Ingelesezko aditzak eta hiztegia institutuan uzten dituenean, eskela eta lore sorta artean murgilduta bizi da Aitziber Ojanguren arrasatearra. "Beti denbora gabe" ibiltzen den arren, "min horren guztiaren artean familia pozik geratzea" baloratzen du.
Nola erabakitzen da ehorztetxean lan egitea?
Nire kasuan, aitaren familiatik etorri zait, hala tokatu zaidala esan dezaket. Hemendik kanpo irakasle egiten dut lan, baina, familia-negozioa denez, hemen ere kudeaketa-lanak egin behar ditut. Gurasoak erretiratu zirenean hartu nuen ardura hori, eta ez nengoen ohituta halako negozio bat eramatera; ordura arte, beti irakasle.
Ez da erraza izango bi lanak konbinatzea...
Beti ibiltzen naiz denbora gabe. Lanaz eta ehorztetxeaz gain, bost seme-alaba ere baditut; hortaz, imajinatu...
Heriotzari beldurrik ezingo diozu izan, behintzat...
Gure gizartean, zelanbait, tabu bezala bizi dugula ikusten dut. Heriotza aldendu egin nahi izaten dugu, ahalik eta urrunen; hilerriak ere horren adibide dira: herritik kanpo atera dira azken urteetan.
Ohitu egiten da heriotzarekin lan egitera?
Azken batean, gauza normal bat bezala bizi dut, bizitzaren parte bezala ulertzen dut heriotza, beste etapa bat da.
Zuen negozioa ondo doanean, seinale txarra... Une honetan nola zabiltzate?
Aurreko urtean bereziki nabaritu genuen gorakada, pandemiagatik. 2020ko apirilean eta maiatzean, hilean 30 hildako inguru izan genituen, eta, normalean, hileko batez bestekoa hamar-hamabi bitartean egoten da; hamabost, gehienez. Aurten, baina, normaltzen hasi da dena.
Zer da lan honen onena? Zerbait badu, behintzat..
Familiaren min horren guztiaren artean, jasotako zerbitzuarekin pozik geratzen direla ikustea. Gaizki pasatzen dabilen familiari, dena antolatzearen kargua kentzen diogu.
Irakasleek opor luzeak, baina ehorztetxean...
Hemen berdin dio goizeko hirurak edo arratsaldeko bostak badira, urteko edozein egunetan.
Internetera moldatu behar izan du ehorztetxeak ere?
Dena Interneten gertatzen da gaur egun. Eskelak bertatik ikusi eta doluminak adierazteko aukera eta guzti dago, pentsa...
'Goiena 0km gida'-ko zuen erakusleihoa ere horretara moldatu duzue...
Bertan gure zerbitzuak daude eskuragarri, eta harremanetan jartzeko bidea ere ematen du.