Minetik sortutako poema sendagarrien errezitaldia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko eka. 11a, 10:31

Ekiñe Casado, Elvira G. Luque Elvirus eta Nerea Loron, la Furia eguazteneko aurkezpenean. Argazkia: La Furia.

IRA rap talde feministako kide Elvira G. Luque Elvirus-ek argitaratu berri duen Café sola poema liburua aurkeztuko du etzi, domeka, Arrasateko gaztetxean, 12:00etan, eta La Furia eta Iraitz Agirre izango ditu lagun; Agako.eus atarian, sarrerak erosgai.

Musikarekin lotutako proiektu feministak bultzatzeko asmoz abiatu zuen Arrasaten bizi den Nerea Loron La Furia rap musikariak Mimosa Bulegoa. "Interesgarriak iruditzen zaizkidan ekimen artistiko eta politikoak bultzatzen saiatzen naiz; proiektu pertsonala da, oraingoz, baina ateak zabalik dituena. Ez dut jatekoa ateratzeko asmoz sortu, baina, aldi berean, ilusioa handia sortzen dit Mimosa Bulegoak; izan ere, uste dut beharrezkoa dela diskurtso feminista eta bereziki lan egiteko modu feministak kudeaketa eta erabakiak hartzeko eremuetan egotea. Diskurtso feminista taularen gainean dago gaur egun, eta pozik nago dagoen emakume artista mordoarekin, baina musikaren industrian sartu naizenean amorrazio handiz ikusi dudana da neska artista askoren karrerak gizonezkoen eskuetan daudela; hau da, ohiko eredu patriarkalaren menpe", azaldu du La Furia musikariak.

Mimosa Bulegoak lagunduta, Madrilgo IRA rap talde feministako kide Elvira G. Luque Elvirus musikariak argitaratu berri duen Café sola poema liburua ari da egunotan Euskal Herrian aurkezten. Eguaztenean Iruñeko Katakrak liburu-dendan abiatu zuten bira eta etzi, domeka, Arrasateko gaztetxean borobilduko dute. "Adiskidetasun eta anaitasun sakonak lotzen nau Elvirarekin, musikarengatik eta ezinbestekotzat ditudan gauza askorengatik. Elvira ezagutzera emateko egin ahal den guztia egin beharrekoa dela uste dut; oso lan garrantzitsua egiten duen arren, ikusgarritasun gutxi duela uste dudalako. Justizia poetikoa da Euskal Herrian Elvira ezagutzea", dio La Furiak.

 IRA rap talde feministako kide Elvira G. Luque argitaratu duen Cafe Sola liburuaren Iruñeko aurkezpenean. Argazkia: La Furia.

Gordin eta umorez idatzita

Café sola liburua gordina da, La Furiaren esanetan: "Oso intimoa da, baina, aldi berean, oso unibertsala ere bai. Kontakizun gogorra eta zintzoa da, maitasun eta umore handia ere baduena. Handinahi bakoa –poesia arloan asko estimatzen dut hori–, eta baita ohiko literatura kanonetatik kanpo dagoela ere. Mundu guztiari gomendatuko nioke; bereziki, ohiko ereduetatik kanpo sentitzen direnei".

2017 eta 2019 bitartean idatzitako testuen bilduma da liburua. Egilearen esanetan, barruko mina arintzeko idatzi zituen testuak, liburu bat sortzeko asmo barik. "Oso triste eta depresio gogor batek jota nengoela idatzitako testuak dira. Nire margo beltzak dira. Buruko nahasmenduen eta beste arazo askoren ingurukoak, eta egoera horiei aurre egiteko borrokari buruzkoak ere bai. Psikiatria arloari –profesionalei eta gizartean duen pertzepzioari– ere kritika egiten diet. Oso dramatikoa da, tragikomedia, esango nuke, umorea sarritan erabiltzen dudan tresna oso baliagarria delako. Liburua osatzeko aurrez idatzita eta hortik zehar barreiatuta nituen testu guztiak batu, antolatu eta elkarren arteko loturak egin nituen bildumari zentzua emateko".

Ekiñe Casado Arrasateko musikaria Iruñeko Katakrak liburu-dendan. Argazkia: La Furia.

Bira amaiera, Arrasaten

Domekan Arrasateko gaztetxean borobilduko dute Euskal Herriko bira. "Izugarri eskertuta nago La Furiarekin, oraingoan ere kasu egin, babestu eta lagundu egin didalako", dio egileak.

Aurkezpenetan idazleak alboan izan du La Furia eta baita tokian tokiko "erreferentziazko" emakumeak ere. "Oraindik zabaldik dagoen zauria da liburua, eta, horregatik, aurkezpenak gune seguruak izatea izan da nire asmoa. Guretako erreferente diren tokian tokiko emakumeak gonbidatu ditugu aurkezpen ekitaldietan parte hartzera: Bilbon, Irantzu Varela feminismoan lehen lerroan dagoen artista; Tolosako Bonberenea gaztetxean, bihar, zapatua, Lucia Baskaran idazlea izango da gurekin; Iruñean eguaztenean eta Gasteizen –Jimmy Jazz aretoan, gaur, egubakoitza, 19:00etan–, Ekiñe Arrasateko musikaria izan da; eta etzi, Iraitz Agirre musikaria eta antropologoa izango da gaztetxean. Sarrerak, Agako.eus atarian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak