Unai Paroti urtebete eta bederatzi hilabete murriztu diote zigorra

Eneko Azurmendi 2021ko ira. 7a, 17:19

Arrasateko Sarek baieztatu duenez, 2006ko otsailaren 21etik 2007ko azaroaren 2ra behin-behineko espetxealdian igarotako denbora deskontatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, Parotek berak kondena berraztertzeko egindako eskaera bati erantzunez. Hala, 2029ko uztailaren 10ean beteko luke zigor osoa, Etxeratek zehaztu duenez.

Arrasatearra 1990eko apirilaren 2an atxilotu zuten, eta 30 urteko zigorraz gain, beste hamaika urteko zigorra ezarri zioten gerora. Bigarren zigor hori baieztatu bitartean, baina, behin-behineko espetxealdian egon zen eta hori da, hain zuzen, deskontatu diotena. "Ezin zuten besterik egin", adierazi dute Saretik.

Horren harira, nabarmendu dute 41 urte horietatik hiru laurdenak beteta dituela dagoeneko eta kalean egon beharko lukeela. "Baimenak eskatzen ditu, baina ukatu egiten dizkiote. Dena den, jarraitu beharra dauka, onartzen dioten arte. Legea aplikatzea besterik ez dugu eskatzen".

Gaur egun, 62 urte ditu eta aurtengo udaberrian, Puerto de Santa Mariatik Leongo Mansilla de las Mulaseko espetxera lekualdatu zuten. 2029rako dago aurreikusita bere kaleratzea.

Elkartasun martxa, irailaren 18an

Hain zuzen ere, Paroten askatasuna eskatzeko elkartasun martxa egingo dute hilaren 18an. Horri lotuta, Carlos Iturgaiz Euskadiko Alderdi Popularreko presidenteak iragarri du, martxa burutzen bada, "biktima guztiak oroitzeko" ekintza bat egingo dutela haiek ere Arrasaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak