Apustua berretsi du Axpek, urrea irabazita

Xabier Urtzelai 2021ko uzt. 2a, 20:00

Maialen Axpe, zapatuan Getafen.

Bi urtez lesioak kateatzen joan eta gero, Maialen Axpek urrezko domina irabazi du Getafen (4,37). Ez da marka pertsonalera gerturatu, baina pozik geratu da, atletismoaren alde egindako apustua berresteko indarra eman dio eta.

Domina batek, eta bereziki urre kolorekoa bada, etapa gorabeheratsu bati amaiera emateko balio dezake. Eta hori dauka buruan Maialen Axpek (Arrasate, 1993). Espainiako txapeldun berriak ez du lortu asteburuan bere marka pertsonaletik gertu egotea (4,50), baina Malen Ruiz de Azua herrikidearekin eta Andrea San Joserekin lehia estua izan eta gero –hirurek egin zuten 4,37ko marka–, Bedoñakoa igo zen podiumeko lehenengo koskara. "Halako txapelketetan denok nahi izaten dugu irabazi, garbi dago hori, baina nire helburua gehiago zen sentsazio onak bilatzea, lehengo marketatik gertu egoteko kapaz naizela ikustea eta aire zabaleko denboraldia ondo amaitzea. Izan ere, atletismoaren aldeko apustu garbia egiten duzunean eta funtzionatzen ez duela ikusterakoan, ia bi urte arazo fisikoekin ematen dituzunean, guztia jartzen duzu zalantzan. Eta lehengo atleta naizela berretsi nahi nuen", dio Axpek.

Bi urte zail izan ditu

Gorabehera handiko bi urte izan ditu Maialen Axpek, eta bereziki 2019a oso gazi-gozoa izan zen. Pista estalian izugarri ondo hasi zuen denboraldia, inoizko sentsazio onenekin. Espainiako Txapelketan marka pertsonala egin zuen (4,50) eta horrek Glasgown jokatu zuten Europako Txapelketarako txartela eman zion –han ez zen finalerako sailkatu–. Zuhurtasunez esaten zuen Olinpiar Jokoetan egotea posible ikusten zuela, bazekien zaila izango zela, baina hor zuen ametsa. 2019ko udan, baina, Italian egin zuten txapelketa batean zorigaiztoko erorikoa izan zuen, eta hori izan zen ondoren izan dituen arazo askoren iturburua. "Saltoa txarto egin eta koltxonetara beharrean oldar-kutxara erori nintzen [atletak inpultsoa hartzeko orduan oldar-kutxan sartzen du pertikaren punta. Metalezkoa izaten da]. Eroriko txarra izan zen eta orkatila bihurritu nuen". Eta orduan hasi zuen hilabete askotako gurutze-bidea.

Laguntza psikologikoarekin

Lesioa egin berritan, bi hilabetez Madrilen geratu zen Axpe. "Orkatila errekuperatzeko tratamendua hasi nuen han, baina ez nuen inongo aurrerapausorik ikusten, eta, lagun batzuek gomendatuta, Tolosara etorri nintzen, bertako fisioterapia zentro batera. Eta hor bai, hor asmatu egin zuten, baina tarte laburrean beste lesio batzuk azaldu zitzaizkidan. Oin azpian fisura lehenengo, aurrerago hernia diskala... Momentu horiek gogorrak izaten dira kirolari batendako, egiten ari zaren apustua kolokan ikusten duzulako, dena jartzen duzulako zalantzan". Min horiek guztiak, baina, ez ziren fisikoak soilik. "Italiako erorikoaren ondoren, salto egiteko beldurra barruraino sartu zitzaidan, ostera ere min hartzeko beldurra nuen. Saltoak egiterakoan konfiantza erabat galdu nuen neure buruarengan, eta beste prozesu bat abiatu nuen. Zorionez, laguntza psikologikoa eskatu nuen hori guztia kudeatzen ikasteko, eta oso-oso lagungarri izan da. Beldurra nola kudeatu ikasteko, lesioen ondoren izandako bolada txarra gainditzeko, bizitza beste perspektiba batekin ikusteko... Egia da horrelakoetan kosta egiten zaigula psikologoarengana joan garela esatea, baina niretako oso lagungarria izan da".

Psikologoaren laguntza, baina, koronabirusak ekarri zuen itxialdiaren ondoren etorri zen. "Bai; seguruenik, itxialdian denok eskertuko genukeen laguntza apur bat, baita nik ere. Gogoan dut poliki-poliki errekuperatzen nenbilela eta txukun samar entrenatzen nenbilela, eta etxean geratu behar izate horrek erabat eten zuen errekuperazio prozesua. Nik saltoak pilatzen joateko beharra neukan, udako txapelketetarako ondo egon nahi nuen, eta ez nuen salto egiterik. Etxean ariketak egin, ez genuen besterik egiteko aukerarik".

Bizipen horietatik guztietatik ikasten saiatu da Axpe, eta batutako esperientziak eta egindako lanak ostera ere Espainiako txapelketan urrea janztera eraman dute: "Saria izan da, benetan. Hala ere, beldurrek hor jarraitzen dute eta horien kontra borrokan jarraitu behar da. Esaterako, zapatuan finalean geundela, nire aurrean atleta bat [Bartzelonako Andrea San Jose] koltxonetatik kanpora erori zen, eta min hartu zuen. Hor ostera ere mamuak azaltzen dira, duela bi urteko erorikoko oroitzapenak. Eta horiek kudeatu egin behar dira, pentsamendu negatibo horiek baztertu eta txapelketan ostera ere zentratu. Horregatik nago pozik txapelketa horretan lortu dudanarekin".

Atletismora "engantxatuta"

Hain zuzen, aire zabaleko denboraldia ondo amaituta, atletismoaren aldeko apustuarekin jarraituko du Bedoñakoak: "Jabetzen naiz kirol honetara oso engantxatuta nagoela oraindik [Barre], izugarri gustatzen zait pertika-saltoa eta uste dut erretiroa hartzeko aurrerago ere izango dudala denbora. Orain, atseden apur bat hartuko dugu, baina ezin gara pasatu, ondoren hastea gehiago kostatzen zaigulako [Barre]. Hala, abuztu erdi inguruan ostera ere entrenamendu saioekin hasiko naiz, pista estaliko denboraldia prestatze aldera".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak