Gay sauna batean hiru gizonen arteko ezusteko topaketatik abiatzen da Lurrun minez antzezlana. Protagonistak dira saunako langile bat, institutuko irakasle bat eta lehen aldiz ha-lako enkontru batera doan gazte bat. Kontakizuna erlijio kutsuko sinbologiaz beteta dago: Gabon gau batean gertatzen da elkarrekintza guztia, eta Jesus da protagonista gazteenaren izena. "Mistikotasuna eta kontrastea" bilatzeko egin dute aukeraketa hori, Olatz Gorrotxategi obraren zuzendariaren arabera: "Ikusleak txortan egi-teko batu diren mutilen arteko gorabeherak jasoko ditu, eta, era berean, iruditeria erlijioso batekin egingo du topo".
Galder Perez gidoilariaren "hitz joko trebeei" antzerki forma emateaz arduratu da Gorrotxategi. Ez da lehenengo aldia biek batera lan egiten dutena; "aspalditik" ezagutzen dute elkar, eta 2019an jardun zuten elkarrekin, Mari eta galleten fabrika antzezlanean: "Orduan eroso ibili ginenez, obra zuzentzeko pertsona egokia nintzela ondorioztatu zuten Perezek berak eta aktoreek".
Anbientazio "berezia"
Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano antzezleak dira testuaren zama eramaten dutenak, Joseba B. Lenoir musikariaren presentzia eszenikoaren konpainian. Laugarren pertsonaia horri buruz galdetuta, zuzendariak dio gainontzekoak baino "anbiguoagoa" dela bera: "Non dagoen oso ondo ez dakigun voyeur itxurako artista".
Gitarra-jole beratarrak antzezlanerako propio konposatutako "material interesgarria" jotzen du zuzenean, gitarraren, pianoaren, sintetizadoreen eta ahotsaren laguntzarekin. Osagarri melodiko hutsa izatera mugatu baino gehiago, pertsonaiak "ulertu eta sentitzeko bidea" irekitzen dute haren erritmoek, lanari "identitate eta estilo propioa ematearekin batera, ikusleari ihesbidea" bermatuz.
Kontaketa garaikidea
Eta kontatzeko moduari erreparatuta, ikuskizunak plastika eta antzerkigintza garaikidea proposatuko ditu, denbora eta espazio lerroak hautsita. Hori nola egingo duten azaldu du Gorrotxategik: "Lurrun minez obraren dekoratua biratu egiten da, eszenak hainbat tokitatik ulertu eta sentitzeko".
Teknika hori baliatzen dute hiru mutilen arteko erlazioaren "konplexutasuna" adierazteko: "Proposatzen dugun sexu triangeluan, lehen begirada batean badirudi pertsonaia bat txarra dela, berez, baina, bigarren irakurketan, perspektiba berri batekin, hobeto ulertzen ditugu eurak eta inguruan gertatzen zaiena", dio zuzendariak.
Xehetasun gehiago
Mauma konpainiaren ekoizpena idatzizko formatuan ere eskura daiteke, Susa argitaletxeak eta EHAZEk (Euskal Herriko AntzerkiZale Elkartea) kaleratu baitute elkarlanean.
Obrak iazko Zinegoak jaialdian ikusi zuen oholtzaren gainean argia lehenengoz, oraindik testua guztiz osatugabe zegoela. Ofizialki Loraldiak jaialdian aurkeztekoa bazen ere, pandemiak eragindako geldialdiaren ostean estreinatu zuten, joan den urrian, eta otsailaren 20an hasi zuten bira, Beran. Hiru hilabetean zehar, Oiartzun, Eibar, Agurain, Galdakao, Hernani eta Elorrioko aretoetan aurkeztu dute, besteak beste.
Domeka honetan, hilak 23, arratsaldeko zazpietan hasita izango dute arrasatearrek desioz, pasioz, botere harremanez eta bortizkeriaz blai datorren hiruki sozial, erotiko eta politikoa osatzen duten protagonisten istorioan murgiltzeko aukera.