Pandemiara begira egitarau egokitua izango dute aurtengo sanjuanek. Beste urte batzuetan baino zailagoa izango da erretratu ezberdinak egitea, originalak...
Eta, hain zuzen, lehiaketaren gaia ere moldatu egingo dugu. Hau da, Arrasate izango da gaia, eta ez horrenbeste San Juan jaiak. Izan ere, jaietan oso gauza gutxi daude antolatuta; berez, ekitaldi sinboliko bat egongo da, eta ondoren, formatu egokituko kultura hitzordu batzuk antolatu dira, baina ez dira beste urte batzuetako jaiak izango, inondik inora. Eta ez du zentzurik ekitaldi apur horietan herritarrak argazki kamerarekin ibiltzea; gainera, edukierak eta halakoak kontrolatu egingo dituzte, normala den moduan. Aurtengoak oraindik ez dira jai normalak izango eta ez litzateke oso erakargarria izango lehiaketaren gaia aldatuko ez bagenu.
Lehiaketaren gaia birpentsatu egin duzue, horrenbestez.
Bai. San Juan jaietan zehar ateratako argazkiak onartuko ditugu lehiaketan, normala den moduan, baina Arrasate gai moduan hartuko dugu. Izan daiteke paisaia bat, udaletxe gainean azaldu den ostadarra, eraikin bat... Ez du zertan jaietako irudia izan. Beste modu batera; esaterako, margolariak ibiltzen dira Arrasateko bazter ezberdinak aukeratu eta horiek margotzen. Horrelako zerbait planteatzen dugu guk ere, bakoitzak erabili dezala gura duen estiloa; horrela, uste dugu jende gehiago animatuko dela lehiaketan parte hartzera. Ea zer-nolako harrera duen.
Baina argazkian ez dago zertan ikusi San Juan jaiak direla.
Hori da, ez dago zertan. Hori bakoitzaren aukerakoa izango da.
Halako lehiaketek laguntzen dute jendea Artgazki elkartera gerturatzen?
Bai, zalantza barik. Azken batean, argazkiak sare sozialetara igotzen ditugu, etiketatu egiten ditugu, jendeari iritsi egiten zaizkio erretratu horiek, herritarrekin interakzio bat gertatzen da. Ondoren, esaterako, sari banaketa ekitaldia Kajoi tabernan egin izan dugu, eta jendea horra ere joaten da... Solasaldi politak, eta, bada, bai, Alegia, Artgazkiren berri izateko modu ona.
Sanjuanetan, lehenengo edizioan rallya egin zenuten, eta ondorengoak lehiaketak izan dira. Guztira, sei urte herritarrak sanjuanetan argazkiak egitera animatzen.
Halaxe da, iaz ez genuen-eta jaietan lehiaketarik antolatu, ez zuen zentzurik. Egia da lehenengo edizioan rallya egin genuela, baina formatu hori lotuagoa da; hitzordu konkretuak jartzen dira, ordutegi itxi batekin egiten da rallya eta zailagoa izaten da kuadrilla polita batzea, jendeak, akaso, ordu horretan ezin duelako hitzorduarekin bat egin. Kontrara, lehiaketa formatuan herritarrek egitarauko hitzorduak aukeratzen dituzte argazkiak egiteko, bakoitzak aukeratzen du zein momentutan atera argazkiak, non, nori, zelan...
Non aurkeztu beharko dira argazki horiek?
Joango gara lehiaketaren detaileak hobeto zehazten, eta sare sozialen bitartez emango ditugu xehetasun horiek. Baina argazkiak gure taldeko posta elektronikoan jasoko ditugu, arrasateargazki@gmail.com helbidean. Eta, noski, esan gabe doa sanjuanetako egun horietan ateratako argazkiak izan behar dutela, ez duela balio norberaren artxibotik tira egiten hastea. Helburua da jendea argazkiak egitera animatzea.
San Juan jaiak alde batera utzita, zer-nolako urtea izan da hau Artgazki elkartearendako?
Bueno, esango nuke gauza politak egin ditugula eta argazkilaritzak askori lagundu digula egoera beste modu batera eramaten, ihesbide bat delako, entretenitzeko baliagarria dena. Hasieran, denoi bezala, etxeratze aginduak ezustean harrapatu gintuen. Baina ondoren hasi ginen taldeko kideak buruari eragiten, eta etxean egindako erretratuekin lehiaketa bat jarri genuen martxan, #etxeangeratu traola erabilita; 185 erretratu inguru jaso genituen sare sozialetan. Gainera, sariak Ibai-arteko dendetan trukatzeko jarri genituen eta oso ekimen polita izan zen. Horrekin batera, sare sozialetan tutorialak txertatzen joan ginen: zelan egin etxean erretratu politak, zelan jolastu kearekin, ur tanten argazkiak zelan egiten diren... Ekimen horiek harrera ona izan zuten.
Ondoren, Kulturaten jarri zenuten taldeko hainbat lagunek erakusketa, ia ezer egin ezin zitekeenean.
Oso pozik geratu ginen Arrasate 20/20 erakusketak eman zuenarekin. Taldeko hogei lagunek launa argazki aurkeztu genituen, eta Kulturaten egon ziren ikusgai. Herritik irten ezin zitekeen sasoian jarri genuen erakusketa, tabernak itxita zeuden... Kalean ere ezin zen askorik egin eta jende asko etorri zen Kulturatera, garai hartan antolatu zen kultura ekitaldi apurretakoa izan zen eta uste dut horregatik hartu zuela jendeak gogo onez. Gainera, normalean, korrika eta presaka ibiltzen gara, eta orduan jendea patxadaz etortzen zen erakusketa ikustera. Pentsa, zazpi lagun batu ziren Artgazki taldera; horrenbestez, ezin da gehiagorik eskatu. Eta ondoren egin ditugu beste lehiaketa batzuk ere; pandemia egoerak zuzenean eragin dion ostalaritza sektorea gai moduan jarri genuenekoa, esaterako. Horrekin batera, Movember ekimenarekin bat eginez Mondravember taldeko lagunekin argazki saioa ere egin genuen... Azken batean, iaz San Juan jaiak bertan behera geratu zirelako ez genuen urteroko lehiaketa antolatu, baina urtean zehar, zailtasunak zailtasun, uste baino gauza dezente gehiago egin ditugu.
Argazkilaritza lagungarri izan da pandemia egoeran?
Nik uste dut baietz, askori bizitasuna eman digula argazkilaritzak, ihesbide moduan ere erabili dugula. Denok etxean geratu ginen momentua oso gogorra izan zen, eta, beste zaletasun batzuk laguntzen duten moduan, argazkilaritzak ere bere ekarpena egin digu askori.