Arrasate Blues, zero kilometrokoa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko uzt. 16a, 10:10

Jesusi Etxebarria musika irakasleari atzo egindako omenaldiarekin hasita, musika beltzarekin lotutako bederatzi doako kontzertu izango dira domeka bitartean kalean.

Urtebeteko lanaren ostean, atzo, eguena, "ilusioz" abiatu zuten Ibai-arte merkatari elkarteak eta Arrasateko Udalak herriko hainbat tabernaren laguntzarekin antolatu duten hirugarren Arrasate Blues jaialdia. Domekara bitartean, herriko zazpi txokotan banatuta, hamar talderen emanaldiak eskaintzea zen, hasiera baten, antolatzaileen asmoa, baina, osasun egoerak behartuta, eten bako aldaketak egiten ari dira egitarauan; izan ere, jaialdia abiatzeko ordu gutxi falta zirela jakin zuten domekan herriko kaleetan zehar Arrasateko 8,46 Dixie Band taldeak egin behar zuen emanaldia bertan behera utzi behar izan dutela, taldekide bat konfinatuta dagoela arrazoituta.

Hasiera "hunkigarria"

Aurreko aldiek bezala, zero kilometro aldarria du jaialdiak. "Musikazaleen topaleku izateaz gainera, gure herriko kulturarekin eta gastronomiarekin gozatu gura duten guztientzako proposamena da. Arrasateren nortasuna berreskuratu eta, aldi berean, bertako saltoki txikien eta ostalaritzaren jarduera indartzen lagunduko duen ekimena da. Emanaldi guztiak doan izango dira eta edukiera mugatua izango dute, baina ez dira aurrez gonbidapenak banatuko. Agertoki bakoitzean jarritako eserlekuak bete bitartean izango da tokia", azaldu du Ibai-arte merkatari elkarteko Jon Apraizek.

50 urtean Arrasaten musika irakasten jardun duen Jesusi Etxebarria irakasleari omenaldia eginda abiatu dute aurtengoa. "Herriko musikagintzan egindako lana aitortu nahi genion eta Arrasate Musikaleko ikasleen eta Goikobalu abesbatzaren laguntzarekin ekitaldi xumea besteko gozoa egitea lortu genuen, taularen gainean herriko musika harrobiari ere tokia eginda".

Tokikoa eta parekidea

Hamahiru urtean Arrasaten bizi eta Etxebarriaren ikasle izan zen Itziar Yaguek zabaldu zuen kontzertuen eskaintza. Taularen gainean lagun izan zituen Paul San Martin (pianoa), Fran Serrano (kontrabaxua), Inhar Val (tronpeta) eta Dani Domingez (bateria). "Oso eskertuta nago nire jaioterrian Delicious lana aurkezteko aukera izan dudalako. Ikaragarria iruditu zait kartela; bertakoak, Euskal Herriko punta-puntako formazioak dira guztiak, eta, horrez gain, emakumeen ordezkaritza handia du, eta horrela izan behar dela uste dut; izan ere, bluesaren jatorrian emakumeek pisu handia izan zuten. Jaialdi eredugarria da!". Eta zera gaineratu du Berako Estitxu musikariak: "Asko eskertzen dut nik ere emakume musikarioi ikusgarritasuna ematea".

Kontzertuak doan izango dira, baina edukiera mugatua dute eserlekuak bete bitartean

Iritzi berekoa da gaur, egubakoitza, jendaurrean estreinako emanaldia egingo duen Arrasateko Erromintxelak taldeko kide Iñigo Zubizarreta: "Jazz arloan jarduten dugun aspaldiko lagunak gara Jon Garcia (gitarra eta ahotsa), Aitor Moreno (kontrabaxua) eta hirurok. Pandemiaren aurretik genuen elkarrekin proiektu bat sortzeko asmoa eta itxialdian izan dugu borobiltzeko aukera eta denbora. Arrasate Musikaleko Big Bandeko zuzendari Zigor Martinezekin (klarinetea) osatu dugu laukotea. Dixie-jazz edo dixie-swing estiloa eskaintzen dugu, 30eko hamarkadan Europan egiten zena; akustikoa eta dantzagarria. Asko eskertzen dugu herriko jaialdian parte hartzeko emandako aukera. Pozik eta gogotsu gaude taularen gainera igotzeko".

Erromintxela taldeko kideez gainera, datozen egunetan, taularen gainean Arrasaterekin lotura duten musikari gehiago izango direla kontatu du Apraizek: "Azken orduan bertan behera geratu den 8,46 Dixie Band taldea, esaterako, Arrasate Musikaleko ikasleek eta ikasle ohiek osatutakoa da, baina, zoritxarrez, ezingo dira gurekin izan. Eta domekan Arbolapetan izango den Mario Fernandino taldeko gidari Mario Fernandez ere Arrasate Musikaleko irakaslea da. Mikel Maniega (tronpeta), Diego Belzunegi (pianoa), Gorka Gaztanbide (bateria) eta Erromintxelak taldeko Aitor Moreno izango ditu lagun".

Datorren astean, gehiago

Ibai-artek eta Udalak astebururako egin duten eskaintza oparoa bada ere, herriko musikarien eta bestelako eragileen partetik jaso dituzten eskaerak eta proposamenak aintzat hartuta datorren astebururako Arrasate Blues jaialdiaren sinadurarekin beste bi kontzertu iragarri dituzte: "Uztailaren 24an, zapatua, Musakolako Elkano plazan Xabi Garre (Señor No) eta Jon Gurrutxaga (Sugramas, Arima Beltza) izango dira, 19:00etan hasita. Eta domekan, berriz, Jokin Vitoria Sustrajazz taldea izango da Herriko Plazan, 20:00etan".

Domeka bitartean bederatzi emanaldi izango dira erdiguneko zazpi txokotan banatuta

Arrasateko Jokin Vitoria bateria-joleak goi mailako musika ikasketen amaieran sortutako proiektu berria da Sustrajazz taldea. "Nire konposizioak eta nire sustraiak diren euskal kanta herrikoiak jazz estilora eraman ditut, eta horiekin sortu dut errepertorio propioa eta berezia. Zerrenda horretan daude, besteak beste, Arrasateko kanta herrikoiak diren Maritxu nora zoaz eta Errementari dantza, euskal folklorea eta jazza uztartuz moldatu ditudanak. Formazioari dagokionez, gertuko lagunekin osatutako laukotea da, denak eskarmentu handiko musikari profesionalak: Nerea Arrieta (pianoa), Iñigo Zubizarreta (gitarra elektrikoa), Aitor Moreno (baxua) eta ni neu, baterian", azaldu du Vitoriak.

Arrasate Blues jaialdiaren aurtengo eskaintza borobiltzeko, uztailaren 27rako, martitzena, herriko musikari gehiagori tokia eginda, Iluntze akustikoa izeneko emanaldia iragarri dute: "Herriko Plazan izango da, 19:00etan hasita, eta taularen gainean izango dira Garazi Barrena, Leire Etxezarreta eta Asier Sala arrasatearrak eta Huntza taldeko Aitor Huizi".

Garagardoa eta elastikoak

Jaialdiraino hurbiltzen direnek Arrasate Blues marka duen garagardoa eta elastiko koloretsuak eskuratzeko aukera izango dute.

Jaialdian izango diren musikariak

Egubakoitza:

  • - 19:00 / Euskal Herria plaza. ERROMINTXELAK (Arrasate): Dixie swinga.
  • - 20:30 / Otalora Lizentziaduna. VOODOO CHARMS (Donostia): Swing & bluesa.

Zapatua:

  • - 12:00 / Portaloia. ANIMAL JANE (Gasteiz): Bluesa, folka eta americana.
  • - 13:00 / Jokin Zaitegi plaza. IKER PIRIS & SHEILAH CUFFY (Tolosa eta Londres): Bluesa, soula.
  • - 19:00 / Ferrerias kalea. NOA & THE HELLDRINKERS (Donostia): Bluesa, rocka.
  • - 20:30 / Herriko Plaza. MISSISSIPPI QUEEN & THE WET DOGS (Bilbo): Funk-rocka, soula.

