Eskola tailerra egokituko dute Hondarribia kalean

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 3a, 11:35

Hondarribia kaleko 1-3 atarietan eskola tailerra egiteko lanak hasi dituzte.

Santa Marina auzoan, Hondarribia kaleko 1-3 atarietako eraikina, udal jabetza duena, gizarte-bazterkeria egoeran dauden herritarrei zuzendutako eskola tailerra izango da, LAN-r-BAI programaren baitakoa, eta jada hasi dituzte eraikina egokitzeko lanak.

Arrasateko Udal Gobernuaren LAN-r-BAI programaren baitan, gizarte-bazterkeria egoeran dauden herritarrei zuzendutako eskola tailerra egokituko dute Santa Marina auzoko Hondarribia kalean, eta helburua da pertsona horiei prestakuntza eta laguntza eskaintzea.

Duela astebete inguru hasi zituzten horretarako lanak, nahiz eta hasiera batean 2020ko azaroan zegoen aurreikusita obren hasiera. Edozelan ere, Bergarako Construcciones Artzamendi enpresa ari da lanak egiten eta ezustekorik ezean, lau hilabete inguru beharko dituzte bukatzeko –lizitazioa 110.000 eurokoa izan da–.

Ibilbide pertsonalizatuak

Duela bi urte pasatxo, 2019ko martxoan, abiatu zuen Gobernuak LAN-r-BAI programa, eraikin berean –garai hartan egoera kaxkarragoan zegoen–. Helburua da "ibilbide inklusibo pertsonalizatuak sortzea". Hori, hain zuzen, egokitutako prestakuntza-enpleguaren bidez eta laguntza sozio-hezitzailearen bidez egin asmo dute: "Programak erabiltzaileei baliabideak eta tresnak transferitu nahi dizkie, gizarteratzeko eta hezkuntzarako laguntzaren eta prestakuntza teoriko-praktikoaren bidez ibilbide bat gara dezaten".

Programa "berritzailea"

Finantzazio europarra jaso duen programa "berritzailea" dela adierazi zuen Gobernuak bere garaian, eta eraikinaren egokitzapena "pausu garrantzitsuena" dela. Parte hartzeko, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Foru Aldundiko Gizarteratze sailean bazterketa-egoeraren balorazioa egiten diete herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak