ELAk esan du Aita Menniko zuzendaritzaren partetik egindako akusazioak "onartezinak" direla

Txomin Madina Milikua 2021ko eka. 23a, 10:52

Atzo egindako elkarretaratzeko une bat.

Sindikatuak deituta elkarretaratzea egin zuten atzo ospitalearen aurrean. ELAtik diote Aita Menniko zuzendaritzak ekintza sindikala desaktibatu nahi duela eta gatazka honetan "erantzukizunez" jokatzeko eskatu diete administrazio publikoei.

Greba eskubidea urratzen ez duela esanaz Aita Menniko zuzendaritzak joan den astean emandako azalpenen harira, ELA sindikatuak adierazi du zuzendaritzak ekintza sindikala desaktibatu nahi duela, sindikatua eta enpresa batzordea "gutxietsiz" eta gizarteari begira bere irudia garbitzeko. Hala, "onartezintzat" jo ditu sindikatuak bere eta enpresa batzordearen kontra enpresak egindako akusazioak.

Era berean, enpresak greban dauden ospitaleko langileen zereginak ere epaitzen dituela diote sindikatutik, esanaz gutxieneko zerbitzuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren dekretu bat dagoela, egin beharreko gutxieneko zerbitzuak zein diren ezartzen duena: "ELAtik epaile lanak egiteari utzi eta zuzendari lanak bete ditzala eskatu nahi diogu enpresari".

Enpresari leporatzen diote baita ere ospitaleko langile faltaren inguruko kezka komeni zaionean bakarrik agertzea, eta "bitxitzat" jo dute enpresa batzordeari esatea bere lankideak presionatzen dituela. Izan ere ELAtik diote zuzendaritza dela negoziazio kolektiboa boikoteatzen duena langileei edukiak unilateralki aplikatuz, edo greba ondoriorik gabe uzteko langileei informazio-orriak eskura emanaz. "Grebarik badago, arrazoiak daudelako da eta eta langileen aldarrikapenak bideragarriak dira enpresaren egoera ekonomikoa ikusita." diote sindikatutik.

Administrazio publikoa

ELAk emandako Aita Menniren inguruko datu ekonomikoak egiazkoak direla ere zehazten du sindikatuak, zuzendaritza izan delako eman dizkiona, enpresari galdetzen dio ea azken 5 urtetan eginiko 10 milioi euroko inbertsioetatik zergatik ez den kopururik bideratu zaintzara edo lan baldintzen hobekuntzara.

Administrazio publikoei Aita Menniko gatazkan erantzukizunez jokatzeko deia egiten diete ELAk: "Erabat onartezina da azpikontratatuta edo kontzertatuta dagoen zerbitzu publiko batean langileen lan-baldintzak guztiz eskasak izatea. Mota honetako zerbitzu batek soldata duinak, lantalde egonkorrak eta lanaldi osoko kontratuak behar ditu. Ospitale honetan dagoen prekarietatea medio, langile askok Osakidetzara jotzen dute lan baldintza hobeagoen bila".

Sindikatuak dio baita ere hitzarmenaren negoziaketarako erabateko borondatea duela eta zuzendaritzari eskatu dio gatazkari amaiera emateko, "langileen prekarietatea behin betiko ezabatzeko urrats errealak emanez eta pertsonak erdigunean kokatuz".

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak