Ziklismora egokitzen ari dira, nor bere modura

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 18a, 13:33

Itxaso Plaza eta Eneritz Urrutia, Zaldibarko pilotalekuan, bizikleta batekin eta Bolintxoko maillotarekin.

Txirrindulari gisa lehen denboraldia dute aurtengoa Eneritz Urrutia eta Itxaso Plaza arrasatearrek, eta Bergarako Bolintxo Okindegia-Lana taldean ari dira, lehena elite mailan eta bigarrena kadeteetan. Nabarmendu dutenez, taldeko zuzendaritzan "babes handia" aurkitu dute.

Triatloi mundutik txirrindularitzarako jauzia egin du aurten Eneritz Urrutiak (Arrasate, 1990), nahiz eta triatloian ere jarraitzen duen. Aitortu duenez, espero baino zailagoa egiten ari zaio lasterketetan egoten den tentsiora egokitzea. "Probatu arte ez da jakiten nola bizitzen den barrutik. Ez nuke sekula esango ziklismoa horren gogorra denik. Sakrifizio handia eta entrenamendu asko egitea eskatzen du, baina, horrez gain, lehiatzeko orduan, faktore asko ez daude norberaren esku. Horren harira, harritu egin nau eta asko kostatzen ari zait egokitzea. Beldur handia edukitzen dut lasterketetan".

Urrutia: "Kostatzen ari zait egokitzea; beldur handia edukitzen dut lasterketetan"

Kontuan hartu behar da azpiko kategorietan ez dela lehiatu, zuzenean hasi dela elite mailan. "Gainontzekoek askoz ere eskarmentu gehiago dute. Lasterketetako lehen hamar kilometroetan gaizki pasatzen dut, gauza asko pasatzen zaizkit burutik eta tentsio handian egoten naiz. Izan ere, tropelean joatea bera asko da niretzat, eta ikusten dut inguruko guztiak lasai doazela, baina ni, berriz, ez, esperientzia falta zait eta", azpimarratu du.

Gipuzkoakoan, hirugarren

Gipuzkoako erlojupeko txapelketan hirugarren postua eskuratu du asteon Urrutiak. "Lehenengo aldiz hartu dut parte, nahiz eta triatloian asko lantzen den modalitatea den. Esperientzia aberasgarria izan da", dio.

Aurrez, hiruzpalau aldiz joan zen Aizarnazabalgo ibilbidea egitera, eta entrenamenduetako denborak hobetzeko helburuarekin irten zen erlojupekoan. "Ez nuen askorik hobetu; hobeto egitea espero nuen, baina konforme nago. Izan ere, duela bi aste erori egin nintzen lasterketa batean eta saihetsak erdipurdi dauzkat", gaineratu du.

Edozelan ere, fisikoki ondo sentitzen dela aitortu du. "Egia da ez dudala bizikletan bakarrik entrenatzen. Triatloirako entrenatzen eta lehiatzen jarraitzen dut. Beraz, bizikletako entrenamenduari ez diot eskaintzen beste ziklista batek eskaini diezaiokeen denbora, eta igeri eta korrika ere entrenatzen naiz. Kontuan hartu behar da korrika egitea guztiz kontrajarria dela eta lantzen diren giharrak oso ezberdinak direla. Ni eta Iker zuzendaria kontziente gara horretaz, baina ez nuke esango fisikoki besteak baino askoz gutxiago naizenik".

Espero baino "askoz hobeto"

Aurtengoa lehen denboraldia da Itxaso Plazarentzat ere (Arrasate, 2005). Iaz hastekoa zen, baina, pandemiaren ondorioz, ez zuen entrenatzeko aukerarik ere izan, eta aurten ekin dio ziklista ibilbideari. "Espero nuena baino askoz hobeto doa denboraldia. Hasieran, esan nuen bizpahiru lasterketa egingo nituela, baina geroz eta gusturago sentitzen joan naiz", dio.

Izan ere, triatloirako prestatzeko asmoarekin hasi da ziklismoan, bizikletan trebatzeko. "Ikuspuntu hori nuenez, lasterketa gutxi batzuk egitea zen asmoa, baina ikusi nuen maila ona ematen ari nintzela. Beraz, kuriositatea piztu zitzaidan, ikusteko ea zer egiteko gai nintzen, noraino hel nintekeen". Atletismoan ere badabil, baina udaberriko denboraldia alde batera utzi du. "Nahiago izan dut ziklismoan zentratu, oso gustura ari naizelako".

Plaza: "Lasterketa gutxi batzuk egitea zen asmoa, baina ikusi nuen maila ona ematen ari nintzela eta jarraitu egin dut"

Lasterketetan "kokapen ona" aurkitzea kosta egiten zaiola aitortu du. "Gero, igoeretan, postu asko aurreratzen ditut eta askotan pentsatzen dut ondo kokatu ezkero mendiko sari gehiago eskuratu ahal izango nituzkeela. Beraz, ea kokapena hobetzen dudan".

Gipuzkoakoan, txapeldun

Bergaran jokaturiko Gipuzkoako erlojupeko txapelketa irabazi egin zuen Plazak. "Arlo psikologikoak garrantzi handia du erlojupeko batean. Irabaztera irten nintzen, eta, aurkariak oso maila onekoak izan arren, lortu nuen. Esango nuke ez zela indarragatik izan, baizik eta neure buruari asko exijitu niolako. Oso pozgarria izan zen podiumera igo eta txapela jantzi ahal izatea", nabarmendu du.

Batek atseden hartuko du eta besteak, lanean jarraitu

Plazak atseden hartuko du bizpahiru astez, gero uztaileko lasterketak hasteko. Badu bat bereziki begiz jota: Markinako kronoigoera. "Badaukat gogoa ikusteko ea nola moldatzen naizen. Ez dut sekula kronoigoerarik egin, eta deseatzen nago". Urrutiak lanean jarraituko du, eta ekainaren 26an Pontevedran du hurrengo lasterketa, Espainiako Koparen baitakoa.

Iker Sanchezi esker bereziak

Urrutiak dio Iker Sanchez zuzendaria asko laguntzen ari zaiela. "Errealistak diren helburuak jartzen dizkigu eta beti gure gainean dago. Asko zor diogu".

Plaza ere bat dator horrekin. "Oso giro ona daukagu eta Iker Sanchez zuzendariak asko laguntzen digu. Aholkuak ematen dizkigun pertsona bat ondoan izateak asko laguntzen digu, ez bakarrik kirol maila onean aritzeko, baizik eta pertsonalki hazteko ere bai. Oso pozik nago, eta hartu dudan erabaki onenetarikoa da talde honetara etorri izana".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak