Zeta bikotea indartsu azaldu da eszenara

Hasier Larrea 2021ko mai. 7a, 12:12

Duela urtebete hasi ziren musika-bikote gisa elkarlanean Zahara Galan eta Borja Gomez senar-emazteak; joan den martxoan estreinatu ziren jendaurrean, gaztetxean, eta biharko, Aldai parkean lotu dute bigarren hitzordua: "Burugogorrak garelako".

Pandemiaren mugak aukera bezala baliatzen dituen musikaririk bada herrian, Borja Gomez Diaz eta Zahara Galan Fuentes senar-emazteek erakusten duten moduan, bikote musikala osatzera ausartu baitziren iazko konfinamenduan. Ez ziren hutsetik hasi, ordea, Galanek Onna Hikari –emakume askea, japoniarrez– izeneko bikotea osatzen baitzuen Arrasateko beste musikari batekin batera, eta Gomezek, berriz, Arrasate Musikalen formakuntza jaso du, gitarra, pianoa eta baxua jotzen ikasteraino.

"Borjak musikaren inguruko heziketa dauka eta nik, berriz, abesteko bokazioa". Horrela laburbiltzen du Galanek musikarekin daukaten erlazioa, eta, ezer baino lehen, "sortzaileak" direla argi dauka: "Nik egunez egun gertatzen zaizkidanak eta inguruan ikusten ditudanak idazten ditut, eta bikotekidearekin etxeko estudioan joaten gara musika jartzen pixkanaka". Beste talde batzuen kantuak jotzea ez dute oso gustuko, baina onartzen du salbuespen txiki bat egin zutela martxoan gaztetxean jotako kontzertuan: "Publikoak gehiago nahi, eta gure errepertorioa agortu genuelako".

Zortzi kantu, martxan

Zuzeneko hartan jotako kantu propio horiek grabatzeko aurre-produkzio fasean daude orain murgilduta: "Gasteizko produktore batekin jarri gara harremanetan, eta esan digu egiten duguna gustatzen zaiola; bilkurak egiten gabiltza, ea sortu duguna modu txukunean grabatu dezakegun tanteatzen". Kantu gehiago konposatu badituzte ere, hasiera baten, gaztelerazko zortzi abestiko diskoa egitea da euren asmoa. Estiloari buruz galdetuta, ez dute mota bateko edo besteko korronterik jarraitzen: "Kantu bakoitza datorkigun modura egiten dugu". Hala ere, zerrendatu dituzte zenbait erreferente. "Borjari Gojira eta halako death metal taldeak gustatzen zaizkio; nik maite dut Zahara eta Tini Stoessel abeslariek nola idazten eta interpretatzen duten, eta, abesteko moduari dagokionez, Ariana Grande, Whitney Houston eta Adelerengan jartzen dut arreta", dio taldeko abeslariak.

KONTZERTUA ANTOLATZEKO BAZ-EN ESKAERA EGIN, ETA BAIEZKOA JASO ZUTEN, AZKENEAN

Esan eta egin

Jendaurreko debutaren ostean beste kontzertu bat egiteko gogoa piztu zitzaion bikoteari, eta apirilean BAZera igorri zuten mezu bat, ea kaleko kontzerturen bat antolatzerik bazuten galdezka. Hasieran COVID-19ak baldintzatutako ezezkoa jaso bazuten ere, BAZetik maiatzean zehar deituko zietela aipatu zieten, eta oraingoan, erantzuna bestelakoa izan da. Baiezkoa "burugogorrak" izateagatik lortu zutela uste du Galanek: "Ezagunak ez garenez, borroka egitea dagokigu orain, jendeak gu hemen gaudela eta kontzertuak jotzeko prest gaudela jakin dezan, gutxienez". Kontzertua lortzeko saiakerak fruituak eman ditu, azkenean, eta Udalak Aldai parkean emanaldia egiteko aukera eman die.

"Dena" ematera

Gainera, Udalarekin "oso eskertuta" agertu dira musikariak, zapatu arratsaldean edukiko duten baliabiderik ez daukatelako momentu honetan euren eskura. Udal langileak arduratuko dira soinu ekipoa jartzeaz eta emanaldiko azpiegitura muntatzeaz; eta edukiera kontrolatzen, ostera, bikotearen senitarteko eta lagunak ibiliko dira. Aldai parkean dozenaka ikuslerentzat egongo da tokia, beraz, 18:00etan hasiko duten kontzertuan: "Jendeari gu ezagutzeko gonbidapena egiten diogu, eta talde berriei, euren helburuei jarraitzeko, garaiotan ere aurrera egin baitaiteke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak