Natura, jolasa, sormena eta artea uztartuko dituzte hilaren 29an, 'Natura Jolasean' ekimenarekin

Hasier Larrea 2021ko mai. 14a, 12:37

Naturan Jolasean ekitaldiaren seigarren aldia antolatu dute LEKek, Besaide Mendi Elkarteak, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanbladak eta Txatxilipurdi Elkarteak. Gaur bertan Zer da zuretzako naturan jolastea? galderarekin erronka luzatuko diote herritarrei, sormena, artea eta material anitzak baliatuz erantzuteko.

 Natur guneek ezohiko egoera honetan "balio erantsi berezia" eskuratu dutela-eta,  eremu hauekiko  hartu emana berreskuratzen jarraitzeko mezua zabaldu nahi dute Natura Jolasean ekimenaren antolatzaileek, espazio horien balio, begirune zein zaintzari garrantzia emanaz: "Gure askatasun zein aisialdiaren babesgune nagusi bilakatu dira natur gunean, horren adierazle argiak izanik azken aste-bukaeratan mendi inguruetan batu izan diren jende multzoak herrietako tontorretan, –Arantzazun, Araotzen, Urkiolan ...–, inoiz ikusi gabeko irudiak".

Aurten ere ekimenari eusteko "premia berezia" sumatu dute, eta ondorioz, badira jada aste batzuk 6. edizioaren prestaketa lanetan murgildurik dabiltzala. Gaurtik aurrera erronka bat zabalduko dute herrian, non, Zer da zuretzako naturan jolastea?  galderari erantzuten saiatuko beharko diren gazte zein helduak, sormena, artea eta material anitzak baliatuz.

Ekintza ugari egun osoan zehar

Bi aste geroago, maiatzaren 29an zehazki, Naturan Jolasean eguna egingo dute Santa Barbara azpiko natur eremuan, hau da, Arimazubi gunearen parean: "Arrasatearrak familian, lagunartean edo eta bakarka beraien arte lanak, ekartzera animatuko ditugu, bertan jarriko dugun zuhaitz zintzilikarian lanak eskegi eta erakusketa kolektibo bat osatzeko". Lan honetarako, POOK artista elkarteko kideen laguntza ere izango dute.

Horrez gain, parte hartzea sustatzeko, animatzen diren herritarren artean, Berdean Heziko hiru  otar zozketatuko dituzte, Olgetan jostailu dendaren eskutik. Egunean bertan bestelako ekintza batzuk ere eramango dituzte aurrera eremu beraren bueltan: goizean zehar Udalako Ingurumen Eskolako eta Guraso.eus proiektuko lagunekin batera, ibilbide gidatua egingo dute inguruko flora ezagutzeko asmoz. Bestetik, arratsaldean mural-collage erraldoi bat osatuko dute auzolanean, eta egunarekin amaitzeko, ekitalditxoa izango da hitzartze, zozketa zein talde argazkiarekin.

Jarraian, egitarau zehatza:

  • 11:00etan, Erakusketa kolektiboa martxan jarriko dugu.
  • 11:30ea, KaleNATURA ibilbide gidatua (Maiatzak 1 plazatik abiatuta).
  • 16:00etan, “Mural-collage” erraldoia estilo libre-espontaneoan.
  • 18:00etan, Naturan Jolasean ekitaldia.

Galdetegia eta bideoa

Eguzki zein euri, ekimenak aurrera egingo duela eta toki berean mantenduko dela nabarmendu dute antolatzaileek, baita deialdia adin tarte guztietara zabalik dagoela ere. Gainera, derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea eta talde txikitan aritzea. Azkenik, asistentzia neurtze aldera, ondoko galdetegia bete beharko dute parte hartzaileek: https://labur.eus/naturanjolasean_izenematea.

Arte lanen sormena errazte aldera, eredu ezberdinak barne biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak