Lokal hutsak dinamizatzeko programak jarraipena izango du

Eneko Azurmendi 2021ko uzt. 21a, 09:47

Iaz abiatu zuten lokal hutsei balioa eman, ekintzailetza sustatu eta kaleak biziberritzea helburu duen programa, eta Arrasateko Udal Gobernuak jakitera eman duenez, jarraipena izango du. Programan parte hartzeko "ezinbestekoa" izango da erakusleihoa duen lokal baten jabe izatea eta izen-ematea zabalik dago irailaren 6ra arte. 

Herriko merkataritza ehuna babesteko apustuan, Arrasateko Udalak jarraipena emango dio lokal hutsetan negozio berriak sustatzeko martxan jarritako programari. "Horri jarraiki, herriko lokal hutsetan merkataritza edota zerbitzu negozio eredu berriak irudikatuko dira, modu horretara lokal horretan garatu daitezkeen negozio ereduak bistaratu eta ekintzaileek lokalaren balioa aintzat har dezaten, saltoki berriak abian jarri ahal izateko", azaldu du Udal Gobernuak.

Proiektua hamabi lokaletan garatzeko aurrekontua jaso du Udalak aurten, guztira 15.000 euro. Honenbestez, lokalaren erakusleihoan hainbat elementu jarriko dituzte: merkataritza proiektuaren argazkiak (askotariko ikuspegiekin), lokalaren planoak (askotariko ikuspegiekin) eta lokalaren ezaugarriak biltzen dituen panel bat. Horrez gain, erakusleihoa apaindu egingo dute, "itxura erakargarria" izan dezan.

Ekimenak bi helburu nagusi ditu: "Herriko lokaletan ekintzailetza proiektuak garatzeko alternatibak mahai gainean ipintzea, batetik, eta lokal hutsei balioa ematea, bestetik; modu horretara kaleak biziberritu, merkataritza sustatu eta udalerrian kalitatezko komertzio eta zerbitzu eskaintza zabal bat izateko aukera piztuz".

Izen-ematea, irailaren 6ra arte

Programan parte hartzeko "ezinbestekoa" izango da "ostalaritzakoa ez den lokal huts bat" jabetzan izatea eta lokalak erakusleihoa izatea. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 6ra arte eta hiru bide egongo dira horretarako: BAZen, udal webgunean edo merkataritza@arrasate.eus helbidean.

Behin eskaera guztiak jasota, ezarritako irizpideen arabera aukeratuko dituzte lokalak: "Kokalekua, auzoa, eremuaren beharrak, lokalaren aukerak eta abar". Halaber, lokalen aukeraketa irailean egingo dute eta urrira bitartean landuko dituzte proiektuak. Erakusleihoen muntaiak, azkenik, abenduan egingo dituzte.

Informazio gehiagorako, 943 25 20 17 telefonora deitu edota merkataritza@arrasate.eus helbidera idatzi.

2020an, hamaika proiektu irudikatu zituzten

Lehen edizioan hamasei lokalen jabeek eman zuten izena, erdigunean, San Andresen, Musakolan zein Erguinen. "Lokalak aztertu eta bideragarritasuna ikusita, eta tartean lokalen bat alokatu zelako, azkenean hamaika lokalek parte hartu zuten proiektuan".

Proiektu "bereziak eta berritzaileak" proposatu zituzten, "lagundu dezaketenak herriko merkataritza suspertzen eta ekintzailetza sustatzen", Udal Gobernuaren esanetan: Brunch&Cake (garbitegia: arropa garbitu bitartean eta zain zaudela, kafe bat hartzeko espazioa); Gure geltokia (ekitaldiak egiteko aretoa); Fashion hemen (showroom, bertako moda diseinatzaileen topagunea); Artile (artilearekin lan egiteko denda tailerra); Kunkla (estanpazio tailerra); Erosketa (herrian egindako online edo telefono bidezko erosketa zerbitzu biltegia); Loving artisautza (leku hau diseinatuta dago Arrasateko artisautzaren munduari ikusgaitasuna emateko); Argi-tu (argi denda tailerra); WeARwork (coworking gunea); Lixar (gozoki denda) eta Etxe-home (etxerako apaingarrien eta osagarrien denda).

Erakusleihoan bertan daude zehaztuta lokalaren ezaugarriak eta ze bide dagoen jabearekin zein Udalarekin harremanetan jartzeko, interesdunek kontsultak egin ahal izateko.

Hamaika lokal horietatik bostek jaso dituzte kontsultak informazioa eskatzeko baina, oraingoz, ez da negoziorik martxan jarri lokal hutsetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak