Inoiz ez da berandu errekorrak hausteko

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 21a, 20:00

Euskadiko Txapelketa irabazi berri du Maria Jose Gilek Durangon, eta 800 eta 1.500 metroko probetan Espainiako errekorra ondu du, 80 urteko kategorian: "Helduei esango nieke ez geratzeko etxean, mugitu beharra dagoela!".

Domekan, master kategoriako Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zuten Durangon, eta, 80 urterekin, Maria Jose Gil izan zen bere kategoriako onena. "Ondo ari nintzen entrenatzen eta entrenatzaileak esaten zidan errekorrak ontzeko moduan nengoela. Nik halakoetan esaten diot uzteko bakean, nire helburua lasterketak amaitzea izaten dela [Barre]". Urrea irabazi bai, baina Espainiako errekorra hautsi zuen bai 800 metroko proban (4.15) eta baita 1.500ekoan ere (8.25). "Bai, aurreikusi baino hobeto joan da txapelketa".

Kirola, zoriontasun iturri

Maria Jose Gilek lasterketetako distantziak adinera egokitu baditu ere, lehenago maratoietan ere jardundakoa da: "Eta gehien maite izan dudan modalitatea krosak izan dira; indarra neukan hanketan eta ondo moldatzen nintzen. Orain, pistan ez dut horrenbeste gozatzen, baina gustura ibiltzen naiz entrenatzen. Niretako hori da onena, egunero egiten dudan korrikalditxoa".

Lehen maratoia, 57 urterekin

Arrasatearra berandu hasi zen atletismoan. Berak ere ez daki zenbatetan izan den Euskadiko edo Espainiako txapeldun. Europako eta Munduko Kopako txapeldun ere izan da, beterano mailan beti. 57 urterekin egin zuen lehengo maratoia, Donostian, 1993an; arrasatearrak urrea jantzi zuen bere kategorian. Baina 1994an egin zuen markarik onena maratoian: "3.30eko denbora egin nuen. Entrenatzen nik uste dut kilometro gehiegi egiten genituela. Arrasaten zenbait buelta ematen genituen eta Osintxura joan-etorria egiten genuen ondoren, pasada ederrak hartzen genituen".

Ibilbide horretan, baina, zenbait traba gainditu behar izan ditu. Duela gutxi, koronabirusa pasa dute etxeko guztiek, eta aitortu du ez duela erabat gainditu, albo-kalteren bat utzi diola; tarteka, buruko mina, jateko gogorik eza… Baina 2007an eskuin hankan izandako tumoreak ez bazuen geldiarazi, ezta 2012an izandako bularreko minbiziak ere, COVID-19ak jai dauka. Hain zuzen, 2012an, bularreko minbizitik errekuperatzen ari zela korrika egiten jarraitu bai baina lehiatzeari uzteko erabakia hartu zuen. Eta halaxe adierazi zion Arrasateko Atletiko Taldeko ordezkari Fernando Zufiriari. Ez zioten halakorik egiten utzi; konturatu orduko, Durangoko beteranoen taldean zegoen: "Badakit geratzen banaiz garabi batekin jaso beharko nautela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak