Detroit Mercy Titans taldean jokatuko du Irene Muruak datorren denboraldian

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 19a, 12:41

Irene Murua, Lousiana Tech taldeko jantziarekin.

Urtebete egin du Louisiana Tech unibertsitateko taldean eta egindako denboraldiarekin pozik dago. Onartu duenez, halere, Detroitetik iritsi zaion eskaintzari ezin izan dio uko ekin. "Hiri handi bat da, gauza asko egiteko aukera eskaintzen duena, eta arlo akademikoari dagokionez ere aukera ona da niretzat. Entrenatzailearekin hitz egin nuen bideo-dei bidez eta daukaten saskibaloi proiektuak oso itxura ona du".

Louisianako taldean beste hiru denboraldi geratzeko aukera zuen, baina hainbat eskaintza iritsi zaizkio, eta Detroitekoak asko erakarri du, aipatutako arrazoiengatik. "Louisiana Tech taldearen liga bereko taldea da Detroit Mercy Titans, Division One ligakoa, hain zuzen, baina beste konferentzia batekoa", gaineratu du.

Gogotsu eta ilusioarekin

Gaur egun, Lousianan dago, oraindik klaseak ez dituelako amaitu. "Maiatz bukaeran Arrasatera itzuliko naiz eta gero, uztailean, Detroitera joango naiz, aurre-denboraldia egitera", dio.

Era berean, datorren denboraldira begira "oso gogotsu" dagoela onartu du. "Proiektu eta toki on batera noa. Jokalari berri asko egongo gara eta hasieran apur bat zaila izango da harreman berriak egitea eta taldera egokitzea. Baina entrenatzailearen planteamendua asko gustatzen zait eta ilusioz noa", gaineratu du.

Egindako denboraldiarekin, pozik

Louisianako taldearekin konferentziako play-off-etako finalaurrekoetaraino iritsi da Murua eta ezin irabazi izanagatik pena apur bat duen arren, pozik dago egindako denboraldiarekin. "Bizi dugun egoera kontuan hartuta, apur bat arraroa izan da, protokoloengatik. Maskararekin entrenatzea, adibidez, oso gogorra egin zait, baina horrez gain, ondo joan da. Zortea izan dugu, partidu guztiak jokatu ahal izan ditugulako eta taldean ez dugulako kasu positiborik izan", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak