Blues munduaren mapan tokia egin du Arrasatek

Hasier Larrea 2021ko uzt. 23a, 06:00

Mississippi Queen & The Wet Dogs taldea, Herriko plazan.

"Erabateko arrakasta" izan da Arrasate Bluesen hirugarren aldia, orain arteko luzeena; horrekin konforme ez, eta beste hiru emanaldi antolatu dituzte ibai-artek eta Udalak, Musakolan zapaturako eta Herriko Plazan domekarako eta martitzenerako.

Herriari "beste dimentsio bat" emateko lan egiten du, besteak beste, Ibai-artek. Hori dio merkatari elkarteko lehendakariak, Jon Apraizek: "Gure baliabideekin, ez beste inongoekin, gauza eder askoak egin daitezkeela sinisten dugu". Pentsamendu hori "bete-betean" gauzatu dela deritzo Arrasate Bluesen kasuan. Udalarekin elkarlanean, blues estiloko emanaldi sorta zabala ekarri zuten joan den asteburuan Arrasatera, tokiko taldeei eta emakumeei, bereziki, oholtzara igotzeko aukera eskainiz.

Pandemia garaian halako erronkari aurre egiteko "guztia kontrolatuta" eduki behar izan dute, ikusleentzako mahaiak eta aulkiak jarriz, besteak beste. Jendeak "primeran" erantzun duela dio Apraizek, eta, adibide bezala, zapatuan Mississipi Queen & The Wet Dogs taldeak Herriko Plazan jotako kontzertua aipatu du: "Emanaldia 20:30ean hasten bazen ere, 19:00etarako beteta zeuden jarleku guztiak". Sorpresek ondo funtzionatu dutela nabarmendu du, eta Goikobalu korua "berme bat" dela eta Arrasate Musikaleko ikasleengatik jendeak "oso kritika onak" partekatu dituela zehaztu.

'ARRASATE BLUES PLUS' ESKAINIZ AGURTUKO DU IBAI-ARTEK MUSIKAZ BETETAKO UZTAILA

Lau egun, "laburtxo"

Kartelean iragarritako taldeei bakarrik ez, banda gehiagori ere egin nahi izan diete tokia jaialdian, baina ezin izan zuten joan den astebururako programatu. Horregatik atera dute beste egitarau bat: "Txikiagoa, baina kalitate altukoa baita ere".

Hala, Arrasate Blues Plus izena jarri diote bihartik martitzenera arte iraungo duen egitarauari, eta nobedade bezala Musakolako Elkano plaza izango da lehen emanaldiaren agertokia. Horren harira, Apraizek argudiatu du Ibai-arteren asmoa dela "erdigunekoa baino gehiago, herriko osoko jaia" izatea festibala; gauzak horrela, Señor No taldeko Xabi Garre eta Arima Beltza taldeko Jon Gurrutxaga batera igoko dira zapatuan Musakolako agertokira, 19:00etan.

Domekan, ‘Sustrajazz’

Jokin Vitoria bateria jole arrasatearrak goi mailako musika ikasketen amaieran sortutako proiektu berria da Sustrajazz. Bertan, konposizio propioak eta euskal kanta herrikoiak jazzera eraman ditu, eta errepertorio propio eta berezia sortu. Esaterako, Maritxu nora zoaz eta Errementari dantza moldatu ditu.

Formazioari dagokionez, bere gertuko lagunekin osatutako laukotea da, denak eskarmentu handiko musikari profesionalak. "Beraiek gabe, hau ez litzateke aurrera irtengo", azpimarratu du Vitoriak. Abestietan "jazzaren ezaugarri handienari eta politenari ere, hau da, inprobisazioari", eskainiko diote tartea. Nola moldatzen diren ikusi nahi duenak Herriko Plazan edukiko du aukera etzi, 20:00etan.

'Iluntze akustikoa'

Eta kartela borobiltzeko, Arrasateko beste hiru musikarik, Garazi Barrenak, Asier Salak eta Leire Etxezarretak, Huntza taldeko Aitor Huizi biolin-jolearekin batera alaituko dute martitzen arratsaldea Herriko Plazan, 19:00etan hasita. Kajoi taberna ere inplikatu da ekitaldi horren antolakuntzan, eta, Ibai-artekoek azaldu dutenez, "amaiera intimoa" emango dio laukoteak aurtengo Arrasate Bluesi. Lau musikariak proiektu paraleloetan murgilduta dauden arren, elkarrekin "lau bertsio interpretatzetik harago" joan nahi izan dutela adierazi du Salak, "zerbait serioagoa" egin nahian. Ingurukoen eraginari balioa eman nahi izan dio gitarra-joleak, "aurretik ere pare bat tokitan jotzeko" komentatu dietelako.

Horixe izango da merkatari elkarteak musikaz betetako uztailari agur esateko modua: "Abuztuan pilak kargatu eta Hauspo egunarekin itzuliko gara iraileko bigarren asteburuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak