Bihar emango diote hasiera sanjuanetako kultura egitarau zabalari

Maialen Santos 2021ko eka. 18a, 10:19

Iazko San Juan ez-jaietan, Herriko Plazan, suaren bueltan dantzan.

Kulturaren aldeko apustu sendoa egin du Arrasateko Udalak, eta hiru ardatz izango direla azaldu dute: esparru itxietako ekintzak, kalekoak eta Monteazpiko terrazan egingo dituztenak. Antton Telleriak irekiko du egitaraua bihar, bakarrizketa saioarekin.

Ezohiko sanjuanak izango dira aurtengoak, eta kulturak hartuko du egitarauaren zatirik handiena; izan ere, horren aldeko "apustu garbia" egin dutela esan du Arrasateko Udalak. Bihar hasita, hogei kultura ekitalditik gora izango dira.

Hasteko, bakarrizketa saioa

Udaleko Kultura Sustapeneko buruak, Jon Garaik, azaldu du egitarauak "hiru ardatz" izango dituela: "Lehenik, esparru itxietako ekintzak egingo ditugu, bihar eta etzi artean". Hain zuzen, bihar arratsaldean Antton Telleriak irekiko du egitaraua, eta Nekatutak bakarrizketa saioa eskainiko du Amaia antzokian.

Jon Garai, Kultura Sustapeneko burua: "Egitarauak hiru ardatz izango ditu: esparru itxiak, kalea eta Monteazpiko gunea"

Domeka eguerdian, ostera, Txorbelaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da San Frantzisko elizan, eta gero, arratsaldean, pandero jaialdia hartuko du Amaia antzokiak.

Astelehenean, Laburbira euskarazko film laburren zirkuituaren baitan, besteak beste, Ilunabarrean esan ikus-entzunezkoaz gozatzeko aukera izango da Kulturaten, AEDk antolatuta. "Maiatzaren 22rako sarrerak berehala agortu zirela kontuan hartuta, beste emanaldi bat antolatzea erabaki dugu", azaldu du elkarteak. Gaineratu dutenez, aurreko emanaldian bezala, laburra zuzendu duen Xabi Vallina arrasatearra izango da bertan, ikusleekin berba egiteko. "Saioa doan izango da eta aurrez ez da sarrerarik banatuko. Aretoa bete arte egongo da sartzeko aukera", azaldu dute.

Eguaztenean, hilak 23, sanjuanetako egunetan murgilduko direla azaldu du Garaik, eta ekintzek bigarren ardatzean izango dute tokia: kalean.

Arrasate Musikaleko irakasle Edorta Aiastuik esan du San Juan bezperako ekintza egingo dutela, errementari dantzarekin eta suarekin. "Murriztuta" egingo dute: "Hala egitea proposatu genuen, eta hala egingo da". Musikari gutxiagok hartuko dute parte, eta, beraz, 22 izango dira, denera. Dantzariei dagokienez, Lore Gazteak taldeko zortzi bikote eta Arrostaitzeko beste zortzi ariko dira; guztira, 32. Horren ostean, gainera, Gora Arrasate eta San Juan ereserkiak abestuko dituzte plazan.

Egun handian, ekintza ugari

San Juan eguna Udalaxpe txistulari elkartearen kalejirarekin hasiko dute arrasatearrek. Jarraian, itzulera ekitaldia egingo dute Monterron parkean. "Kontzertua, normalean, Arrasate Musikaleko bandarena izaten da, baina aurten sei talde kultural arituko dira", argitu du Edorta Aiastuik. Eta gehitu: "Horregatik deitzen da itzulera ekitaldia; talde kulturalak bueltan gatozela adierazteko".

Edorta Aiastui, Arrasate Musikal: "Itzulera ekitaldian talde kulturalak bueltan gatozela adieraziko dugu"

Mus txapelketa ere antolatu dute egun bererako, eta, egunari amaiera emateko, kontzertu bikoitza izango da Monteazpiko terrazan: Ekiñek eta Nhil taldeak girotuko dute iluntzea.

Monteazpiko terraza, topaleku

Hirugarren ardatza Monteazpiko terraza izango dela azaldu du Jon Garaik: "Herriko sortzaileendako plaza izango da. Txosna Batzordearekin elkarlanean jardun dugu; haiek dira ekintzak antolatzeaz arduratu direnak".

