"Txipez gain talentua" ere falta dela diote Garaia Parkeko adituek

Xabi Gorostidi 2021ko ira. 3a, 13:11

Garaia Parke Teknologikoko guneetako bat. (Argazkia: Garaia Parke Teknologikoa)

Bertara talentua erakartzeko "gizartearen eta erakundeen inplikazioa" beharrezkoa direla uste dute. Ez hori bakarrik, bertan jaio edo bertan ikasi duen talentudun pertsonak fidalizatzen asmatzea ere "funtsezkotzat" jo dute. 

Txipen faltaz gain, enpresek "talentu gabezia" dutela uste du Garaia Parke Teknologikoko negozio garapen arduradun Idurre Albizuk. "Azken hilabeteotan sarritan entzuten ari gara mundu mailan txip gabezia handia dagoela, eta horrek eragin zuzena duela gure enpresetan, eta kontsumitzen ditugun produktuetan eta zerbitzuetan. Hala ere, gure enpresek izan dute beste gabezia garrantzitsu bat: talentu gabezia; COVID-19ak are gehiago azaleratu duena".

Alde horretatik, employer branding bezalako estrategien beharra azpimarratu du: "Garaia Parke Teknologikoaren betebeharretako bat da kanpoan dauden enpresen beharrei entzutea eta guztiei zerbitzua ematea, eta erantzun aproposa eskaintzea ekonomiaren eta gizartearen garapenari. Duela pare bat urte, Garaia Parke Teknologikoan employer branding-ari buruzko saio batzuk egin genituen. Zer da hori? Bada talentua enpresetara erakartzeko estrategia bat, funtsean marketina erabiltzen duena. Hiriburuetan employer branding kontzeptua futbolean bezala erabiltzen da, beste herrialdeetako profesionalak erakartzeko eta fitxaketak egiteko. Ekintza horietan, lan eskaintza erakargarria proposatzeaz aparte, bizileku erakargarria, aisialdirako aukera anitza eta aberasgarria eta bikotearentzat eta haurrentzat –baleude– lan eta hezkuntza aukerak ere gehitzen dira.  Erakartzeko modu horretan, enpresek egiten duten esfortzuaz aparte, erakunde publikoek eta gizarteak zeresan handia dute enpresa inguratzen duten beste arlo guztiak erakargarri izateko. Baina ezin magiarik egin, eta enpresak kokatzeko hartzen diren erabakiak ez dira beti irizpide honekin egiten; orain arte ez, behintzat".

"Kanpoko talentua gurera erakartzen asmatu behar dugu; baita gurean dagoena fidelizatzen ere".

Kanpoko talentuaz gain, bertako talentua fidelizatzea ere funtsezkotzat jo du: "Baina, agian, erakartze hori egin aurretik, bertako talentua zaindu eta fidelizatu beharko genuke. Bertan jaiotako gazteak edo bertan ikasi dutenak gure talentu harrobia dira. Harrobi horretan gero eta presentzia handiagoa dute emakumeak, eta baita bizitza hobeago baten ametsarekin ingurutik edo atzerritik gure artera etorri direnek ere. Horiek guztiek gure talentuaren harrobi izateko aukera dugu. Txipekin ez dugu asmatu, ezta talentua erakartzen ere, baina azken arlo honetan arreta eta baliabideak jartzeko garaia da, gure gizartearen eta enpresen etorkizunari erabat lotuta baitago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak