Pandemia aurreko egoeran egongo bagina, 60. aldiz aterako zen kalera nagusien danborrada San Juan bezperan. Joan den urtean ezin izan zen, eta ezta aurten ere, COVID-19 egoerak baldintzatuta, baina aurten betetzen du 60. urteurrena nagusien danborradak.
Telefonoz deitzean datu horrekin gogoratzen ez zen arren, berehala atera ditu kontuak lehen zuzendari nagusia izan zenak, Luis Mari Maidaganek: "32 urte nituen lehen danborrada egin genuenean, eta 92 ditut orain. Bai, 60 urte. Azkar pasatzen dira urteak".
Arrasateko Udalpe elkarteak antolatu zuen nagusien danborrada lehendabiziko aldiz. "Bertako bazkidea nintzen. Elizako abesbatzan kantatzen nuen 7 urte nituenetik, musika pixka bat ulertzen nuen eta uste dut horixe izan zela zuzendari izateko gonbidapena jasotzearen arrazoia. Gogoan dudana da 100 bat lagun izango ginela danborra jotzen, denak gizonezkoak, eta oso ekintza polita izan zela; asko gustatu zitzaion jendeari. Nik neuk oso ondo pasa nuen. Oso oroitzapen onak ditut".
Danborrada egiteko ideia nork izan zuen ez du gogoan Maidaganek, baina bai Donostiakoa izan zutela buruan adibide moduan: "Danborrak eta arropak handik ekarriko genituen; alokatuta, ziurrenik. Entseguak Udalpe elkartean bertan egiten genuen". Gizonezkoek osatzen zuten orduko danbor-jotzaileen taldea, baina erregina eta bere damak ere bazituen lehen danborrada hark. Jose Mari Velez de Mendizabalek Hots Begi Danbolinak blogean jasota duen moduan, Karmele Barandiaran izan zen lehen urteko erregina.
Aita-semeak izan dira zuzendari
Maidaganen ostean (1961-1964) beste hainbat zuzendari izan ditu Arrasateko nagusien danborradak, 2018an kargu hori Eva Romerok hartu zuen arte: Jose Luis Mendieta (1965-66), Rafa Fernandez (1967-1978), Luis Mari Muruamendiaraz (1978-1987), Aitor Zeziaga (1987-1995), Luis Mari Mentxaka (1996-1998) eta Nestor Maidagan (1999-2016), Luis Mariren semea.Aita bezala, danborradako zuzendari lanetan ibili zen hain-bat urtez Nestor Maidagan. 1999an bete zuen zeregin hori lehen aldiz, danborradak bultzada bat behar zuela-eta antolatzaileak berarengana jota. "Beti hartu izan dut parte, modu batera edo bestera, danborradan, umetatik. Ikusle moduan batzuetan, baina danborra jotzen ere bai urte askotan. 1999an, SUDC elkarteko Jesus Mari Arce etorri zitzaidan danbor-jotzaileak zuzenduko ote nituen galdezka. Bultzada baten beharra zuen garai hartan danborradak, eta jendearen parte-hartzea sustatzen hasi ziren. Erantzuna oso ona izan zen: bi konpainia izatetik hamar izatera pasatu zen danborrada. Neskak ere urte hartan hasi ziren danbor-jotzaile danborradan ateratzen. Horietako bat, nire kuadrillak osatutakoa. Oso oroitzapen onak ditut".
Hemezortzi urtez izan zen zuzendari Nestor Maidagan, eta danborradaren ibilbidea sarri aldatu izan dela gogoratzen du: "Ospitale ingurutik atera izan da hainbat aldiz, adibidez. Baita Biteri plazatik ere. 60 urte hauetan Arrasate bera ere aldatu egin da eta ibilbide ezberdinak egin izan dira. Amaiera, hori bai, beti izan da Herriko Plazan. Ordutegiarekin ere egon da aldaketarik urte hauetan. Errementari dantza egiten hasi aurretik, lehenago ateratzen zen, adibidez. Danborrada indartu egin zen moduan, sanjuanak ospatzeko ekitaldiak ere gehitu egin dira urteotan, eta ordutegia moldatu beharra ekarri du horrek. Normala da".
Beti disfrutatu du danborradaz Nestor Maidaganek, baina danbor-jotzaile zuzendari baino hobeto pasatzen dela aitortu zion Goienari duela sei urte, oraindik zuzendari zela: "Hobeto pasatzen da danborra jotzen. Sekulakoa da, haserre guztiak pasatzen zaizkizu. Zuzentzerakoan, gauza asko izan behar dira kontuan. Askotan pentsatu izan dut zuzendari lana utzi eta danbor-jotzaile izatera pasatzea, baina zuzentzeak dituen gauza onez gogoratzen naiz eta bazter-tu egiten dut ideia hori". Baztertzen ez duena da aurtengo San Juan bezpera ospatzea.
Azkena 2019an izan da
Joan den urtean Herriko Plazan egin zuten ekitaldian izan zen Nestor Maidagan, kantuan. Eta aurten ez daki, oraindik, zer egingo duen, baina barru-barrutik bizi duen eguna da danborradarena, eta ziur da, nola edo hala, parte hartuko edo zerbait egingo duela.
Herriko kaleetan barrena 2019an egin zen azkenekoz sanjuanetako nagusien danborrada. Eva Romerok zuzendu zuen hirugarren aldia zen. Maidaganen erreleboa hartu zuen Romerok 2017an. Urte hartan, gainera, berrikuntza moduan, kantu berri bat jo zuten, eta aspaldiko beste bat berreskuratu. 2018koa, berriz, Zaldibartik abiatu zen, zortzi batailoiz osatuta, eta Aitor Zeziaga omendu zuen, 50 urte bete zituelako, urte hartan, danborra jotzen. 2019an, egin zen azkeneko aldian, zortzi konpainia –bost danbor-joleekin eta hiru barril-jotzaileekin– abiatu ziren Biteri plazatik; eta horien artean, konpai-nia berri bat izan zen: Arrasate Herri Eskolako Guraso Elkarteak sortu zuen Herrikoia izenekoa, hain zuzen. 200 lagun inguruk hartu zuten parte danborrada hartan.
(Argazkiak: Jose Mari Velez de Mendizabal-en Hots Begi Danbolinak blogetik hartutakoak)