'Lepuan zapixa, piztu herrixa'

Mireia Bikuña 2021ko eka. 23a, 09:00

San Juan jaiek badituzte hainbat adierazgarri. Maritxu Kajoi egunean eskapularioa zintzilik eramatea bezain inportantea da sanjuanetan zapia ipintzea, lepoan. Iaz, ez zen halakorik egin. 2019ko hutsunearen ostean, aurten, zapi morea janzteko aukera izango dute herritarrek.

AEDk deitu zuen zapirako leloa aukeratzeko lehiaketa. Hala, titularrak esaten duen moduan, herria pizteko asmoz sortutako leloa da Lubis kuadrillak proposatutakoa. Ez-jaietarako gonbidapena. "Disfrutatzeko eta ondo pasatzeko gonbita da. Barrutik irten zaigun gauza bat izan da. Denbora asko daramagu jai barik, eta herria berpizteko beharra ikusten dugu", diote kuadrilla horretako kideek.

Hemezortzi neskatilak osatzen dute kuadrilla, eta esaldia aukeratzeko orduan guztiek parte hartu zuten. "Denon artean sortu genuen. Kuadrillako batek Txapela burua eta ibili munduan esaldia aipatu zuen, eta hortik tiraka, aldaera batzuekin, esaldia sortu genuen", diote.

Zapiak eta bertso-sarrerak

Zapi morea erosi gura dutenek hilaren 23ra arte izango dute aukera, hiru eurotan. Irati, Etxoste eta Monte tabernetan, Ttukun fotokopia-dendan, AEDren bulegoan zein kalean egongo diren postuetan erosteko aukera egongo da. Hain zuzen ere: gaur, Seber Altuben (11:00- 13:00) eta Arbolapetan (19:00- 21:00); hilaren 19an eta 20an, Seber Altuben (12:00-14:00) eta Arbolapetan (19:00-21:00); hilaren 21ean eta 22an, Seber Altuben (11:00-14:00) eta Arbolapetan (18:00-20:00); eta hilaren 23an, txosnagunean (12:00-14:00) eta Arbolapetan (19:00-21:00).

Bide batez, zapia erosteko postuetan, hilaren 26ko bertso saiorako sarrerak salduko dituzte. Saioa debalde izango da, baina, edukiera mugatuarengatik, sarrerarekin joan beharko da emanaldira. Oholtza gainean egongo dira Manex Agirre, Ane Beloki, Xabier Silveira eta Oihana Iguaran. Gai-jartzaile lanak, berriz, Imanol Artola Felix-ek egingo ditu. Askotariko gaiak erabiliko ditu Tolosaldeako Ataria irratian (H) ari naizela irratsaioa egiten duen bertsolari adituak. Bertsolarien erantzunek balioko dute Seber Altube plazako giroa "pizteko".

Eguzkilaru Eguna

Duda barik, Lubis kuadrillaren esana beteko duenak, alegia, herria piztearena, laru koloreko pertsonaia izango da. Iaz ez zuen hutsik egin –pandemiaren baimenarekin–, eta aurten ere Arrasaten egongo da Eguzkilaru, hilaren 25ean.

Goizean eta arratsaldean egingo dituzte ekintzak hilaren 25ean. Haurrendako eta familiendako jolasak Monterron parkean izango dira, ordu eta erdiko bi txandatan: 10:00-11:30 eta 12:00-13:30. Txanda bakoitzean 60 pertsona onartuko dituzte, eta gune eta ekintza bakoitzean hamar pertsona egon ahal izango dira aldi berean.

Bestalde, 11:00etatik 13:00etara, Seber Altuben, ginkana egin ahal izateko informazio-puntua ipiniko dute. Edozelan ere, ginkana egiteko egun osoa edukiko dute parte-hartzaileek: pistak jarraitu eta hainbat proba egin beharko dituzte. "Informazio-puntuaz gainera, haur taldeek zein familiek ginkana egin ahal izango dute Txatxilipurdiren webgunean egongo diren urratsak jarraituta", diote antolatzaileek. Arratsaldekoak Arratsaldean Ihes bidea jolasa egingo dute nerabeendako. "Scape-room bat egingo dugu, eta gazteek, pistei kasu eginez, istorioak kontatzen duen korapilo hori askatzen ahalegindu beharko dute". Herriko Plazatik abiatuta egingo dute jolasa, 17:30etik 18:30era, hamarreko taldeetan.

Eguzkilaru Eguneko azken ekintzan, amatxo Loretoren omenez landatutako zuhaitza izango da protagonista: intxaurrak ematen hasiko da. Pirritx, Porrotx eta Marimotots oso pozik ipiniko dira, eta gogotsu ospatuko dute umeekin, kantuan eta dantzan. Heriotza –Marimototsen amarena– eta dolua jorratzen dituen ikuskizunera 200 pertsona sartu ahal izango dira. Monterron parkean egingo den emanaldirako –19:00etan– sarrerak Amaia antzokian hartu beharko dira, hilaren 21ean, 17:00etatik aurrera.

Sarrera, ezinbestekoa

Izan ere, Eguzkilaru Egunean egingo diren ekintza guztietarako aurrez hartu behar dira sarrerak, ezinbestean; eta kopurua mugatua izango da. "Pertsona bakoitzak lau izen emateko aukera izango du. Salbuespena egongo da familia unitatea handiagoa bada; hau da, bost pertsona edo gehiagoko familiak badira. Orduan, gehiago eskatu ahal izango dira". Hain zuzen ere, sarrerak eskuratzeko eguna ere zehaztuta daukate: goizean egingo diren haurrendako eta familiendako jolasetarako eta nerabeendako Ihes bidea jolaserako sarrerak hilaren 21ean hartu beharko dira, Monterronen, 18:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak