Aldaketa izan da udan zehar Mondragon Unibertsitatea saskibaloi taldearen prestatzaile karguan, baina etxeko langile bat izango da berriz ere iazkoaren moduko denboraldi txukuna egiteko ardura hartuko duena. Pandemiaren gaineko neurriak arintzea positibotzat jo du Matak.
Lehen aldiz zuzenduko dituzu EBA mailako mutilak. Erronka handia al da zuretzat?
Entrenatzaile aldaketa ez da inondik inora erradikala izan. Lau urte eman ditut talde honetan entrenatzaile laguntzaile lanetan, Josu Larreategiren alboan hasieran eta Iñaki Ogara Arri-rekin gero. Beraz, berrikuntza bakarra postuan dago, gainontzeko guztiak berdin jarraituko baitu.
Joan den astean hasi zenuten denboraldi-aurrea; nola itzuli dira jokalariak?
Oporretan ariketa fisikoak burutu dituzte, eta frogatu dut tonu onean itzuli direla entrenamenduetara. Orain, garrantzitsuena aurrean dauzkagun erronkak behar bezala prestatzea da; bereziki, lesiorik ez izateko. Ligara orain gaudena baino hobeto iritsi nahi dugu.
Euskal Kopako lehen partidua irabazi zenuten joan den asteburuan, Zarauzko Ulaziaren aurka (81-58).
Partidua ondo jokatu genuen, une batzuetan joko erakargarria erakutsiz eta fisikoki ere maila txukuna emanez. Harrobiko zenbait jokalari ere aritu ziren, lehen taldeko batzuk oraindik ez baitziren etorri. Emaitza horrekin finalerdiak nahiko bideratuta utzi genituen.
"ASKO POZTU GAITU SASKI ESKOLAKOEN ETA INFANTILEN PARTIDUAK ITZULIKO DIRELA JAKITEAK"
Eta harmailetan izan zenuten nobedaderik, gainera.
Pozgarria izan zen urte eta erdi ostean zaleak berriro gure artean sentitzea. Momentuz, 60 lagun sar daitezke Iturripen. Ea osasun egoerak hobera egin ahala jende gehiagok sartzeko aukera izaten duen. Eta kanpoko partiduetan berdin, badaude-eta kantxa batzuk oso beroak direnak, eta giro hori gustuko dugu.
Hurrengo erronka, Donostiako EASO.
Euskal Kopako bigarren partidua izango da asteburukoa, fitxaketa berriak probatzeko aproposa. Aste honetan hasi dira lan-saioekin Imanol Orue eta Sergio Iglesias; lehen minutuak jokatzeko prest egongo dira, beraz. Andoni Atxa ere lesiotik errekuperatzen dabil.
Santurtziko lauko finalean egongo al zarete?
Donostian maila ona ematen badugu, ziurrenik baietz. Datorren astean izango da lauko finala; bi aste barru, berriz, ligari ekingo diogu, EASOren kantxan, hain zuzen.
Ohiko formatua itzuliko da EBA ligara. Joan den sasoia baino zailagoa izango al da aurtengoa?
Pandemiak iazko lehia erabat baldintzatu zuen, gure konferentzia, bi ligatan beharrean, hirutan banatuz. Ondorioz, 15 talderen aurka beharrean, 10 talderen aurka jokatu genuen. 2021/2022 denboraldian Santander, Pielagos eta halako aurkari gogorrak izango ditugu aurrean; bestalde, udan fitxaketa ugari egon dira.
Nolako MU ikusiko dugu?
Gure DNA erakusten saiatuko gara; alde batetik, saskibaloi erakargarria proposatu, eta, bestetik, defentsan sakrifizioa eta halako balioak landu.
Ba al da gehitu nahi duzun ezer?
Aste honetan jakin dugu saski eskolako neska-mutilek partiduak jokatu ahalko dituztela denboraldi honetan. Oso berri pozgarria da, pandemia hasi zenetik ezin izan baitute euren taldearen elastikoa jarri. Badakit gogorra egin zaiela entrenatu eta ezin lehiatzea, askok benetan maite baitute saskibaloia. Niretzat, ezbairik gabe, hori da aurtengo albisterik onena, gaurko harrobiko jokalariak izango direlako hemendik urte batzuetara Ointxe!-ren lehen taldeetan egongo diren jokalariak.