Doinu fresko eta landuak entzungai Santa Teresan

Hasier Larrea 2021ko uzt. 18a, 16:33

Goian, The Potes taldekoak diskoaren aurkezpenean; behean, Ibil Bediko musikariak.

The Potes eta Ibil Bedi taldeak igoko dira hilaren 21ean agertokira, pandemian zehar mimoz egindako kantuak publikoaren aurrean aurkeztera. Folk eta rock doinuak ekarriko dituzte arrasatearrek eta pop ukutuko melodiak, berriz, iruindarrek.

Uztaileko Udazabal egitarauak bete du ibilbidearen erdia, eta tokiko eta inguruko bakarlari zein talde ugariri oholtzara igotzeko aukera eman die. Beste horrenbeste egingo du bigarren txanpan; lehen geralekua Santa Teresako eliza izango da, datorren eguaztenean, arratsaldeko zazpietan. Ibilbide oparoa izaten dabiltzan bi taldek joko dute herritarren aurrean: The Potes arrasatearrek eta Ibil Bedi iruindarrek, hain zuzen.

Talde "helduagoa"

Aretxabaletan, Areantzako belardian, Damurik ez, bihotza aske diskoa aurkeztu zuen The Potesek joan den hilean. Bigarrenez eskainiko dituzte bertako abesti berriak oraingoan, lehen esperientzian "zuzenekoan defendatzeko gai" izan zirela frogatu ostean.

Peru Altube bateria-jolearen arabera, heldutasun bat lortu du taldeak, eta, "asko entseatzen ibili ostean, inoiz baino indartsuago" daude. Azken kantuetan ere nabari dira aldaketak, "euskara hutsean eta rock kutsu handiarekin" landu baitituzte. Lanak "harrera ona" izan duela nabarmendu du, jende ugari hurbildu baitzaie "gustura" entzun dutela esanez. Izan ere, jatorrian uztartzen zuten folketik urrundu da oraingo honetan seikotea, gitarra elektrikoari protagonismo handiagoa eskai-niz eta street-punk estiloan gehiago sakonduz. Aldaketa hori "modu naturalean" gertatu dela gaineratu du Altubek.

Areantzakoaz gain, Gasteizko Iradier aretoan ere jo zuten maiatzean, Talco musika talde italiarrarekin batera, nahiz eta orduan ez zeuzkaten disko berriko kantuak gertu oraindik. Datorren astekoaren ostean atseden hartuko du The Potesek, irailerako pilak kargatzeko.

Ibil Bedikoak, biran

The Potesekoak bezala, "dena ematera" irtengo dira Iruñeko Ibil Bedi taldeko bost kideak. 2019tik "nahiko zabalkunde" izan dutela dio Ibai Osinaga gitarra-jole eta abeslariak. Otsailean kaleratutako Beltxarga beltza diskoaren biran murgilduta daudenez, "horko kantuak eta baita zaharragoak" eskainiko dituzte Santa Teresan.

"Talde lasai" bezala definitzen du Osinagak Ibil Bedi: "Ez dugu geure burua txosnetako gau-giroan aritzeko moduan ikusten, eserita ikusteko aproposagoak garela esango nuke". Bateria, baxua, gitarra, saxoa eta biolina dira erabiltzen dituzten musika-tresna nagusiak, nahiz eta piano-doinuak ere uztartzen dituzten emanaldietan. Sorkuntza faseari garrantzi handia ematen diotela aipatu du Altxatu taldeko kide ere izandakoak: "Zer baino gehiago, kantuak nola egiten ditugun da gakoa".

Iruñean sortu den Laba egitasmoan sartuta daude Ibil Bediko zenbait kide. Osinagaren esanetan, "tokiko diziplina artistikoen topagune bateratua" izan nahi du Labak. Bistan da eboluzioan murgilduta dagoela Nafarroako hiriburuko eszena musikala, garai batean rock taldeengatik ezagutzen bazen ere, estilo musikal zabalak uztartzen baitituzte belaunaldi gazteek.

Sortzaileen artean harreman osasuntsuak garatzen direla mahai-gaineratu du Osinagak, eta eurek, behintzat, igartzen dutela mugimendu indartsua eratzen ari direla, "nahiz eta, agian, kanpotik sentsazio hori ez izan".

Hurrengoak, Gag Street Boys

Kale antzerki umoretsua ikusteko aukera eskainiko du Udazabalek gaur zortzi, hilaren 23an, arratsaldeko zazpietan. Seber Altuben eskainiko dute Iñigo Salinero eta David Gutierrez aktoreek esketxez, parodiaz eta karaokez betetako Yes, we art izeneko zirku kutsuko saioa. Gag Street Boys bezala egiten duten lehen proiektua da Yes we art.

Julen Alonso trikitilariak eta Eñaut Zubizarreta biolontxelo-joleak herenegun eskainitako kontzertua bertan behera gelditu zela-eta, Udal Sailak adierazi du "beste hitzordu bat" jartzeko lanean ari direla, baina oraindik ez daukatela data konkreturik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak