"Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan ditugun indarkerien gaineko 'errelatoari' bere ekarpena egin nahi izan dio Bikila-k, urteetan idatzitako iritzi artikuluen bilduma plazaratuta", azaldu dute Intxorta 1937 elkarteko kideek.
Hedoi Etxarte kazetariak, liburuari hitzaurrea egin diona, horrela laburbiltzen du librua: "Iriarteren liburu honek baditu hiru ardatz: indarkeria orokorra, indarkeria zehatza eta munduaren eraldaketa. Pieza diferenteekin osatutakoa da (atal batzuk aurrez publikatu ziren, beste batzuk berriak dira) beraz bada konpilazio bat eta bada ekarpen berri bat. Liburuaren kezka nagusia irakurketa historikoa da. Ibilbide politiko bat egiten du garaiz garai, estrategiaz estrategia ETAk ze ibilbide egin duen eta bera non kokatu den ibilbide eta estrategia horiekiko. Beraz bada, zentzurik onenean, bizitzako zikloaren amaieran, militante batek atzera begira beti garrantzitsu jo duen gai baten inguruan egiten duen irakurketa bat".

Gaur egun, EH Bilduko militantea da
Joxe Iriarte Zabaleta Bikila (Orereta-Errenteria, 1945) 19 urte zituela hasi zen militantzia politikoan, ETAn eta CCOOn. 1966an atxilotu zuten lehen aldiz eta handik urtebetera klandestinitatera pasa zen. 1970ean, ETA VI. Asanbladaren buruzagitzan parte hartu zuen eta Liga Komunista Iraultzailearen sortzaileetako bat izan zen. 1976ko amnistiarekin herrira itzuli zen. 1990ean, LKI eta EMKren arteko fusioan parte hartu zuen. Zutik-eko kide gisa Lizarra-Garaziko Hitzarmena sinatu zuen 1998an eta Gipuzkoako batzarkide aukeratu zuten Euskal Herritarrok-ekin 1999an. 2011n, Gorripidea alderdiaren bozeramailea bihurtu zen 2015ean Alternatiban sartu arte. Egun, alderdi horretako Koordinakunde Nazionaleko kidea eta EH Bilduko militantea da.
Askotariko liburuak argitaratu ditu
Hainbat liburu argitaratu ditu Bikila-k, besteak beste: ¿Los obreros tienen patria? (1991, Gakoa); Orereta, herri borrokalari baten historia (1996, L.Elberdinekin); Borrokaren gorrian (2001, Txalaparta); Ekaitz aroa (2001, Txalaparta). 2016koa da bere aurreko azken lana, Kamaradak eleberria (2016, Txalaparta). Horrez gain, hedabide ugaritan iritzi artikulu eta saiakerak argitaratzen ditu maiz.