Domeka:

  • - 12:00 / Portaloia. ESTITXU (Bera): Pop-soula.
  • - 13:00 / Arbolapeta. MARIO FERNANDINO (Gasteiz): 50eko hamarkadako jazza.
  • - 19:00 / Arbolapeta. WILLY (LOS BRAZOS) (Bilbo): Bluesaren historiaren kontaketa.

Omenaldia

Jesusi Etxebarria: "Gazteek eskatutakoa ematen saiatzen nintzen"

50 urtean izan da musika irakasle Jesusi Etxebarria. 2012an itxi zuen akademia, eta egindako lanagatik omenaldia jaso zuen atzo, eguena, Arrasate Blues jaialdiaren barruan.

Zer moduz? Pozik?

Oso pozik, sekulako sorpresa izan da; badira urte batzuk erretiroa hartu nuela, eta ez nuen inondik inora ere espero.

Musika irakastera bultzatu eta animatu zintuen Jose Maria Arizmendiarrietak. Zelan izan zen?

Nire konfesorea zen. Piano ikasketak bukatu nituenean, ea zergatik ez nintzen eskolak ematen hasten galdetu zidan. Ez nuela gura erantzun nion, baina, halako baten, nire etxera etorri zen bere loba batekin, eta "hemen duzu zure lehen ikaslea" esan zidan.

Etxean hasi zinen eskolak ematen, hortaz.

Bai; bost urtez. Pianoa nuen, eta Arizmendiarrietaren lobarekin hasi nintzen, 1962ko otsailaren 6an. Markinako lagun bat ekarri zuen gero, Bego nire ahizpa izan nuen hirugarren ikaslea, eta ondoren, beste asko. 1967an zabaldu nuen Iturriotz kaleko 32 atarian akademia, eta 2012ko ekainaren 22an itxi.

Ez zen erraza izango emakumea izanda garai hartan musika akademia zabaltzea, ezta?

Eskolak etxean ematen zituztenak bai, baina, bestela, ez zegoen eskaintzarik herrian. Gidatzen ere lehengoetako emakumea izan nintzen herrian.

Pianoa da zure tresna, baina gitarra ere oso maite duzula diozu. Zenbat instrumentu jotzen dituzu?

Piano ikasketak ditut, nire instrumentu gustukoena da, baina behin oporretan mutil bat gitarra jotzen ikusi nuenean argi nuen hura ikasi gura nuela, eta, ikasleen eskaerari erantzun guran, elektrikoa eta baxua ere ikasi nituen geroago, 50 urte nituela. Aurretik, txistua jotzen ere ikasi nuen, Aretxabaletako Demetrio Iriarterekin.

Solfeoa beharrean tabularioa erabiltzen zenuen ikasleekin.

Pianoko ikasleekin solfeoa, baina gitarra edo baxua irakasteko, berriz, zifretan oinarritutako teknika da hori. Solfeoa aspergarritzat zutenentzako aproposa.

Hala etortzen zitzaizkizun herri askotako gazteak.

Debagoieneko herri guztietatik etortzen ziren nire akademiara. Taldeka edo kuadrillaka ematen nituen eskolak, gehienetan.

Makina bat rock talderen 'errudun' zara, beraz?

Baliteke, bai; gazteek eskatzen zidatena irakasten saiatzen nintzen, eta gustura jarduten genuen. Urte lanpetuak baina politak izan ziren, bai.

Zelan prestatzen zenituen eskolak?

Eguerdian ikasle batzuk etortzen ziren, baina gehienak, arratsaldeetan; hala ere, 08:00etarako lanean nenbilen. Ikasi nahi zuten abestiaren kasetea edo CDa ekartzen zidaten, eta jotzeko moduan prestatzen nien.

Oso kantu lasaiak ez ziren izango, bada?

Hamaika egin ditut RIP, Eskorbuto, La Polla Records eta halako taldeenak. Baita The Clash, Metallica, Ramones... Eskatutakoa ematen saiatzen nintzen. RIPeko Jul Bolinaga lehengusua nuen, eta hark laguntzen zidan baxurako kantuak prestatzen batzuetan.

Musika hezkuntzari behar den garrantzia ematen zaiola uste duzu?

Ez nahikoa. Gurako nuke atzerrian moduan ikastetxeetan musika eta musika tresna ikasgaiak egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak