Tabernen gisa arituko dira txosnagunean, egitarau "xumearekin"

Maialen Santos 2021ko eka. 22a, 15:22

Tremenda Jauria eta Kunbia Queers taldeak, txosnagunean, 2019an.

Txosna Batzordeko kideek egitarau "kulturala" antolatu dute datozen egunetarako, Monteazpiko gunerako. Herriko sortzaileek euren tokia eduki dezaten ahalegindu dira.

Pandemiak bultzatuta iaz egindako etenaldiaren ostean itzuliko dira aurtengo sanjuanetara Txosna Batzordeko kideak. "Urte berezia" izan arren, "auzolanean eta gogo handiz" prestatu dute egitaraua, eta Monteazpin jarriko duten gunean eramango dituzte aurrera egun horietarako antolatu dituztenak.

Baldintzetara egokituta

Txosna Batzordeko kide Josu Zugastik azaldu du koronabirusari lotutako neurriek ahalbidetzen dutenari jarraiki prestatu dutela egitaraua: "Nabarmenduko nuke aurten egingo dugula zer edo zer, behintzat. Ahalegina egin dugu berriro ere lehen ezagutzen genituen jaietara hurbiltzen has gaitezen, pixkanaka". Gaineratu du egitarau "kulturala" eta "xumea" geratu zaiela: "Pandemiak gogorren jo zuen garaian hasi ginen sanjuanak antolatzen, eta, gerora, egoerara egokituz joan behar izan dugu, une oro".

Josu Zugasti, Txosna Batzordea: "Pandemiak gogorren jo zuen garaian hasi ginen sanjuanak antolatzen, eta, gerora, egoerara egokituz joan behar izan dugu"

Ez da erraza izan ekintzak aurrera eramateko beharrezko baimenak eskuratzea; izan ere, azkenera arte ez dute jakin ezohiko jaiak iristerako zein izango zen pandemiaren bilakaera. "Egoerak hobera egin du, baina, eta, horrenbestez, neurriak malgutu egin dituzte. Horrek mesede egin digu", aitortu du.

Antolakuntza-lanei buruz galdetuta, adierazi du herriko hainbat eragilek –Askapena, Jaiki, Euskal Herrian Euskaraz eta Tttak!– osatzen dutela Txosna Batzordea, eta eragile bakoitzeko ordezkari banak hartu duela parte bileretan: "Beraz, normal egin ditugu bilerak, lauzpabost elkartu garelako kasu guztietan".

Herriko sortzaileei eskainia

Besteak beste, kontzertuak izango dira Monteazpiko gunean, eta Zugastik azaldu du herriko sortzaileei keinua egin gura izan dietela: "Uste dugu eurek ere eskertuko dutela eskainiko diegun aukera".

Hain zuzen, eguaztenean, San Juan bezperan emango diote hasiera Txosna Batzordeak prestatutako egitarauari. 12:30ean, pregoia irakurriko dute, lehenengo, eta mikrofonoa zabalik izango da, gero: "Herritarrek bertan jotzeko aukera izango dute. Pertsona batzuk lotuta ditugu dagoeneko, baina gura duena animatu daiteke kantura, herritarrak alaitzera". Arratsaldean ere izango dira kontzertuak: Libertad Condicional eta Rebel Noise arituko dira.

San Juan egunean, bestetik, mus txapelketa egingo dute gaztetxean. "32 bikote aritu ahal izango dira, denera, eta herritarrak ekintza honetan parte hartzera animatu gura ditugu", esan du batzordeko kideak. Horren ostean, egunari amaiera borobila emateko asmoz, Ekiñe bakarlaria eta Nhil taldea igoko dira agertoki gainera.

Josu Zugasti: "32 bikote aritu ahal izango dira mus txapelketan, eta herritarrak ekintza honetan parte hartzera animatu gura ditugu"

Egubakoitzean, hilak 25, marianito musikatua izango da, hasteko eta behin, eta gero, arratsaldean, euskal presoen aldeko manifestazioa egingo dute, txosnagunetik abiatuta. "Sareko ordezkariekin bat egingo dugu honetan", zehaztu du. Bordan Bizio eta Txerrikumeak taldeek girotuko dute iluntzea.

Zapatuan, hilak 26, emango diete amaiera sanjuanei, eta 17:00etan errifen zozketa egingo dutela azaldu du Zugastik: "Oraindik eros daitezke, Txosna Batzordeko kideak ari gara horiek saltzen; tabernetan ez daude". Azkenik, Perlata eta Los Clayton taldeek eskainiko dute kontzertua, egitaraua amaitzeko.

Tabernen funtzionamendu bera

Monteazpi gunean txosna jarriko dute, eta tabernen antzera funtzionatuko duela azaldu du Josu Zugastik. Mahai ugari jarriko dituzte: "Edariak salduko ditugu, baina eserita kontsumitu beharko dira; mahai bakoitzeko sei pertsonako taldeetan, gehienez ere". Ordutegia ere ostalaritza establezimenduen berdina izango da. "Eta, jakina, distantziak eta, oro har, segurtasun neurri guztiak mantendu beharko dira", esan dute.

Horren harira, aitortu du bi kezka nagusi dituztela: "Alde batetik, eguraldiak lagun diezagun espero dugu; eta, bestetik, jendeari arduraz joka dezan eskatu gura diogu, egindako lana ez dadin zapuztu".

2001eko kontzertuek, arrastoa

2001eko ekainaren 26an izandako kontzertuez hogei urte bete dira aurten. Zehazki, egun hartan, Fase Terminal, Arkada Social eta Des-kontrol musika taldeak igo ziren txosnaguneko agertoki gainera.

Aipatzekoa da garai hartan punk-oi! musika bor-bor zegoela, hiru taldeak Arrasatekoak zirela eta, are gehiago, azken talde biek hogei urte luzeko ibilbide luzea egin dutela. Hala, kontzertu hark arrastoa utzi zuen hainbat gazte arrasatearrengan.

Arkada Social taldea, 2001eko ekainaren 26ko kontzertuan. (Argazkia: Arkada Social)

"Herrian jotzea berezia izaten da beti"

Datorren zapatuan, hilak 26, Monteazpiko terrazan kontzertua eskainiko du Arrasateko Perlata taldeak. Maialen Oleaga taldeko kideak eman ditu xehetasunak. 

Berezia izango da herrian jotzea?

Herrian jotzea berezia izaten da beti, eta gogotsu gaude sanjuanetarako. Neurri berriek lan handia eskatzen dute, eta eskertzekoa da antolakuntzan ari direnen lana.

Noiz jo zenuten azkenekoz Arrasaten?

Santamasetan. Egun hartan ere edukiera mugatuarekin izan zen, eta eserita.

Zer duzue esku artean?

Abesti berriak prestatzen ari gara eta udara begira kontzertu batzuk ditugu lotuta, uztailerako: Azpeitian, Zaldibarren eta Zubietan.

Nolako urtea izaten ari da?

Egoera honek eragin egin digu, denoi moduan. Kontzertuetako berotasuna eta izerdiak faltan sumatzen ditugu, egia esan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak