Maite Agirre: "Herrian zerbitzu asko egotea ezinbestekoa da"

Jone Olabarria 2021ko mai. 24a, 12:24

Bezero bakoitza "bakarra" den filosofiari eutsiz, pertsonen poztasuna baloratzen du gehien bere lanean Agirrek. Estetika eta tokiko zerbitzuen garrantziaz aritu da.

Estetika zentrora sartu, eta bezero batekin berbetan ari da Maite Agirre, telefonoz. Laser depilazioari buruzko informazio eskean deitu du Amagarara. Zentrora gerturatu eta lehen kontsulta bat egitea proposatu dio Agirrek, doan. Goiena 0km gida-ren bitartez, aplikazioa erabilita, hitzordua egin eta tratamendu ugari egiteko aukera eskaintzen dute Agirrek eta bere lantaldeak, baita estetika produktuen aholkularitza eta salmenta ere.

Zurean bezero bazina zer tratamendu jaso nahiko zenuke? Zergatik?

Aurpegirako edo gorputzerako tratamenduren bat, zalantza barik. Plazer hutsa direlako, erlaxatuta eta guztiz biziberrituta irteten delako.

Zenbat urte daramatzazu estetika arloan lanean?

Dagoeneko 30 urte daramatzat Amagaran lanean, eta aurretik beste hamabost urte egin nituen ile apaindegi batean lanean, estetika kabina txikitxo batean tratamenduak egiten.

Estetika arloa eta moda oso lotuak egon dira; zaintzen duzu hori ere?

Bai, jarraitzen dut. Hala ere, nork bere ezaugarri eta gaitasunak ezagutu behar ditu, eta tendentziak horretara moldatu; norberaren egin, azken batean.

Zeri erreparatzen diozu gehien zure lanean?

Bezeroen azalaren egoerari erreparatzen diot gehien; azala mamitsua duten, bizitasunari... Edo erretzailea den; kalte handia egiten du azalean horrek.

Zu ez zara erretzailea izango...

Ez; izan nintzen gaztetan, baina laga egin nuen. Erretzailearen azalak asko sufritzen du, eta, estetika profesionala izanda, eredugarri izan behar dut.

Asko zaindu behar duzu irudia?

Irudi ona proiektatu behar da, eskaintzen den horren emaitzaren isla izan. Era berean, eskaintzen dena probatu eta ezagutu behar da.

Zer da lan honen onena? Eta, kontrara ere, txarrena?

Bezeroaren poztasuna da onena, tratamendu baten ostean bere esker ona eta gustura geratu dela ikustea. Okerrena, aldiz, bezero batzuen errespetu faltak: txanda hartu eta huts egitea, ez abisatzea... Zorionez, oso bezero fidelak eta onak ditugu, eta gutxitan gertatzen zaigu horrelakoren bat.

Gertutasuna aipatuta, baduzu ohiturarik kanpora erostera joateko?

Egia esanda, ez; egunerokoan, Arrasaten erosten dut. Herrian bertan zerbitzu asko egotea ezinbestekoa da.

Eta Internet bidez?

Interneten egon behar da, eta negozioa ezagutzera eman, baina ni ez naiz oso iaioa sarean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak