Zaharra izanagatik inoiz baino biziago dagoen panderoari gorazarre

Hasier Larrea 2021ko eka. 18a, 17:00

Amak laukotea, Bergarako Seminarixoan egindako diskoaren aurkezpen kontzertuan, maiatzean.

Arrasateko Trikitixa Eskolak Euskal Herri mailako lehen pandero jaialdia antolatu du herrian; bertako ikasle ohiek eta inguruko musikari sonatuek bat egingo dute amaia antzokian domeka arratsaldean: "ohorea da jende hori guztiori ekarri ahal izatea".

Panderoari "ikusgarritasuna" emateko helburuarekin antolatu du Arrasateko Trikitixa Eskolak domekako emanaldia. Normalean, bertako ikasleak igotzen dira Amaiako oholtzara, baina oraingoan, Euskal Herriko trikitilari entzutetsuenek izango dute euren dohainak erakusteko aukera. Antolatzaile eta musikari rola, biak hartuko ditu bere gain Maixa Lizarribar Arrasate Trikitxa Eskolako irakasle eta Amak taldeko kideak. Altzokoak perkusiozko musika tresnaren garrantzia errebindikatu du: "Panderoa soinuaren alboan ezagutzen dugu gaur egun, baina soinua hona iritsi aurretik jotzen zen panderoa hemen, erromeriak egiten baitziren soilik instrumentu horrekin". Denborarekin "tresna guztietara" moldatu dela eta "laguntzaile rolean bigarren mailan" gelditu dela gaineratzeaz bat, musika eskolan "merezi duen garrantzia" ematen diotela azpimarratu du.

Punta-puntakoa

Lizarribarrek Alaitz Telletxea, Amaia Oreja eta Kristina Solano ditu taldekide Amak proiektua. Agertokia beste lau taldeekin partekatuko dute: Elizagoien ahizpak eta Oses-Leuza anaiekin, Izer eta Eneko Dorronsororekin, Khami-rekin eta Neomak zazpikotearekin. Azken horri dagokionez, Debako, Zarauzko, Zizurkilgo, Asteasuko eta Arrasateko musikariek osatzen dute; tartean, Amets Ormaetxeak. Trikitiaren munduan murgilduta daudenen hurbiltasunari buruz mintzatu da pandero-jolea: "Amaian egongo garen batzuekin behin baino gehiagotan egin dugu topo oholtzetan, eta askotan elkartu izan gara bazkarietan eta afarietan".

Gainera, Elizagoien ahizpek Neomak-en garapenean zerikusirik izan dutela aipatu du, Nafarroako trikiti jaialdirako deitu zituztelako, Ibai-arteren ekitaldi batean jo zutela ikusi eta gero: "Justu orduan aldatu genuen izena, eta Sorginak izAtetik Neomak izatera pasa ginen".

Mota guztietako hotsak

Gertutasun horren baitan, ordea, bakoitzaren gustu eta neurrira egokitutako panderoak entzungo dira Amaia antzokian: txapadunak, txapa gabeak, laukidunak, borobilak, handiak eta txikiak. "Bizirik dagoen tresna" dela dio Lizarribarrek, "animaliaren larrua baitarama soinean". Norberak jotzeko moduari ere egin dio erreferentzia, eta gitarrarekin alderaketa egin du, eskaintzen duen aukera sortaren adibide modura: "Panderoak oraindik folkaren etiketa daraman arren, rockean ere erabili izan da; begira Lin Ton Town taldeari, bestela".

Gelditzeko dator

Erromerietan sortzen den giroa gustuko duen arren, halako emanaldiak "dantzatzeko baino gehiago entzuteko" egiten direla nabarmendu du jaialdiaren antolatzaileak. "Urtero" gustatuko litzaieke errepikatzea hitzordua, udazken garaian ospatzen den Oñatiko trikiti jaialdia bezala. Lehenengo aldian, behintzat, kalitaterik ez da faltako. Eta, agian, toki hutsik ere ez. Badaezpada, arrasate.eus atarian begiratu beharko du domekan 18:00etan hasiko den ekitaldirako sarrerarik hartu ez duenak.

GUSTURA HERRIAN JOTZEAGATIK?

AMETS ORMAETXEA, NEOMAK

"Antolatzaileak irakasle ohiak izatea handia da"

"Taldekideoi plazera eragiten digulako hasi ginen batzen, eta ez genuen bestelako pretentsiorik. Baina kontzertuak jotzeko gonbidapenak jaso genituenean, ezin ezezkorik esan! Ekainean eta uztailean emanaldi dezente izango ditugu; bada zerbait, bizi dugun testuingurua aintzat hartuta. Gainera, Trikitixa Eskolan hezitakoak gara hiru taldekide; jaialdiko antolatzaileak, beraz, ondo ezagutzen ditugu. Hortaz, oso pozgarria da gurekin kontatu izana".

IRATI GUTIERREZ, NEOMAK

"Talde berriarekin etxean jotzea plazer hutsa da"

"Kepa Junkeraren Sorginak izatetik Neomak izatera pasa gara; hau da, ikuskizunaren parte izatetik pisu guztia guk eramatera. Neomak-ek ilargi berriak esan nahi du grezieraz, horixe gara gu, baina lagun zaharrak ere bai. Ni neu Trikitixa Eskolako irakasle ere bainaiz, eta aspalditik geneukan pandero jaialdia antolatzeko ideia buruan, halakoak oso gutxi egiten baitira inguruan. Kartel puska osatu dugu, eta ziur jaialdiari jarraipena ematen lagunduko duela horrek".

 

KANPOKOENTZAT, PLAZAN JOTZEKO AUKERA EDERRA

Ekainaren 20ko ekitaldi sortak pandemia hasi zenetik lehen aldiz emango die aukera zenbait musikariri oholtza gainera irteteko. Elizagoien ahizpak dira horren adibide. Irune Elizagoienek aipatu du "online saio bat bakarrik" egin dutela tarte horretan. Jaialdiaren kalitatea ere goraipatu du etxalartarrak: "Badugu, adibidez, Khami-ko Iraide Ansorena, sekulako perkusionista".

Elizagoien ahizpak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak