Prozesua emaitzaren gainetik jartzen denean

Hasier Larrea 2021ko eka. 18a, 06:00
Erakusketaren inaugurazioan, ikusleak bideo-instalazio bati begira.

Kulturateko klaustroan ikusgai dagoen 'Artean IIII, hamaika izara' erakusketa asteartean amaituko den arren, sormen prozesuari buruzko solasaldia egingo dute gaur Kulturateko Loramendi gelan. Artean adituak diren hiru kide izango dira hizlariak.

Ez da ohiko arte erakusketa izan egunotan ikusleak Kulturaten aurkitutakoa, hori ez baita izan POOK sormen laborategiko artisten asmoa. Kolektiboko kide Joana Manzisidorrek azaldu du otsailetik dihardutela Loramendi gelan "tokiko artista bakoitzaren proiektuak eta lan egiteko moduak nolakoak diren jakiteko" tailerrak egiten. Hala, denbora tarte horretan garatu-takoa kamera bidez erregistratu, eta apiril aldean pilatutako material hori "eragiteko" nahia piztu zitzaien.

Gunearen arkitekturak eta ispiluek "jolaserako aukera" eskaintzen zietela konturatu ziren orduan, eta, bereziki, bideo-instalazioetan eta oihaletan oinarritutako ekimen komuna osatzen joan ziren; Artean IIII, hamaika izara erakusketa da prozesu horren emaitza.

Baina emaitza hitza ez da, Jone Alaitz Uriarte arte programatzailearen esanetan, artistek egindakoa hobeto definitzen duen hitza, prozesua bera baizik; ho-beto esanda, "sorkuntza artistikoaren prozesu ikusezina". Hain justu, gai horri helduko dio moderatzaile lanetan arituko den Uriartek gaurko solasaldian, 18:00etan; Manu Muniategiandikoetxea eta Amaia Urzain arte irakasleak izango ditu bidelagun. Erakusketa bera izango da saioaren abiapuntua, eta balioa emango diote, besteak beste, egitasmoan parte hartu duten artistek elkarrengandik ikasteko izan duten aukerari. Loramendi gelako edukiera betetzeaz bat amaituko dira sarrerak, solasaldia hasi aurreko momentuetan.

Espazio propioa helburu

Artean IIII, hamaika izara erakusketaren aterpean batu direnen aldarrietako bat da "egunerokotasunean aritzeko espazio propioa eskuratzea". Horren harira, Uriartek aipatu du artisten mugimenduak "batez ere hirietan" atomizatzen direla, eta arrazoi horregatik "zaindu" behar direla bereziki herrietan garatzen diren mugimendu artistikoak: "Arrasaten topagune indartsu bat osatzen ari gara, eta garrantzitsua iruditzen zaigu hori bultzatzeko medioak erdiestea".

Momentuz, "harrera ona" izan du Kulturateko instalazioak: "Nahiz eta ohartu garen ez gaudela ohituta prozesu kolektiboan oinarritutako lanak ikustera". Gerora ere izango da antzeko dinamiken berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak