Lurpetik azalera, historian sakontzeko

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 28a, 09:48

David Gil, Aner Narvaez eta Aitzol Azkarraga, orain arte aurkitu izan duten askotariko materialarekin, lokalean.

Arrasateko Oroimen Detekzio Taldeak hiru urte daramatza batez ere gerra garaikoak diren eta lurpean ezkutatuta geratu izan diren askotariko materialak berreskuratzeko lanean. Tartean, txanponak, intsigniak eta animalien tresnak ere aurkitu izan dituzte.

David Gil arrasatearrak metal detektagailu zahar bat zeukan etxean eta, jakin-minak jota, Aitzol Azkarraga eta Hodei Villar lagunekin elkartu zen, mendira joan eta detektagailuarekin zerbait aurkitzeko asmotan. "Gerra garaiko askotariko materialak aurkitu genituen, eta hasieran ez genuen jakin material horrekin guztiarekin zer egin", adierazi du Azkarragak. "Beraz, elkarte bat sortzea erabaki genuen, eta, tramite guztiak egin ostean, erregistratu egin ginen Donostian".

2018ko uztailean sortu zuten elkartea, aurkitutako material horiek jaso, gorde eta katalogatzeko asmoarekin. "Horrez gain, gauzak ondo egin gura izan genituen, protokolo guztiak jakiteko eta bilaketak non eta nola egin genitzakeen jakiteko. Bestalde, obus bat aurkitzerakoan, adibidez, Ertzaintzara deitu behar da eta ezin da manipulatu. Gauza horiek guztiak jakitea ezinbestekoa da horrelako lanak egiteko".

Bilaketa gehiago egin ahala, geroz eta gauza gehiago aurkitzen joan ziren, eta bakoitzak detektagailu bat erosi zuen, "modu serioagoan" lanean hasteko. "Izan ere, Davidek zeukan detektagailua nahiko txarra zen. Beraz, diru pila bat aurreztu genuen, taldea sortu eta urtebetera detektagailu on bat erosteko. Egia esan, oraingoekin askoz ere hobeto aurkitzen dira materialak", dio Azkarragak.

Gaur egun, hamar bazkide dira

Hasiera hartan hiru kide ziren arren, denborak aurrera egin ahala jende gehiago batzen joan zaie taldera eta gaur egun, hamar kidek osatzen dute Oroimen Detekzio Taldea. "Dena den, bazkide ez diren beste batzuk ere etortzen dira, batzuetan, laguntzera, gustatu egiten zaielako". Gehienbat, arrasatearrak dira, baina Bergarako, Usurbilgo, Donostiako eta Bilboko jendea ere badago, Azkarragak azaldu duenez.

Aner Narvaez da elkartea sortu eta segidan batu zitzaienetako bat, Azkarragaren lehengusua. "Mendian buelta bat ematen ari nintzela, lehengusua aurkitu nuen, detektagailu bat eskuetan zuela, Kurtzetxiki inguruan. Zertan ari zen galdetu nion, eta niri ere jakin-mina piztu zidan. Egiten zutena interesgarria iruditu zitzaidan eta taldera batu nintzen", adierazi du.

Bakoitzaren ikasketa eta lanbideari dagokionez, berriz, askotariko profilak dituzte. "Historiari buruzko ikasketarik ez dugu. Ia guztiok industrian egiten dugu lan, baina asko gustatzen zaigu historia, eta, zaletasun moduan hasi ostean, apurka-apurka aditu bihurtzen goaz. Inguruan gertatu izan diren gauzak, jende askok ez dakizkienak eta inon idatzita ez daudenak, jakiten ditugu zaletasun honi esker", azpimarratu du Azkarragak.

Ondarea berreskuratzen ari dira

Esan moduan, askotariko materialak aurkitu izan dituzte hiru urte hauetan. "Gehienbat, munizioak, jaurtigaiak eta bestelakoak izaten dira, dagoeneko erabilita daudenak. Munizioak, gainera, informazio asko ematen du, markaren arabera jakin dezakegulako ze fusil zen eta ze bandotakoa. Horrez gain, intsigniak, txanponak, uniformeen botoiak, sukaldeko tresnak, animalien ferrak, zintzarriak, eta abar ere aurkitu izan ditugu", dio Azkarragak.

2022an erakusketa bat egin gura dute, orain arte aurkitu dutena herritarrei erakusteko asmoz

Era berean, "balio handia" ematen diote ondare hori guztia berreskuratzeari eta jasotzeari. "Garrantzitsua da material horiek berreskuratzea, katalogatzea eta ikertzea. Gainera, orain aprobetxatu behar dugu, jasotzeko aukera daukagula. Izan ere, 200 urte baino gehiagoko materialak ezin dira jaso, legeak hala dioelako. Horretarako, arkeologia arloko profesionalak beharko genituzke. Bestalde, interes kultural gisa izendatutako guneetatik kilometro batera baino gutxiagora ezin gara hurbildu halako bilaketak egitera".

Ilusio berezia egingo liekeena da, bai Azkarragak eta baita Narvaezek onartu dutenez, gudari baten gorpua aurkitzea. "Gorpu asko daude desagertuta oraindik eta lorpen hunkigarria izango litzateke gorpu horietako bat aurkitu eta haien senideei entregatu ahal izatea. Egiten ari garen lanaren nolabaiteko aitortza izango litzateke, zerbaitetarako balio duela frogatzea", dio Narvaezek. "Oso polita eta hunkigarria izango litzateke hori, jende asko dagoelako oraindik senideen berririk ez duena", gaineratu du Azkarragak.

Arrasaten ez ezik, inguruko herri askotan egiten dituzte bilaketak. "Gehienbat, Arrasateren mugakide diren herrietan ibili izan gara orain arte, Elgetan, Bergaran edota Aramaion. Bestalde, Usurbileko laguna inguru hartan ari da lanean eta Legution ere ibili izan gara, eraso bortitzenak han izan zirelako".

Horrekin lotuta, Arrasate lubakiz inguratuta dagoela aitortu du Azkarragak. "Elgetako fronteak erresistentzia handia egin zuen, eta, horren ondorioz, Arrasaten lubaki asko daude: Udalatx inguruan, Anporretan, Murun, Kurtzetxikin eta baita erdigunean ere; Santa Barbaran, esaterako".

Obus bat aurkitzean, zer egin?

Azkarragak azaldu duenez, obus bat aurkitzean Ertzaintzara deitu behar da, abisua emateko. "Ertzaintza etortzen denean, perimetralki itxi egiten dute, inguruan inor ez dagoela frogatu eta leherrarazteko. Inguruan etxebizitzak baldin badaude, ordea, eraman egiten dute. Bilaketa hauek egiten hasi ginenean, izan genuen kasu bat. Udaltzaingoari deitu genion eta haiek deitu zieten Ertzaintzari. Horren ondorioz ere konturatu ginen gauzak ondo egitea komeni zela, eta horregatik ere erabaki genuen, hein batean, elkartea sortzea".

Mapa birtuala eta erakusketa

Aurrera begira, mapa birtual bat egiteko asmoa daukate, eta horretan dihardute lanean egun. "Gerra zibilean egon ziren lubaki eta kokalekuak ikusteko aukera eskainiko du mapa horrek. Lubaki bakoitzaren gainean klikatu ostean, argazkiak eta azalpenak irakurri ahal izango dira, ze bandotako jendea egon zen, ze urtetan eta ze material aurkitu izan dugun leku horietan". Horretarako, webgune bat sortuko dute edo, bestela, Intxorta 1937 kultur elkartearen webgunea aprobetxatuko dute.

Horrekin batera, asmoa da datorren urtean erakusketa bat egitea, orain arte aurkitu izan duten material guztia erakutsiz eta informazio osagarria eskainiz. "Bestalde, interesgarriak diren lekuetan kartel informatibo batzuk ipintzea edota auzolanean lubaki bat atontzea ere gustatuko litzaiguke laster".

Askotariko materialak aurkitu dituzte orain arte

Jaurtigaiak aurkitzen dituzte gehienbat

Orain arte, jaurtigaiak aurkitu izan dituzte, gehienbat. Lehenengo argazkikoak, esaterako, Lebel fusilaren jaurtigaiak dira, Gesalibar auzoan aurkitu dituztenak. Horrez gain, 76.5 milimetroko obus apurtzailea, 75 milimetroko obus jaurtigai italiarrak eta 75 milimetroko obus jaurtigai nazionala ere aurkitu dituzte (bigarren argazkikoak), baita Mauser C96 pistolaren kargatzailea ere (hirugarren argazkia).

Animaliek erabiltzen duten materiala

Gerra garaiko materiala ez ezik, askotariko materiala ere aurkitu izan dute. Esaterako, animaliek erabiltzen dituzten materialak: ferrak, zintzarriak, eta abar. Argazkian agertzen direnak idien ferrak dira. Horrez gain, kaskabiloak ere aurkitu izan dituzte. "Hauek aurkitzeko ez dago leku zehatzik. Izan ere, mendian, edozein lekutan aurkitu daitezke".

Sukaldeko askotariko tresnak

Sukaldeko askotariko tresnak ere aurkitu izan dituzte: koilarak, sardexkak, lapikoak eta bestelakoak. Argazkian ikusten dena lapiko bat da, bi tiro dituena, eta, Azkarragak azaldu duenez, zortzi tiro dituen lapiko bat ere badute. Horrez gain, aizkorak, labanak eta supiztekoak ere aurkitu izan dituzte, baita harmonika bat ere.

Txanponak, intsigniak, eta abar

Azkenik, intsigniak, txanponak, uniformeen botoiak eta bestelakoak ere aurkitu izan dituzte egindako bilaketetan, baita gerrikoen euskarriak ere. "Kartutxera eta pistolen zorroak eramateko gerrikoen hebillak edo euskarriak dira. Esaterako, Eusko Gudarosteko bat aurkitu genuen behin, 'Lauak bat' armarriarekin", azpimarratu du Azkarragak (bigarren argazkikoa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak