Indibidualetik, obra kolektiboa sortzera

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko eka. 4a, 16:10

Artean IIII, hamaika izara erakusketa egin duten artista batzuk, Kulturateko klaustroan.

Emakume sortzaileen Artean IIII, hamaika izara erakusketa ekainaren 22ra arte dago Kulturateko klaustroan ikusgai; ekainaren 18an, lan prozesuari buruz jardungo dute Manu Muniategiandikoetxea, Amaia Urzain eta Jone Alaitz Uriarte artistek.

Arrasateko emakume artistak elkartzeko asmoz Ekin Emakumeak Elkarteak 2014an abiatutako egitasmoa da Artean erakusketa. Harrezkero, bi urtean behineko maiztasunarekin, hiru bilduma erakutsi dituzte Artean, hamaika emakume artista izenarekin Kulturateko klaustroan; martitzenean zabaldu zuten laugarren erakusketa, Artean IIII, hamaika izara izenekoa, eta ekainaren 22ra bitartean izango da ikusgai.

Irekiera ekitaldi ofiziala gaur, egubakoitza, egingo dute, 19:00etan hasita. Ekiñe Casado eta Olatz Urkia musikariak eta Maria Oses idazlea izango dira hamaika artistarekin batera; gonbidapenak agortuta daude.

Oraingoan, obra kolektiboa

Ekin Emakumeak Elkarteak abiatutako egitasmoak erakusketez gainera eman du bestelako emaitzarik ere; izan ere, handik garatu da POOK Sormen laborategia, arte-sorkuntza Debagoieneko hainbat esparrutara zabaltzeko lan egiten duena. "POOKek antolatutako Alfonbra izeneko topaketak baliatu ditugu jarraikortasunez elkartu eta elkarren sortze prozesua eta interesak lantzeko. Topaketa horietan, artista bakoitzak bere ibilbidea eta sorkuntza erakutsi die besteei, modu praktikoan eta baita teorikoan ere. Martxoaren 8aren bueltan egin izan ditugu orain artean erakusketak, eta aurten egun horretatik urruntzea lortu dugu, urteko beste egun batean ere gure presentzia hor egoteko, eta garaipen moduan bizi dugu hori", azaldu du Artean IIII erakusketaren komunikazio arduradun Miren Barrenetxeak.

Hori horrela, aurreko hiru erakusketekin konparatuta, ezberdina da laugarrena; sortzaileen lan indibidualak beharrean, diziplina askotariko artistek elkarlanean sortutako obra kolektiboa da protagonista. "Instalazio bat da. Honen definizioaren inguruan luze hitz egin genezake, baina, labur esanda, bideogintzak pisu handia du. Sortze prozesuan, unean uneko materialaz baliatu gara; topaketetan sortu dugun materiala, esperientzia eta gogoetak pilatzen joan gara, eta, elur pilota bat balitz bezala, handitzen eta handitzen joan da, azken emaitza sortu arte".

"Esperimentazioan oinarrituta"

Orain dela hainbat hilabete egin zuten Alfonbra topaketako lehen elkartzetik azkenera arteko esperientzia artistikoen eta eragiteen lekukoa dela erakusketa azaldu dute artistek: "1,5x2 metroko alfonbraren litsak iruten, 5,62x2,80 metroko izara bihurtu dugu. Hemen gaudela, lanean ari garela eta lanerako espazio bat dugula adierazteko aldarri bihurtu dugu klaustroaren erdian dagoen izara".

Era berean, ikusle aktibo baten beharra aldarrikatzen dute erakusketako bultzatzaileek: "Artea ikusi, irakurri, ukitu, entzun eta bizi egin behar da. Gure artearekiko jakintzak, oro har, gizartearenak, oso murritzak dira, eta dena erraz ulertzea espero eta nahi dugu, baina artea pentsatzeko erreminta bezala ulertzen dugu guk, hausnartzeko eta gizaki autonomoa eta librea izateko".

Solasaldia ekainaren 18an

Prozesua gaitzat hartuta eta taldeko Jone Alaitz Uriartek gidatuta, Manu Muniategiandikoetxea eta Amaia Urzain artistek solasaldia egingo dute ekainaren 18an, 18:00etan, Kulturateko Loramendi gelan. Edukiera mugatua izango du.

Artistak

  • Arrasatekoak:
    • Helena Azkarragaurizar Jauregi
    • Amaia Albes Garitano
    • Miren Barrenetxea Iñarra
    • Euri Bruña Iturbe
    • Lexuri Doyague Loiti
    • Joana Manzisidor Akizu
    • Sara Miguelez Garitano
    • Maddi Urizar Altuna
    • Jone Alaitz Uriarte Iriarte

  • Bergarakoa:
    • Amaia Santamaria Andres
  • Oñatikoa:

    • Amaia Martinez de Arenaza Yarza

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak