Antolatze lanetan aritu ziren guztiendako "oso egun luzea" izan zela gaineratu du. "Goizean goiz hasi ginen lanean, antolaketa, dekoratua, eta abar, eta 15:00etan soinu probak. Konturatu orduko, jaialdia hasi zen. Oro har, oso sentsazio onarekin gelditu ginen bukaeran: egun borobila izan zen. Izan ere, ez da bezperan egindako lana izan. Ondo pentsatu dugu guztia eta hilabeteetako lana izan da, baita dekoratua ere".
Onartu du agian ez daudela ohituta panderoak duen presentzia nabarmentzen. "Esan behar da musikariek ahalegin handia egin zutela panderoari protagonismo berezia emateko, eta lortu zutela. Oso gauza interesgarriak eta politak egon ziren, guztiek eman zioten ukitu berezi hori".
Parte-hartzaileen erantzuna "eskertzekoa" izan da, eta Udalaren laguntza ere "asko" eskertu dute. Hala, ez dute baztertzen beste bat egitea. "Lehenengoa zoragarri atera da eta baliteke bigarren bat egotea. Baina indarberritu egin beharko gara horretarako, esfortzu handia baitago honen guztiaren atzean".