Ion Merino: "Onena da jendearen arazoak konpontzen ditugula"

Jone Olabarria 2021ko ira. 3a, 15:19

Ion Merino arrasatearrak 36 urte ditu, eta horietatik 15 pasa ditu kable eta bonbilla artean. Bere kontura egiten du lan, eta, elektrizitatearekin hasi bazen ere, bestelako arloak ere lantzen ditu, beti Musakolako astoa lagun, bai laneko kamisetan, baita Lanzaroten harrapatuta geratu zirenean.

Elektrizitatearekin urte asko daramatzazu; txispa berezia piztu zen?

Kasualitatea izan zen. Beste enpresa batean hasi nintzen lanean, eta bertan ikasi nuen, apurka lanean nintzen bitartean. Lanerako nire lehen zulagailua supermerkatuan erosi nuen, pentsa orduko nire maila!

Musakolako astoa laneko kamisetan. Auzotar peto-petoa zara, ala?

Bai, zalantza barik. Zigarrolako astoa, ikurra, beti dator gurekin goazen lekura goazela.

Eta txokorik kuttunena? zein duzu?

Zigarrolan bertan bi toki: alde batetik, Zigarrolako balkoia; eta, bestetik, depositu zaharra.

Lehen, Ion Elektrizitatea; orain, Ion Zerbitzuak? Zergatik izen aldaketa?

Urte pila bat daramatzat elektrizitatea baino askoz gehiago lantzen: iturgintza, margoketa lanak, igeltserotza... Baina beti azalpenak ematen ibili behar dut; hortaz, izena aldatu eta listo.

Hogeita lau orduko zerbitzua eskaintzen duzu; ez al da nekagarria?

Azken batean, ohitzea da. Gauez jasotzen ditudan abisuak benetan larrialdiak direnean izaten dira; hortaz, ez da hainbesterako.

Zure kontura lan egiten duzu. Bereziki gogorra izan da COVID-19ak eragindakoa?

Oso gogorra izan zen. Laguntzak zeudela zioten, baina errealitatean ezer gutxi izan genuen. Itxialdian zehar tokatu zitzaigun lanen bat edo beste egitea, baina horiek ere larrialdietan.

Oporretan harrapatu zintuen itxialdiak; ondo harrapatu, gainera...

Bai; Lanzaroten ginela egin zuen eztanda COVID-19ak. Oporrak martxoaren 7tik 15era planifikatu genituen, baina dena leher-tu zenean hotelean sartuta, ezin etxera itzuli egon ginen; hegaldiak ezeztatzen zituzten etengabe, eta beste hamar egun egon ginen bertan.

Zer da zure lanak duen onena? Eta okerrena?

Onena, jendearen arazoak kon-pontzen ditugula, irtenbide bat ematen diegula. Okerrena, denera garaiz iristea; batzuetan, zaila da konponketa batean emango duzun denbora aurreikustea.

Garai hauetan, Internetera moldatu behar izan duzue?

Orain gabiltza webgunea martxan jartzen; baina jendeak, oroko-rrean, telefonoz abisatzen gaitu, edo ezagunen bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak