera fasea etxean, Iturripen, antolatu genuen... Baina motibazioa galduta-edo eskubaloia uzteko erabakia hartu nuen. Hala, duela bost urte inguru Jon Zabaletari laguntzen ibili nintzen Mondraten, eta urtebete egin nuen taldean. Anaiaren kuadrillakoek sortu zuten Mondrate duela zortzi urte inguru, eta gertuan ibili naiz. Iaz, laguntzaile ibili nintzen, Zabaletari eskaintza polita egin diote Mondran, eta, horrenbestez, haren hutsunea betetzeko eskatu didate.

Datorren astean hasiko zarete; zelan ikusten duzu taldea?

Hasteko, udan jokalariek uste nuena baino lan handiagoa egin dute, fisikoki oso ondo etorri dira lehenengo entrenamendu saiora. Guk, gure sasoian, ez genuen halakorik egiten. Motibatuta daude Maila Nazionalean jokatuko dutelako, eta opor aurretik esan genien denboraldiaurrea ez genuela pasa behar korrikako saioak egiten, lan aerobikoa egiten, hori etxetik ekarri behar zutela eginda. Eta bete egin dute.

Ze alde dago Euskal Ligaren eta Hirugarren Mailaren artean?

Jokoa azkarragoa izango da, seguru. Eta buruz buruko jokaldietan zailagoa izango da gola egitea, iaz dezente egin genituen horrela. Orain, partidu osoan egon beharko dugu adi, hegaleko jokaldi bat ere landuta egon daiteke. Taldeek taktikoki lan handiagoa egiten dute, gehiago aztertzen da kontrarioa, ondo presionatzen jakin behar da... Bestalde, esango nuke iaz fisikoki ondoen landutako taldea ginela, eta horri eutsi behar diogu.

Eta lan mentala ere hor egongo da: irabaztera oso ohituta zaudete, eta aurten garaipenak ez dira barra-barra etorriko.

Zalantza barik. Talde gaztea dugu, eta kontziente izan behar dugu 34 jardunalditako liga batean bolada txarrak izango ditugula. Honek iraupen luzeko proba bat izan behar du, eta momentu txarrak gainditu egin behar ditugu. Ondo hastea garrantzitsua izango da.

Derbi ederrak izango ditugu aurten ligan...

Bai; duela urte gutxi eskoriatzarren kontra ere derbi politak izan genituen eta aurten ere parez pare egongo gara, baina Maila Nazionalean. Gainera, ligako azken partidua euren kontra izango dugu. Agian, taula erdian egongo gara ordurako; edo, igual, larri...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak