Mondragon Goi Eskola Politeknikoko ikasle eta ikasle ohiei zuzendutako ekimena da lehiaketa, eta teknologiaren esparruko ideia berritzaileak eta negozio berriak garatzeko aukera eskaintzen die partehartzaileei bertan eskainitako beka eta baliabideei esker. Diziplina eta unibertsitate askotako pertsonekin taldeak osatzeko aukera ere eskaintzen du.
Lehiaketaren bigarren edizioa izan da hau eta hiru talde irabazleek beren negozio ideia garatzen jarraitzeko aukera izango dute 2021-2022 ikasturtean. Aurtengo edizioan hamar izan dira aurkeztutako proiektuak, eta epaimahai teknikoak balorazioa egin ondoren, zazpi izan dira finalera iritsitako proposamenak.
Hiru saritu
Oinarri teknologikoko negozio ideia onenaren Engipreneurship kategorian sari nagusia Egoitz Goikoetxeak eta Galder Goikoetxeak eraman zuten, GURA izeneko proiektuarekin. Surf taula ekologikoak eta pertsonalizatuak fabrikazio gehigarriaren bidez fabrikatzeko proposamena aurkeztu dute. Saritzat jaso dute: urtebeteko beka; 6.000 euroko finantza baliabideak materiala edo ekipamendua eskuratzeko; teknologian eta ekintzailetzan laguntza adituko 100 ordu eta coworkingeko gunea 2021-2022 ikasturtean ideia garatzeko.

Bigarren saria aldiz, Jesus Maria del Riok eta Ines Noguerok eraman dute Oxigen19, oxigenoterapia proiektuarekin; oxigenoterapiarako ekipoak, uretan dagoen O2 ateratzean oinarrituta dago. Sariari dagokionez, urtebeteko beka; 6.000 euroko finantza baliabideak materiala edo ekipamendua eskuratzeko; teknologian eta ekintzailetzan laguntza adituko 100 ordu eta coworkingeko gunea eskuratu dituzte, 2021-2022 ikasturtean ideia garatzeko.

FINU izeneko lana izan zen hirugarren sariaren irabazlea. Unai Zabalak aurkeztu zuen proiektua eta bere proposamena finantzak hobeto kudeatzen erakusteko APP batean oinarritzen zen. Urtebeteko beka/soldata, 1.000 euroko finantza baliabideak materiala edo ekipamendua eskuratzeko, teknologian eta ekintzailetzan laguntza adituko 100 ordu eta coworkingeko gunea irabazi ditu.

Beste kategoriatan, aldiz
Oinarri teknologikoko produktu edo zerbitzuaren ideia onenaren Technopreneurship kategorian LLAgunduz Healthcare proiektua izan zen irabazle. Ainhoa Artola, Aiala Elejalde, Iker Bermeosolo, Garazi Zuazo, Izaro Bilbao eta Judith Zubia arrasatearra izan ziren lantalde sustatzaileko partaide, eta haurren leuzemiaren diagnostiko goiztiarra lortzeko proiektuarekin irabazi zuten 500 euroko saria.