Datorren egubakoitz eguerdian, hilak 25, marianito musikatua egingo dute terraza horretan. Aurrez, baina, jolasak eta ekintzak egingo dituzte Monterron parkean, Txatxilipurdiren eskutik. Talde horrek adierazi du aurten ez dela izango betiko Eguzkilaru Eguna, baina lurralde "alternatiba" pentsatu dutela eta goizerako zein arratsalderako haur, familia eta gazteentzako egitarau berezia antolatu dutela. Zehazki, egun horretan tailer batzuk egingo dituzte goizean zehar, eta arratsaldean, aurrenerabeendako eta nerabeendako ekintzak.

Arrasateko Trikitixa Eskolako ikasleek herriko kaleak alaituko dituzte egun berean, eta, hori gutxi balitz, arratsaldea girotzeaz arduratuko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Monterron parkean eskainiko dute ikuskizuna; eguna amaitzeko, Bordan Bizio eta Txerrikumeak taldeen kontzertua izango da.

Bertsoak ere bai

Ekainaren 26an izango da sanjuanetako azken ekitaldia. AEDk antolatuta, Seber Altube plazan bertso-saioa egingo dute, laukote honekin: Manex Agirre, Ane Beloki, Xabier Silveira eta Oihana Iguaran. Gai-jartzaile lanetan Imanol Artola Felix ariko da.

Halere, sarrerak aldez aurretik banatuko dituzte, zapiak saltzeko jarriko diren kaleko postuetan eta AEDren bulegoan.

Sanjuanetan parte hartu gura dutenei "adi" egoteko dei egin die Sustapeneko buruak izan ere, edukiera mugei lotuta sarrerak eta gonbidapenak eskuratu beharko dira. "San Juan bezperako ekitaldian 50 lagunentzako lekua egongo da, eta zozketa bidez aukeratu dituzte izena eman dutenen artean", esan du. Eta gehitu: "Itzulera ekitaldirako, ostera, hilaren 21ean eta 22ian Amaia antzokian banatuko ditugu gonbidapenak, 18:00etatik 20:00etara".

Elkar zaintzarako deia

"Neurriak hartu behar ditugu sanjuanetan. Ekintza guztietan edukiera mugatua izango da eta 23an plazan egongo den ekitaldian 45 pertsona bakarrik sartuko dira", ohartarazi du zinegotziak. Gehitu duenez, Monterrongo ekitaldietan, asko jota, 200 pertsona izango dira eta Txatxilipurdiren ekintzak taldeka egingo dituzte. Hala, herritarrei sanjuanetan arduraz jokatu dezaten eskatu dute. 

Sanjuanetako kultura ekitaldiak

Ekainak 19, zapatua

  • 19:00 Nekatutak, Antton Telleriaren eskutik, Amaia antzokian.

Ekainak 20, domeka

  • 12:30 Txorbelaren kontzertua, San Frantzisko elizan.
  • 18:00 Pandero Jaialdia, Amaia antzokian.

Ekainak 21, astelehena

  • 19:00 Laburbira, AEDk antolatuta, Kulturateko areto nagusian.

Ekainak 23, eguaztena

  • 12:30 Txupinazoa eta mikro irekia, Monteazpiko terrazan.
  • 19:00 Rebel Noise eta LC taldeen kontzertua, Monteazpiko terrazan.
  • 19:30 Udalaxpe txistulari elkartearen kalejira. 22:30 San Juan bezperako ekitaldia, Herriko Plazan: errementari dantza eta Gora Arrasate eta San Juan ereserkiak.

Ekainak 24, eguena

11:00 Udalaxpe txistulari elkartearen kalejira.13:00 Monterron parkean, itzulera ekitaldia. 17:00 Mus txapelketa, gaztetxean. 19:00 Ekiñe eta Nhil taldeen kontzertua, Monteazpiko terrazan.

Ekainak 25, egubakoitza

  • 10:30-14:00 Jolasak eta ekintzak, Monterron parkean.
  • 12:00 Monteazpiko terrazan, marianito musikatua.
  • 12:30 Arrasateko Trikitixa Eskolaren kalejira.
  • 19:00 Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Monterron parkean
  • 20:00 Bordan Bizio eta Txerrikumeak, Monteazpiko terrazan.

Ekainak 26, zapatua

  • 19:00 Bertso-saioa, Seber Altube plazan, AEDk antolatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak