Gimnasia erritmikoa txiki-txikitatik praktikatu ostean, tarima gainean aritzeari utziko diote Dragoi gimnasia taldeko kirolari nagusienek. "Pena" sentitzen dute, batez ere, klubarekin "harreman bikaina" izan dutelako, baina, kirol gogorra dela-eta, beste eginkizun batzuetan murgilduko dira aurrerantzean: "Urteekin gorputzak gero eta gehiago igartzen du esfortzua, eta 17 urtera arte aguantatzea merituzkoa izan ohi da", diote, aho batez, Nahia Ruiz, Irati Larrinaga, Uxue Azkue, Nahia Irazola eta Ekiñe Balanzategi arrasatearrek.
Aurten, aerobikean, taldeko kide gehienentzat ezezaguna zen modalitatean, espezializatu dira, gimnasia erritmikoan bakarrik aritzeak ez ziekeelako normaltasunez entrenatzea ahalbidetuko: "Pandemiagatik kirolari erdiprofesionalak izatea beharrezkoa zen jarduera ez eteteko; ondorioz, aerobikeko kirolari bezala erregistratzeak bakarrik balio zigun".
Laugarren onenak Valentzian
Horregatik hartu dute parte mota horretako txapelketetan azkenaldian, eta ez dira batere txarto ibili, nahiz eta onartzen duten gimnasia erritmikoak baino erresistentzia eta indar handiagoa eskatzen duela. Esanak esan, eta nahiz eta "klub txikia" izan, Espainiako txapelketan aritutako hamaika kluben artean laugarren emaitza kolektibo onenak erdietsi dituzte, bikotekako N4 mailan txapeldun eta taldekako aerostep N3 mailan txapeldunorde izan direla ahaztu gabe. Aerobikean gustura aritu direla aipatu dute Dragoikoek: "Giro polita dago, eta espero dugu klubak modalitate honi jarraipena ematea". Gazteagoekin izan beharko da, eurek eman baitute zeukaten onena.
BINAKA, PODIUMAREN GAILURRERA
Gimnasia erritmikoa eta aerobika uztartu dituzte azken zazpi urteetan Dragoi gimnasia taldeko Uxue Azkuek eta Nahia Irazolak. Iaz, Frantziara joan ziren, nazioarteko txapelketan lehenengoz lehiatzera, baina pandemiak bertan behera laga zuen torneoa. Aurreko asteburuan kendu zuten orduko arantza.