Musika elektronikoa 'streaming' bidez, Arrasateko Gomestio baserritik

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 10a, 19:05
Dantz Point-eko promozio bideoko une bat.

Dantz Point, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako musika elektronikoko jaialdia eguaztenean hasiko da, Divorce From New York artista donostiarrak egingo duen lehen saioarekin –Alvaro Granda, benetako izenez–: This ain't Jazz No More disko berria (Forbidden Colours, 2021) aurkeztuko du Arrasateko Gomestio baserrian, eta streaming bidez entzun ahal izango da, 20:00etan, Dantz-eko sare sozialetan.

Aurten, Dantz Point Gipuzkoa 2021 programa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ezinbesteko hitzordu bihurtuko da Gipuzkoako espazio berezienak berriz aurkitzeko, ezagutzera emateko eta sendotzeko, bai bertako ikus-entzuleen artean bai nazioartean. Gainera, musika abangoardista eta elektronikoenaz gozatzeko bidea emango du, toki horietara hobekien egokitzen dena, moldagarria, malgua eta estiloz aniztuna denez.
 

Ondarea eta abangoardia

Ondarea eta abangoardia batuko dituzte aurtengo Dantz Point jaialdian. Hala, Gipuzkoa eta haren ondarea musika elektronikoaren munduko mapan kokatuz. "Dantz Point 2021 Divorce From New York-en lanarekin hasiko du bere denboraldia, bere lan luze berria aurkeztuz, This Ain't Jazz No More (@ForbiddenColours). Bertako, estatu mailako eta nazioarteko kritika bikainak jasotzen ari da, ete bere lehen zuzenekoa maiatzak 12an argitaratuko da, 20:00etan gure plataformetan", adierazi du Jokin Telleria Dantz programako arduradunak.
 

Musika elektronikoa, XV. mendeko baserritik

"Gomestio, Arrasateko XV mendeko baserria zen, ondare altxorra, egurrezko egituren garaia primeran isladatzen du. Egitura mota hauek oso tipikoak ziren Euskal Herriko baserrietan, eta tolareak izaten zituzten baserrien barnean. Bere egurrezko habeak elementu baliosoenak dira eta Dantz Point honetan oso presente egongo dira, agerian baitaude", adierazi du Telleriak.
 

Urkulun ere izango da saioa

Arrasateko saioaren ostean, ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa dute lurraldeko beste hainbat toki ezagunetan, eta aurrerantzean joango dira zehazten datak eta tokiak. Dagoeneko, ordea, konfirmatu dituzte leku batzuk: Zumarragako Antiguako baseliza, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria, Aretxabaletako Urkuluko urtegia, eta Hernaniko Txillida Leku. Aurten, ikuskizunak online emango dituzte, baina, egoerak hobera egiten badu, formatu hibridora joko dute: alegia, Internet bidez ez ezik, aurrez aurre ere ikusi ahalko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak