Herriko sei talde kulturalek lehenengoz egingo dute bat emanaldi berean, San Juan egunean Arrasate Musikaleko bandak Monterronen eskaini izan duen ohiko kontzertuan. Musika eskolako kideek ikuskizuna azken hilabeteetan geldi egon diren herriko kolektiboekin partekatu nahi izan dute, eta horren emaitza da itzulera ekitaldia Ekimenaren abiapuntua Arrasate Musikaleko haize eta perkusio ikaslez zein Gasteizko musikariz osatuta dagoen Garinband taldeari eta bandako zuzendari Mikel Markiegiri otu zitzaien. "Ideien elkartruke bat egin ostean, bandarekin batu eta herriko talde kulturalekin emanaldi bateratua egiteko asmoa jarri genuen mahai gainean", adierazi du Edorta Aiastuik, Garinbandeko musikari eta Arrasate Musikaleko kideak. Hala, "esperimentu moduko bat" egitea "polita eta herriarentzako ona" izan zitekeela ondorioztatu zuten: "Izan ere, errementari dantzarako kenduta, normalean herriko taldeak ez gara batzen".
Adostasuna zegoela ikusita, gaiteroengana, Txikitxu Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeengana eta Erraldoi eta Kiliki Konpartsarengana jo zuten, eta berehala jaso zuten baiezkoa: "Pandemiagatik geldi egotea tokatu zaien jaietako hiru partaide ezinbesteko izanik, ezin genuen beste aldera begira geratu; osasun egoera hobera doa, talde kulturalak euren espazioa berreskuratzen ari dira... Horregatik jarri diogu izenburu hau ekitaldi honi; hain justu, bueltan gaudelako guztiok".
Errepertorio berezia
"Aspaldiko erronka" gauzatuko dute Monterronen, euskal kan-tak eta nazioarteko abesti ezagunak dantzari eta konpartsaren neurrira jantziko baitituzte; fandango eta arin-arin estilora, alegia. Arrasateko Gaiteroak arduratu dira hori guztiori koordinatzeaz. Bertako kide Edu Abarrategik adierazi du "zertxobait zaila" izan dela partiturak egitea, melodiak moldatzea eta dantzariekin koordinatzea, baina "martxa ona" hartu duela prozesuak. Aiastuiren hitzetan, jendeak "sorpresaz eta gogo onez" hartuko du Oh, Susana eta Bella Ciao kantak dantzarien mugimenduetan islatuta ikustea. Oholtza azpiko zelaira aterako dira txandaka dantza taldeak eta erraldoi zein kilikiak, eta sartu-irtenen artean ere musika egongo da, "ikuskizunaren erritmoa ez jaisteko". Gainera, buruhandien kaskoa jarriko dute uneren batean Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitzekoek, konpartsari keinu egin eta emanaldiari umore ukitua gehitzeko.
Edukiera murriztua
Zoritxarrez, 500 lagun inguruko publikoa hartzeko gaitasuna duen parkean 200entzako tokia baino ez da egongo. Ekitaldia galdu nahi ez dutenek hilaren 21ean eta 22an izango dute au-kera doako sarrerako eskuratzeko, Amaia antzokiko leihatilara hurbilduz 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Ikuskizuneko protagonistek ere mugatu behar izan dute partaide kopurua, eta nahi baino musikari, dantzari eta konpartsakide gutxiago azalduko dira arrasatearren aurrean. Eragozpenak eragozpen, "norberaren esperientzia hor" egongo dela aipatu du Iñaki Arsuaga konpartsako partaideak, eta, ezeren gainetik, "gogoratzeko moduko zerbait" irtengo dela nabarmendu. 13:00etan hasiko den ekitaldiaren aurreko kalejirari ere eutsiko diote itzulera ekitaldiko musikariek, Abaroako egoiliarrei merezi duten omenaldi musikala eskainita. Guztia ondo irteteko eguraldi ona egin beharko du, ordezko planik ez delako egongo bestela.
ZER NABARMENDUKO ZENUKETE?
MAITE BILBAO, TXIKITXU ARROSTAITZ
"Duela gutxi eman ziguten aukera berriz entseatzeko"
"Pandemiagatik udaberrira arte ezin izan ginen taldeka lokalean batu. Beraz, urtebete egon gara geldi, santamasetako karpan Garinband taldearekin batera dantza egin genuela salbuetsita. Orain bai; azkenean, heldu zaigu kalera irteteko momentua. Herriko dantzari guztiok ezingo dugu errementari dantzan eta itzulera kontzertuan parte hartu; lehenengoan 14 bikote izango gara eta bigarrenean, 21 lagun. Espero dugu pixkanaka aukerak zabaltzea".
EDU ABARRATEGI, ARRASATEKO GAITEROAK
"Apirilean antzeko asmoa eduki genuen, baina ezin"
"Herriko kultura taldeok aspaldian gabiltza elkarlanean; udaberrirako ekitaldi bat antolatu nahi genuen, baina pandemiak eragotzi egin zigun. Batarekin eta bestearekin nahastu izan gara, baina ez gara batera atera. Materiala badago, eta gogoa ere bai. Faltan sumatuko dugu, halere, entzierroan eta zezen-plazan sortzen den giroa. Batzuetan ohetik altxatzea kostatzen zaigun arren, giro aparta sortzen dute dianara batzen diren gazteek; etorriko dira momentu horiek ere".