Beilatokiaren kokapenarekin ez daude ados

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 25a, 20:07
Aitor Agirreurreta, Juan Mari Belategi eta Itziar Izquierdo, Ignacio Zuloagako bizilagunak.

Ignacio Zuloaga kaleko hainbat bizilagunek ez dute egoki ikusten San Felipek beilatokia kale horretan jartzea. "Adierazi gura dugu kokapenarekin ez gaudela ados eta iritzia plazaratzea gura dugu, uste baitugu ez garela iritzi hori daukagun bakarrak izango", diote. Babesa lortzeko asmoz, sinadura bilketa abiatuko dute bihar, eguaztena.

"Eskertzen dugu San Felipek urte hauetan guztietan bere kudeaketan egin duen lana, eta ulertzen eta onartzen dugu zergatik nahi duen tanatorio zerbitzua emateko lokal berri bat erosi. Baina ez gatoz bat haiek proposatutako kokalekuarekin", azpimarratu dute. 

Hainbat arrazoi eman dituzte kokapena egokia ez dela argudiatzeko. Batetik, jende asko ibiltzen den gunea dela diote. "Herriaren erdigunean, tabernaz eta terrazaz inguratuta dago, eta tokiko jai-giroa dago. Herriko jaietan izaten den giroaz eta zarataz gain, eta batzuetan inguruan egiten diren musika kontzertuez gain". Bestetik, beilatokia hor jartzeak, inguruan dagoen aparkaleku faltaren arazoa areagotuko lukeela ere uste dute.

Horrez gain, hildako senitartekoak eta senideak zaintzeko eta kaleratzeko ere ez dute egoki ikusten. "Momentu zailak bizi izaten dira heriotza baten ondoren eta toki hori nahiko alaia da".

Udal Gobernua, laguntzeko prest

Adierazi dute Maria Ubarretxena alkatearekin ere batu direla eta Udal Gobernua prest azaldu dela lokal egokiago bat aurkitzen laguntzeko. "Hainbat lokal proposatu dizkio San Feliperi, Kataide eta Markulete, gure ustez egokienak beilatoki zerbitzurako. Era berean, lokal egoki bat bilatzen laguntzeko prest daude, guztien beharrak eta nahiak asetzeko".

Horregatik, San Feliperi eskatzen diote onar dezala Gobernuaren eskaintza, kokapen hobe bat bilatzeko. "Bene-benetan, beilatokiaren kokapenean adostasun batera iritsi ahal izatea gustatuko litzaiguke, eta hori posible dela uste dugu. Garrantzitsua da bertako biztanleek nahi dugun herri eredua. Herri parte-hartzaile eta bizi batek ahalegin kolektiboa eskatzen du, non iritzi eta jarduera desberdinak onartzen eta gauzatzen diren, betiere errespetuan oinarrituta".

Sinadura bilketa, bihar hasita

Ignacio Zuloaga kalean dauden 2, 4, 6 eta 8 atarietako 40 etxebizitzetako bizilagunek 38 sinadura aurkeztu zituzten maiatzaren 13an BAZen, kokapena aldatzeko eskatuz. Hala ere, orain herrira zabaldu gura dute haien kexa. Horretarako, esan moduan, sinadurak biltzen ibiliko dira Sebero Altube plazan, bihar, etzi eta etzidamu, 19:30etik 21:00etara eta hilaren 29an eta 30ean (zapatu eta domeka), 12:30etik 14:00etara eta 19:30etik 21:00etara. Ondoren, haien asmoa da emaitzak helaraztea San Felipe Elkarlaguntzari ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak