Itsasoak zeharkatutako bidaiaria, lemazain

Hasier Larrea 2021ko eka. 6a, 09:46

Cristian Levis, baloia hanketan, Basingstoke taldeko elastikoarekin, 2004an.

Cristian Levis Petricorena, Argentinan hazi eta Andaluzian zein Ingalaterran ibilitako futbolari ohia, izango da Mondrako lehen taldeko entrenatzailea datorren sasoian; Osasunako Jagoba Arrasate du ispilu, jokalari izan zeneko azken prestatzailea.

Adituei futbolaren historiako partida gogoangarriena zein izan den galdetuz gero, aise joango zaie gogoa 1986ko Munduko Txapelketara, Argentinak eta Ingalaterrak jokatutako final-laurdenetara. Maradonak sartutako bi golik famatuenekin irabazi zuen haren selekzioak, ingelesen kaltetan. Partidu hark kirolez gaindiko dimentsioa izan zuen, bi herrialdeetan futbolari ematen dioten garrantziaren erakusle. 5 urte zeuzkan orduan Cristian Levisek (Mar de Plata, 1981), eta baloiari lehen ostikoak ematen hasia zen. Inor gutxik esango zion orduan aurkari izandako bi herrialde horietako azpikategorietan egingo lukeela futbolari ibilbidea.

Hala ere, Levisen esanetan, Munduko Txapelketa ez da munduko futbol lehiaketarik ederrena, FA Cup baizik. Pare bat urtez jokatu zuen torneoa, Bosgarren Mailako Basingstoke taldearekin: "Ez dakit ba ote dagoen beste txapelketarik Bederatzigarren Mailako talde xume batek lehen mailako izarren aurka joka dezakeena". Zoritxarrez, zozketek ez zieten "Chelsea-ren edo Manchester United-en aurka" neurtzeko aukerarik eman, nahiz eta gai izan ziren Bigarren Mailako talderen bat mendean hartzeko. Ingelesek futbola nola bizi duten frogatzeko balio izan zion esperientziak: "Zaila da harmailetan 400 zale baino gutxiago ikustea, azken kategoriako partiduak jokoan egonda ere".

Levis, erdian, Basingstoke-n jokatzen zuenean.

Gazteen aldeko apustua

Espiritu hori Mojategira ekarri nahiko lukeela ez du ezkutatzen, nahiz eta badakien taldeak transmititu beharko diela pasioa jarraitzaileei, eta ez alderantziz: "Mondra beti izan dena erakus-tea da asmoa, izaeraz, indarrez eta ilusioz betetako taldea; hori lortzeko esfortzua eta intentsi-tatea dira gakoak, eta ez horren-beste ondo edo polit jokatzea".

EUSKALDUN JATORRIA ERE BADU, NAFARRAK, BIDASOA ALDEKOAK, BAITIRA BERE AMAREN SUSTRAIAK

Futbola "gauza askoren gainetik" jartzen duen horietakoa da Levis, eta jokalariei ere pentsamendu hori transmititzen saiatuko da, "datorrena gogoratzeko moduko urtea" izateko. Proiektu "eder" baten oinarria jarri nahi du hemendik aurrera klubak, eta zuzendaritzak jokalariak motibatzeko pertsona aproposa ikusi du argentinarra; gazte eta gorengoen mailetako gazteak entrenatu ditu azkenaldian; beraz, lehen taldean eskarmentuzko jokalarien erreleboa hartzear daudenak ondo ezagutzen ditu: "Behetik datozenek kalitatezko minutuak jokatzea da erronketako bat, pixkanaka berdegunean euren tokia hartu eta garrantzitsuak izateko". Badaki apustu hori arriskutsua izan daitekeela: "Baina kalitatea badago".

Itsasargia, igoera

Galdera behartua da ea Mondrak ze kategoriatan egon behar duen, eta argi mintzatu da prestatzailea: "Epe ertain-luzera eskuratzeko helburua izan behar du Hirugarren Mailara igotzeak, ikusgarri egon behar duen faroak; baina kirol honetan inoiz ez duzu jakingo ze pasako den, eta trantsizio urte bezala planifikatutako denboraldia sekulako lorpenez betetakoa izan daiteke, eta, kontrara, apustu sendoa egin eta erdibidean gelditzea ere gerta liteke". Bide horretan, datorren liga multzo bakarrekoa izango delakoan dago, eta, "klasikoa" dela kontuan hartuta, begi onez ikusten du, "urte osoan zehar egindakoak jarriko du-eta bakoitza bere tokian sailkapenean".

Mojategin, gaur egun.

Badu nora begiratu

600.000 biztanleko Mar de Plata hirian jaiotakoak Cadetes de San Martin eta Quilmes izeneko klubetan jaso zuen formakuntza futbolari gisa. 18 urterekin Alejandro Giuntini agenteak, Boca Juniors-eko futbolari ohiak, Andaluziako Isla Cristina ekipoan jokatzeko aukera eman zion, eta bitan pentsatu gabe bidaiatu zuen Espainiara. Hurrengo urteetan joan-etorrika ibili zen Ingalaterra eta Andaluzia artean: Basingstoke-n pare bat aldiz, San Roque de Lepen behin eta Isla Crisitinan bigarrenez jokatu zuen.

Bitartean, eibartar bat ezagutu zuen, gaur egun bere emaztea dena, eta, familia osatu nahian, "bizimodu lasaiago baten bila" jo zuten Eibarrera, gaur egun ere bizitoki duten herrira. Ondoko herrian, Elgoibarren, jokatu zituen futbolari gisa azken urteak, eta bertan egin zuen topo Jagoba Arrasaterekin. Hitz onak besterik ez dauzka bere entrenatzaile izandakoarentzat: "Goi mailara kategoria guztiak ondo ezagutzen dituelako eta, batez ere, taldeak kudeatzeko duen gaitasunagatik iritsi da".

Oraindik harreman ona mantentzen du Berriatukoarekin, eta. Osasunaren lan-saioak ikustera ez ezik, klubaren instalazioak eta filosofia ezagutzera ere gonbidatu zuen behin, Mondrako bi ordezkarirekin batera: "Baita bazkaltzera ere!".

Hark izan zuen eraginik Levisek botak eskegi eta aginduak emateko hautua egiterakoan. Elgoibarren bertan entrenatzaile bezala lehen urteak egin eta gero, garai hartan Mondrako kirol koordinatzailea zen Iosu Echevarria ezagutu zuen ikas-taro batean. Hark ireki zizkion "bere etxe" gisa definitzen duen Mojategiko ateak. Klubean "oso baloratua" sentitzen da, "arlo guztietan" laguntzeko aukera ematen diotelako. Egin dioten oparia baliatzen saiatuko da, orain arte bezala, barruan duen pasioa ingurura transmitituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak