Etxekoen alde jokatu, pausoz pauso hobetzeko

Hasier Larrea 2021ko uzt. 16a, 00:00
Xabi Etxebarria presidentea eta Ander Romero kirol zuzendaria, Mojategin.

Hausnarketa prozesu bat ireki du aurten Mondrako zuzendaritzak, futbolari gazte eta beteranoak "elkarrengandik gertu" egon behar direla ondorioztatuz. Arrasate Hiria torneoa antolatu dute iraileko lehen astebururako: "Ea publikoarekin izaten den".

Aurtengo denboraldiak emandako esperientziatik abiatuta, Arrasateko futbol kluba hasia da etorkizuna marrazten. Lau urte bete dituzte karguan Xabi Etxebarria presidenteak eta Ander Romero kirol zuzendariak: "Sasoi honetan balantzaka ibili gara, baina egonkortzeko oinarriak dauzkagulakoan gaude".

Egonkortze hori diseinatu duten kirol proiektuarekin erdiestea da euren asmoa. Hor bi alderdi bereizten ditu Romerok: "Alde batetik, herriko jokalari eta entrenatzaileen promozioa, eta, bestetik, lan egiteko metodologia zehatza". Bigarrenari dagokionez, pandemiak martxan jartzea galarazi die: "Baina ea datorren denboraldian abiatu dezakegun".

Hala, kadeteetatik aurrerako kategoriak Gipuzkoako mailarik onenetan mantendu nahi dituzte, "formakuntzarako ona" izango dela iritzita. Etxekoen aldeko apustuak "Mondrako izatearen sentimendua" berreskuratzeko helburua izango du jomugan. Etxebarriak esan duenez, "identifikazio hori galdu egin da, kirol arlotik harago doan arazoa" izanik. Klubak, berriz, lehen taldean gazteak eta beteranoak nahastuz egingo du "iraganeko garra berpizteko" saiakera: "Uste dugu taldeko zaharrenek oraindik mantentzen dutela harrotasun hori; beraz, eurak dira egokienak behetik datozenei erakusteko".

Konfiantza gazteengan

Joan den sasoian hasi zuten ibilbide hori, talde nagusian bi gaztek debutatu eta lehen urteetako seniorrek jokatzeko aukera izan zuten. Joera horri jarraipena emateko, Cristian Matias ikusten dute prestatzaile lanak egiteko aproposena: "Ondo ezagutzen ditu Mondrako talde gazteak, eta berak ere baieztatu digu bide hori urratzea posible dela, behetik datozenek maila txukuna emateko potentziala daukatela".

Entrenatzaileekin ere gauza bera egitea da asmoa. Lehen ez bezala, gaur egun titulua atera nahi dutenek Mojategin bertan egin dezakete ikastaroa, Realarekin lortutako akordioaren bidez. Bertakoen formakuntza "errazten" duelakoan, Mondrak "esfortzu ekonomikoa" egiten du kurtsoak ordaintzeko, "ikaragarria" iruditzen baitzaie etxeko kideak arduratzea azpi-taldeak gidatzeaz. Pertsona horiek jokalariei Mondrako izatearen sentimendua indartzen lagunduko dietela uste dute.

2021eko batzar orokorra.

TALDE NAGUSIAREN LIGAN BAKARRA IGOKO DA MAILAZ ETA LAUK GALDUKO DUTE KATEGORIA 2022AN

Balantze ekonomikoa

Diru-kontuen gaiari helduta, 210.000 euroko aurrekontua izan dute joan den denboraldian. Inoiz baino gutxiago gastatu eta fakturatu dute, eta 3.500 euroko galerarekin amaitu. Irailetik aurrerakoari 194.000 eurorekin hastea aurreikusten dute, babesleek kirol elkartea sostengatzeko arazo handiagoak izango dituztelakoan. Horren harira, presidenteak nabarmendu du pandemia garaian "babesleen %90ek" ordaindu zuela kuota osoa. Datorren urterako negoziazio bideak irekiko dituzte tokiko enpresa, taberna, tailer eta estudioekin, baina baikortasunez mintzo dira, "urte arrunta" izango dela espero baitute.

Bazkideek, gainera, ez dute kuotarik ordaindu beharko, "iaz ordaindutakoa aurten aprobetxa dezaten". Salbuespen bakarra alebin mailako kirolariak izango dira, bazkide berri bezala sartuko direlako.

Federazioa, "hurbilago"

2021ak aldaketak ekarri ditu Gipuzkoako Futbol Federazioan, hauteskundeak Garai Berriak hautagaitzak irabazi baitzituen. Bi entitateen arteko harremana aldatuko den ondorioztatzeko "oraindik goizegi" dela aipatu arren, Mondrako ordezkariek ikusten dute aurreko agintaldiarekiko desberdintasunik: "Zonakako koordinatzaileak jarri dituzte, probintziako peri-ferietako taldeengandik hurbilago egoteko".

Hala ere, Mondrako arduradunek ez bezala, GFFko arduradunek bertatik lan egiten dutela nabarmendu dute, eta, erabakiak hartzeko kluben iri-tzia kontuan hartzea begi onez ikusi arren, kontziente dira ezin dutela nahi beste ekarpen egin.

Torneoaren ostean, Liga

Txapelketa erregularrari ekin aurretik, Arrasate Hiria torneoa antolatuko dute irailaren 4rako eta 5erako. Hiru taldek beharrean lauk jokatuko dute elkarren artean; gonbidatuak, ziurrenik, Bergara, UDA eta Elgoibar izango dira. Aurrekari hori baliatuko dute, beraz, Ohorezko Erregional Mailako ligan motorrak berotze aldera. Irizpide kuantitatiboei baino gehiago, kualitatiboei begiratu nahi diete: "Hau da, ez dugu sailkapeneko postu bat lortzearekin amesten, taldea eratzen joatearekin baizik".

Pazientziaz, denboraldiz denboraldi joango dira anbizio handiagoko helburuak finkatzen. Bien bitartean, "jokalarien %85-90 harrobikoa izatea" lehenetsiko dute, eta etxeko prestatzaileengan utzi futbolariak ahalik eta gehien motibatzearen ardura. Ilusioa berreskuratzeko ekuazio horren zati garrantzitsu bat ikusleek osatuko dutela ere argi daukate, eta irailean Mo-jategi jendez betetzea sartzen da euren planen barruan: "Momentuz, %60ko edukiera baimendu du Espainiako Gobernuak, eta konforme gaude horrekin".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak